Leire Vargas “Bihotz museo bat” liburuari buruz
Leire Vargas Nietok (Durango, 2002) bere bigarren poesia liburuarekin, Bihotz museo bat, harremanei, oroimenari eta poesiari beste leku batetik begiratzeko aukera eskaini digu.
Zergatik Bihotz museo bat?
Bihotz museo bat toki fisiko bat da, non –hasiera baten– fisiko moduan ulertzen ez ditugun kontzeptuak gordetzen diren; emozioak eta harremanak, besteak beste. Bihotz museoan gordetzen dira bizipenen azpiko sentipenak, eta gorde nahi du ahots poetikoak maite duen jendea, denboraren, kanpo faktoreen eta bere hutsegiteen eraginetik babesteko.
Zer da liburu honek gordetzen duena?
Oinarrian, eszena txiki asko, intimoak, ezdeusak eman dezaketenak baina une batez norbere bizitzan hil ala biziko bihurtzen direnak eta, aldi berean, patroi orokorragoak ulertzeko gakoak ematen dizkigutenak.
Itsasaldiak, hondarrak eta bestelako etxe bat. Zergatik berba horiek liburua egituratzeko?
Itsasaldiek baldintzatzen gaituzte, haiek agintzen dute nola mugitzen garen. Lehenengo atalean, beraz, era hegemonikoan bizitzea bilatuko du ahots poetikoak, Disneyko maitasun eredu erromantikoari jarraituz, nahi bada. Sostengaezina zaio hori, ordea, eta horrek utzitako min eta ajeak dira hondarrak. Horiek gogoan, norbere eta ingurukoen beharrei entzuten ikastea izango da asmoa, beste toki batetik, bestelako bizimodu bat eraikitzeko: bestelako etxe bat.
Lehen bi atalei begira, nola baldintzatu du memoriarekin harremanak poemen idazketa?
Interes eta bizipen pertsonaletan dute abiapuntua poemek, baina distantzia nahikoa hartu dut haiekiko liburuak kontatzen duena errealitatetik bereizi eta lanaren mesedetan sortu ahal izateko, idatzitakoaren azpian patroi horiek, nolabaiteko egiak edo, hobe, ezarritakoa zalantzan jartzen duten ideiak topatzeko eta hausnarketa horiei tira egiteko.
Bestelako etxea atalean ageri dira “zuek” pluralera bideratutako poema bakanak, zergatik?
Harremanekiko ikuspegi hegemonikoa deseraikitzen hasita, indibidualismotik eta bikotearen zentralitatetik ihes egin eta bestelako sareak eraikitzeko nahia agertzen da: kolektibotasuna dugu noranzko, askotariko harremanen zentralitatea eta zaintza. Maitatzeko eta, finean, bizitzeko modu hori proposatzea ere bilatzen du lanak.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Gazako egunerokoa
- Xabier Montoia: “Pertsonaia mitikoarengandik urruntzen saiatu naiz, eta mitoaren atzeko lagunarengana hurbiltzen” →