Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko.

Azala erre
Danele Sarriugarte

Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, bi artista, Miren eta Jon, eta artea ulertzeko modu bi, talkan. Artistaren galderak XXI. mendearen aurrean: zenbat da obra eta zenbat artistaren marka? Zer gertatzen da pertsonaia guztiz jabetzen denean pertsonaz? Nola kudeatu arrakasta eta nola porrota? Adiskidetasuna eta inbidia, itxura eta itxurakeria, konpromisoa eta kontraesanak, sobreak eta txekeak: horiek guztiak dira Danele Sarriugarteren bigarren nobelaren ardatzak.

Zu entzuteko gaude
Xabier Mendiguren

Hiru ipuinez osaturiko triptikoa, egungo gizartea astintzen duten hainbat gaitz erdigunean jartzen dituena: bakardadea, menpekotasunak dituztenen zaintza eta horrek ekar dezakeen sakrifizioa, bizitzari zentzurik aurkitu ez eta suizidioaren aukera… zikinkeriak pilatu ohi diren alfonbra azpia altxatuko bagenu bezala, agerian geratuko dira ate osteko sekretuak, ahopeko aitortzak, isilpeko minak.

Balou mendikateko kanta
Yan Lianke
Itzulpena: Maialen Marin-Lacarta / Aiora Jaka Irizar

Egungo idazle txinatar inportanteenetako bat da Yan Lianke, mundu mailan ere gero eta eragin zabalagoa daukana, eta haren nobela bat dakargu, inguruko hizkuntzetan itzuli gabea eta zuzenean euskaratuta.

Txinatar familia bateko lau seme-alabek gaixotasun bat dute, erdi fisikoa, erdi mentala (“lau ergelak” deitzen diete). Aitak, gaixotasuna berak transmititu diela jakitean, bere buruaz beste egiten du. Amak bakar-bakarrik atera behar du aurrera familia, eta ahaleginak eta bi egingo ditu seme-alabei senar-emazteak bilatzeko. Oso istorio makabro, gordin eta ankerra da (bai gurasoek seme-alabak tratatzeko moduari dagokionez, bai herritarrek familia horrekiko dituzten aurreiritzi eta sinesmen tradizionalei dagokienez…), baina badira momentu eder eta hunkigarriak ere (amaren ahaleginak seme-alabak kosta ahala kosta sendatzeko, seme-alaba “ergelen” inozotasun eta tolesgabetasuna…

EZTABAIDA

Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk
Joxe Azurmendi

Liburu hau osatzen duten saioetako bat multikulturalismoaz eta mestizajeaz ari da, globalizazioaz eta unibertsaltasunaz, négritude mugimenduaren historiatik abiatuz eta gaur egungo hirietaraino etorriz; beste batean, herri zapalduek oro har autogorrotorako izan duten joera erakusten zaigu, judu zenbaitek bere jatorriaz izan duten jokabidearen argitan: dela mespretxu eta ukoa, dela itxurazko goratze baina izatezko ahaztura; hurrengo batek historiaren objektua beti eraikuntza bat dela gogorarazten digu, eta iragan asmatuak herri baten sorreran eta bilakaeran daukan garrantzia azpimarratu, hainbat adibide erabiliz: Asterix galiarraren balentriak, Karlos V.a enperadorearen genealogiak, mito zaharrak eta utopia berriak…

Lau saiakera labur, egileak ohi duen estilo ñabar eta bizian, edukietan jantzia eta tonuan zirikatzailea, arrazoiketan malgu baina usteetan finko, erreferentzietan kosmopolita eta keinuetan etxeko. Izan ere, zernahitaz ari dela ere, gutaz ari baita beti Azurmendi, oroipenez eta itxaropenez bizirik jarraitu nahi duen euskal herri baldar baina hala ere maite honetaz.

Homo sapiens
Yuval Noah Hariri
Itzulpena: Andoni Sagarna eta Xabier Kintana

Garrantzirik gabeko tximino izatetik munduaren jabe izatera nola iritsi garen kontatzen zaigu liburu liluragarri honetan, argi eta modu ulergarrian, era honetako galderei erantzunez: nola gailendu zen gure espeziea? Gure arbaso biltzaileak zergatik elkartu ziren hiriak eta erresumak sortzeko? Nolatan iritsi ziren jainkoetan, nazioetan eta giza-eskubideetan sinestera, edota diruan, liburuetan eta legeetan konfiantza izatera? Nolakoa izango da mundua hurrengo milurtekoetan?

LEKUKO

Uda bat Kurdistanen
Zekine Turkeri
Itzulpena: Gerardo Markuleta / Eneko Gartzia Barriocanal

Zekine Türkeri kazetari kurduak (Turkiako Kurdistanen sortua) Irakeko Kurdistanera bidaia egin zuen 2011n, Saddam Hussein kanporatu ostean lurralde horrek autonomia zabal bat bereganatua zuenean, kurduak beren buruaren jabe nola moldatzen ziren ikusteko, eta munduari kontatzeko pasatako oinazeak eta momentuan bizi zituzten itxaropen eta zailtasunak. Alabaina, bera han dela gertatu zen Estatu Islamiarraren ofentsiba, eta gerrako erreportaje bat egin behar du orduan kazetariak, frontetik oso hurbil baina borroka horren nondik norakoak ikusi gabe. Munduko minoria nazional handienaren bizi-nahi eta bizi ezinaren kronika fresko eta indartsua, gertakarien lekuko zuzen batek kontatua.

Zuloa (Tene Mujika saria)
Xabier Gantzarain

Tene Mujika bekaren laguntzaz, egungo euskal artearen eta euskal gizartearen arteko harreman, zirrikitu eta interakzioak ikertzen ditu Xabier Gantzarainek, saiakera original eta sujerigarri batean. Ibon Aranbarriren proposamenak, Asier Mendizabalenak, Maider Lopez, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa… Chillida eta Oteizaz geroztik arteak gogoeta eta kritika egiten jarraitzen baitu, herritar gehienek ez dutela ulertzen esan arren.

POEMA ILUSTRATUA

Emakume burugabea
Antxiñe Mendizabal – Iraia Okina

Hitzez eta irudiz eraikitako poema ilustratu hau askatasun eta maitasun kantu bat da, eta aldi berean biziberritze baten metafora. Ipuin batean bezala kontatzen du bere gorputzetik arroztua izan den emakume baten ausardia, amildegiaren ertzeraino joanda, bere buruaz erditu eta bizialdi berri batera jaiotzeko. Izan ere, emakumeak bere buruaz gabetu beharko du, gorputzean bizitzen hasteko… etxera itzultzeko.

ATEKO BANDAN

Bioklik
Asel Luzarraga

Bilbo, XXI. mendearen erdialdea: teknologiak lagundutako demokrazia garatu batean bizi gara denak, biodemokrazian, non bizitzako xehetasun guztiak geure botoz erabakitzen ditugun, sakelakotik zuzenean egindako bozketaz: greba bat egin daitekeen ala ez, atsegin ez dugun musikak merkatutik desagertu behar duen ala ez, edo balizko delitu baten akusatua erruduna den ala ez. Gardena eta garbia dirudi sistemak, hiritar guztien partehartzea eskatzen eta bermatzen duena, baina perfekzio horren ifrentzua ezagutuko du Txetxu Urrutik, bere emazte Nere Pozaren hilketagatik salatu eta atxilotzen dutenean. 

Gaur galtzea tokatzen da
Gotzon Hermosilla

Eskarmentu handiko kazetaria da Hermosilla, fanzineen munduan ibilbide luzea duena, eta ipuingilea ere bai aspaldidanik, baina orain kaleratuko du bakarkako bere lehen bilduma. Batetik, parranda, taberna eta gau giroko ipuinak sartuko dira bertan, eta bestetik gai “serioagoak” dituztenak.

ESKAFANDRA

Generoa desegiten
Judith Butler
Itzulpena: Ana Isabel Morales

Queer teoriaren sortze-lana da liburu hau eta gaur egun ezagutzen diren generoari buruzko ikerketen ikur, ezinbestekoa egungo teoria feminista ulertzeko. Genero identitateak aldaezinak direla eta beren errotzea naturan, gorputzeean edo heterosexualitate arautuan edo derrigorrezkoan dutela denfendatzen duten ideia esistentzialistari eginiko kritika argia da testua.

ESKULARRU BELTZAK

Ikasbidaia
Jasone Osoro – Josevisky

Institutuan ikasbidaia prestatzen ari diren garaian, Beire, Kar eta Lete nahiz Baba, Linda eta Beyonceren bizitzek hankaz gora jarrita dirudite. Euren arteko harremanak aldatzen ari dira eta guztiak daude beren egoera berrietan endredatuta. Maltara egingo duten bidaian gauzak are gehiago nahastuko dira, eta itzultzean, ezbehar batek, boxeo-borrokaldi batean bezala, guztiak kao utziko ditu.

XAGUXAR

Gregorio katarrino
Juan Kruz Igerabide – Eider Eibar

Ispilu-joko bat proposatzen digu idazleak ipuin honetan: Gregorio mutil kozkorrak ispiluan bere burua tximino katarrino bihurturik ikusiko du. Haren lekua hartu, eta, Alizia bezala, ispiluaz bestalde dagoen herrialde miresgarri batera joango da. Era berean, katarrinoak Gregorioren lekua hartuko du, eta haren tximinokeriek inguruko guztiak, etxekoak, eskolakoak nahiz lagunartekoak, asaldatuko dituzte, ia erotzeraino.

Fantasiaz betetako ipuin argi eta dibertigarri honek bidaia zorigarri batean murgildu eta errealitatea susmopean jartzera gonbidatzen ditu irakurle azkar eta irudimentsuak.

Itsasadarreko kontuak
Paddy Rekalde – Jokin Mitxelena

Oporretako lehenengo astean gurasoek aitite-amamaren etxera eraman dute Gari, itsasbazterrera. Han dena da ezberdina eta berezia, egunerokotasunetik atera eta lagun berriekin hirian ez bezalako abenturak bizitzen dituelako. Indiano baten etxeak neska-mutilen jakin-mina sortuko du oraingo honetan, eta gainera, Garik lehenengo maitasunaren zapore gozoa ezagutuko du.

INURRIAK

Paris
Pere Tobaruela – Andrés Meixide
Itzulpena: Juan Luis Zabala

Gazteentzako bilduma berri bat da Inurriak, non lau inurri lagunen abenturak irakurriko ditugun, munduan barrena: Inurmalgu, Inurmail, Inurrindar eta Inurpanpox dira superheroi hauen izenak, eta munduaren jabe bihurtu nahi duen Paumao doktorearen trikimailuen kontra egin beharko dute borroka. Lehenengo abenturak Parisera eramango ditu, eta bigarrenak berriz New Yorkera.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina