Asel Luzarraga bere hamahirugarren nobelarekin datorkigu

Asel Luzarragak bere hamahirugarren nobela aurkeztu du: Esan gabe doa. Sistema lehertzera datorren trilogiaren lehen ale honi erantzuten dion irakurleak, utopia klabean idatzitako orriotan aurkituko du bilbotarraren lanik oparoenetarikoa. Gauza jakina da distopia bat idatzi duenak, utopia bat idazteko grina sentitzen duela. Dena delako zeragatik. Bada, Aselek konfederazio literario horretan bere lekua merezi du eta besaulkia lortu bezain pronto molotov koktel batekin lehertzen du. Tamaina horretako odisea horizontalean, behar den adinako maila emanez, beste batzuek aspaldi askatutako Scylla-k gainditzen joango da. (Irakurri +)

Asel Luzarraga: “Liburua idazten hastean imajinatu nituen gauza batzuk errealitatea dira gaur egun”

Bioklik aurkezten duzu, zure zazpigarren nobela, euskaraz. Zer kontatzen du eleberri honek?

Bilbon gaude, 2044an. Unibertsitateko ikasle bati hurrengo ikasturtera pasatzeko proba oso gogorra jarri diote. Familia baten kasua eman diote eta, Unibertsitatetik bidaltzen dizkioten bideoetan oinarrituta (ordurako ez dago Unibertsitate fisikorik ia), txosten bat egin behar du, teorian ikasitakoei lotzeko. Liburu gehiena, beraz, ikasle horrek txostenerako egindako lehen zirriborroa da. Haren bidez, Txetxu Urruti eta Nere Poza senar-emazteek eta Aiora, Xabier eta Naomi haien seme-alabek osatutako familiaren inguruko gertaeren berri ematen zaigu. Txetxu Urruti mekanikaria da, ikasketa urrikoa, eta Nere Poza enpresa bateko zuzendaria. Egun batean, etxean bakarrik geratu ondoren, hilik agertuko da Nere, eta Txetxu atxilotuko dute automatikoki, hiltzailea delakoan. Txostenean, Txetxuren epaiketa izan arteko gorabeherak jasotzen dira eta, horren bidez, garai horretako gizartearen berri ematen zaigu: lana, eskola, kartzela, justizia… Gizarte bioteknologikoa da hura, biodemokrazian oinarritutakoa. Itxura batean, gizarterik askeena, herritarrek edozertarako eman baititzakete euren biobotoak, baita, esaterako, Txetxu epaitzeko ere. Nahi beste bioboto eman daiteke, honen alde zein haren kontra, baina biokredituak behar dira biobotoetarako. Esan dezakegu hori dela hari nagusia, gero txostenetik kanpoko beste hari batzuk zabaltzen badira ere.

Zientzia fikzioaren generoa ez da asko landu euskaraz, ezta?

Egia esan, oraintxe bertan oso liburu gutxi datozkit burura, Fernando Morillok idatzitakoren bat, gazte-literaturako beste bakanen bat… Nire bigarren eleberria ere, “Karonte” zientzia fikzioaren generoan kokatzen da. Baina esango nuke euskal idazleok, oro har, gure orainari eta iraganari gehiago begiratzeko joera daukagula, etorkizunari baino, eta errealitateari oso lotuta idazteko. (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko. (Irakurri +)