Xabier Montoia: “Pertsonaia mitikoarengandik urruntzen saiatu naiz, eta mitoaren atzeko lagunarengana hurbiltzen”

lautadako mamua - Xabier MontoiaJuan Diaz de Garaio Sacamantecasen istorioa eraman du Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) Lautadako mamua nobelara. XIX. mendearen bigarren erdian hainbat emakume hil zituen Garaiok Gasteiz eta haren inguruetan. Gertaera historikoetatik abiatuta, fikziozko lana ondu du.

Juan Diaz de Garaio Sacamantecasen istorioa eza guna dugu Euskal Herrian. Zerk bultzatu zaitu haren ibilerak nobela batean jasotzera?

Batez ere, haurtzaroko oroimenek. Ez dakit orain, baina orduan maiz aipatzen zuten Gasteizko amek Garaio.

Galderak zenituen zeure buruan istorioari hel tzerakoan?

Egia esan, galderak baino ez nituen. Garaio, niretzat, mito bat zen, eta ikerketa txiki bat egin behar izan nuen, mitoaren atzean zer zegoen ikasteko. Batez ere, garaiko kronikak irakurri nituen. Kontu harrigarri asko aurkitu nuen horietan, noski. Horietako batzuk oso lagungarriak izan zaizkit nire haurtzaroko Araba hobeto ulertzeko. Hala ere, zehaztasun historikoak zuzen jasotzen saiatu naizen arren, gertakizunen alde literarioaz arduratu naiz, batik bat.

Zerk harritu zaitu gehien? Bestelako Garaio bat deskubritu duzu?

Gure amak aipatutako norbait zen niretzat Garaio, nire haur tzaroko izen bat, besterik ez. Hortaz, dena izan da berri eta harrigarria hasieratik. Asko ikasi dut nire sorterriaz, eta zenbait gauza ulertzen dezente lagundu nau ikerketa lanak. Harrigarriena, agian, XIX. mendeko Araban serial killer bat bazebilela ikastea izan da.

Nobelan ageri dira Diaz de Garaioren inguruan mugitzen ziren pertsonak: haren emazteak, seme alabak, hil zituen emakumeak. Baita hura kartzelan zenean inguruan izan zituenak ere: Juan Gimenez giltzazaina, Esquerro Zaragoza alienista… Denak izen abizenekin. Pertsonaia asmatuak ere badira eleberrian, halere.

Bai, bada, bat baino gehiago, Cristobal tabernaria adibide. Garaioren Somorrostro aldeko ibilerak kontatzen ditudanean ere, nik sortu behar izan ditut hango pertsonaiak, eta berdin beste zenbait gertaeraren berri ematean. Lautadako Mamua nobela bat da funtsean, eta gehientsua du asmakizun, beraz.

Nola bihurtu fikziozko pertsonaia bat iruditeria kolektiboan hain sustraituta dagoen pertsona bat?

Pertsonaia mitikoarengandik urruntzen saiatu naiz, eta mitoaren atzeko lagunarengana hurbiltzen. Asmatu dudan edo ez irakurleak esan beharko, Garaiok berak ezin
baitu deus esan.

Aitor Aranak Sacamantecas nuen aita nobelan ekarri zuen Garaioren historia literaturara 2012an. Lan hartan alabaren ikuspuntutik abiatu zen Arana. Irakurria duzu haren liburua?

Ez. Egia esan, zuri esker jakin dut liburu horren berri. Irakurri egingo dut. Interesgarria iruditzen zait historia ikuspuntu horretatik kontatzea.

Zuk zeuk ez duzu inoiz Sacamantecas goitizena erabiltzen. Zergatik?

Seguru asko, Garaio izan delako nik etxean entzundakoa, eta ez Sacamanteca.

Hari buruzko film bat egiten hasia da David Perez Sañudo zinemagilea. Mende eta erdi pasatu denean, zergatik erakartzen du Garaioren hilketen istorioak?

Hilketa ikaragarriak izan zirelako, nik uste. Industria aurreko Araba hartan bazterrak asaldatu zituen, eta, mende bat geroago, krimen horien oihartzunak entzuten ziren artean Araba osoan. Nik dakidala, gure lehendabiziko serial killera izan zen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina