Nerea Loiola: “Asko dibertitzen naiz haur eta gazteentzako literatura idazten”
- Ana Abarisketa
- |Elkarrizketak
- |2024-11-08
- |Iruzkinik ez
Eskapu Txiki bildumari hasiera emanez argitaratu berri du Nerea Loiolak (Deba, 1985) Miraren mendekua (Erein) liburua. Aitona, basoa, enigmak eta troll bat agertuko zaizkigu liburuan, eta guztiaren gainetik mendekuari buruzko gogoeta: Noraino eraman gaitzake mendeku goseak?
Miraren mendekua ez da ohiko liburua. Zer topatuko du irakurleak?
Ez da ohiko liburua ez daukalako ohiko liburu baten egitura. Normalean, lehen orritik hasten gara liburuak irakurtzen, eta orriak banan-banan pasatzen ditugu. Miraren mendekuak “hautatu zure abentura” eta ihes-liburua konbinatzen ditu egitura aldetik. Horrek esan nahi du irakurleari momentu batzuetan erabakiak hartzea eskatuko zaiola eta, beste batzuetan, aurrera egiteko enigma batzuk ebatzi beharko dituela. Erabakiak hartzerakoan zenbaki batzuk lortuko ditu, eta zenbaki horiek orrialde zenbakiak izango dira. Orriz orri atzera eta aurrera ibiliko da irakurlea.
Mahai-jolas baten zantzuak ere hartzen dituela esan daiteke?
Mahaigainean ez da ezer jarri beharko, dena liburuan dagoelako, baina jolasteko aukera ematen du.
Nola okurritu zitzaizun halako liburua idaztea?
2021ean hasi ginen molde honetako liburuekin Eskapu izeneko bildumarekin. Txikitan “hautatu zure abentura” estiloko liburuen oso zalea nintzen. Behin konturatu nintzen euskaraz ez zela halakorik egin -nik bere momentuan itzulpenak irakurtzen nituen- eta neuk egitea erabaki nuen. Hala, 7G udalekuak (2022) eta Azken denbora (2023) argitaratu genituen, biak Eskapu bildumaren baitan.
Urte hasieran, semea etorri zitzaidan esanez oso guayak ziren liburuak idazten nituela, baina berak ezin zituela irakurri hamar urtetik gorakoentzat zirelako. Bere adinekoentzat idazteko eskatu zidan. Elkarrekin egingo genuela proposatu nion nik eta hark baietz, bazeukala ideia bat. Hala sortu zen Miraren mendekua, Eskapu Txiki bildumako lehen liburua. Zortzi urtetik aurrerako irakurle hasiberriei zuzendua.
Zein gai lantzen ditu liburuak?
Liburuko protagonista irakurlea da. Narratzailea zuri ari zaizu eta zuk hartzen dituzu erabakiak. Abentura liburu bat da. Magia ere hor dago, baina batez ere mendekuaren gaia lantzen du. Zilegi al da minari minez erantzutea? Noraino eraman gaitzake mendeku goseak?
Gogoetara bultzatzen du hortaz.
Gazteentzako idazten dudanean ez dut helburu pedagogikorik jartzen mahaigainean. Egia da idazten ditudan liburu guztiek badaukatela sakonagoko geruza bat barrutik mugiarazten gaituena. Geruza hori istorioa idatzi ondoren ikusten dut nik ordea. Kasu honetan, mendekuaren gaia atera zitzaigun.
Bildumari jarraipena emateko asmoa daukazu?
Eskapu bildumarekin urtero liburu bat kaleratu dugu. Orain hirugarrena prestatzen ari gara azarorako. Eskapu Txiki bildumako bigarren liburuaren ideia ere badaukat. Ez dakidana da zenbat liburu izango diren. Ez dut nire burua ikusten bilduma luze-luzea egiten, baina sortatxo bat egin nahiko nuke.
Gaztetxoentzat liburu dezente idatzi dituzu. Zure bidea topatu duzu?
2021ean, helduentzako narrazio liburua argitaratu nuen: Epizentroa. Orain, udazkenean, bigarrena kaleratuko dut. Hiru urteko lana izan da, beste lasaitasun batekin aritzen naizelako idazten. Gaztetxoentzako liburuak, berriz, urtebetean egin ditzaket, laburragoak izaten direlako eta beharbada neurria ere hartu diedalako. Asko dibertitzen naiz haur eta gazteentzako literatura idazten. Helduentzako literaturak beste gauza batzuk ematen dizkit, behar ditudanak baita ere, baina txikientzako idazteak badauka beharrezkoa dudan puntu ludiko bat.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Dani Martirena: “Gure liburuak politikoak dira, baina ez dira moralizanteak”
- Goio Ramos: “Fikziozko lana izan arren, liburuan kontatutako gauza asko bizi edo ikusi ditut” →