ASEL LUZARRAGA: “Liburuak ez dira bonbak, garrak baizik”

puta jainkotiarrak - Asel Luzarraga  Askayala ez dago hegaldi komertzialen edo erregaien prezioen mende eta Agus ez da heroi klasikoa; aitzitik, Asel Luzarragak gizarte baten biluztea aurkezten digu, anarkiaren erroetatik tiraka. Bidaia honetan ez da haragizko etsairik agertzen, bai gatazka eder bat: askatasunaren aldeko herrien eguneroko borroka eta Agusen barneko gerra.

Puta jainkotiarrak lanarekin, Esan gabe doa eta Zortzigarren hiria liburuetan hasitako bidaia biribiltzen da. Iraganeko oihartzunek eta gaurko erabakiek topo egiten dute. Hots, lehen bi liburuetan ereindako ideiak, zalantzak eta gatazkak fruitua ematen duten unea da, Asel Luzarragaren ahots literariorik argiena eta zintzoena bilakatuz. Utopiak bilatzea proposatzen digu, eta Askayala proposamen bat da.

Nire koadernoan apuntatu nuen liburuak ez direla bonbak. Baina: irakurlearen kontzientzia astintzeko gai ez balira, nola izan litezke mundua eraldatzeko pizgarri? Agian ez dira lehergailuak, garrak baizik.

Azken lan honek Askayalaren trilogia itxi du. Nola sentitu zinen azken hitza idatzi zenuenean?

Galdera ona. Pentsa, 2009an hasi zen bidaia hau, Wallmapun, eta harrezkero, beste istorio batzuk pentsatu, idatzi eta harilkatu bitartean, trilogia hau hazi eta hazi ibili zen, Buenaventura Durrutik aipatzen zuen mundu berri hura bezala. Edozein unetan, edozein egoeratan, Buenos Aireseko giro militantean izan zein Mundaka eta Bermeo arteko osteratxo lasaietan, burura etortzen zitzaizkidan pertsonaiak, haien gorabeherak eta, batez ere, Askayala: zelan moldatuko zen gizarte horretan honi aurre egiteko? Eta beste horri? Zorion moduko bat sentitu nuen. Lasai hil naiteke orain. Presarik ez badut ere.

Liburu hauetan zure nortasuna agerikoa da, baita zure idazle gogokoenetako batzuk ere, irakurri dituen horrentzat. Nola lagundu dute askatasunaren ikuspegi hau sortzen?

Bitxia izan da, kasu gehienetan, senez pentsatutakoa berrestera etorri direlako. David Graeber edo Murray Boockchin irakurri, eta maiz etortzen zitzaidan burura: hara, Askayala dago hemen! Beste askotan, noski, Askayala moldatzeko osagaiak eman dizkidate; Wilhelm Reich eta Casilda Rodrigañez, esaterako. Asko egin dute bertako jendearen sexu-askatasunaren alde, kar, kar. Batez ere, berretsi didate imajinatzera ausartu eta jolastu barik ez dagoela nora joan.

Askayala leku bizia da, ia ukitu dezakeguna. Ziklo hau itxita, Askayalaren atea behin betiko itxi duzula sentitzen duzu?

Ez, Simun Palsuk badauzka istorioak oraindik kontatzeko. Baina aurrerantzean badakigu zer lurraldetan mugitzen garen, eta ikusiko dugu hor zelan mamitzen diren beste pertsonaia eta egoera batzuk. Joko-zelaia marraztuta dago, nolabait esateko. Jokalariz beteko da orain, pixkanaka.

Askayala trilogiaz berba egiten badugu, zure ahots narratiboaren zintzotasuna nabarmendu behar dugu. Nolakoa izan da ahots horren bilakaera urte hauetan? Estilo literarioaren aldetik, zein hautu hartu dituzu?

Esango nuke gustuko estiloak irakurri ahala zerbait xurgatuz noala, landare baten sustraien antzera. Gero, istorio eta pertsonaia bakoitzak bere ahotsa eskatzen dit, eta funtsezko unea da hori idazten hastean. Kasu honetan, Agusek erraz jarri dit bidea. Haren nortasun jostariari jarraitu diot gehien bat.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina