Inurriak, mundua salbatuko duen brigada

Hemen daude, gure artean. Mundua salbatu behar duen brigada berezia Euskal Herrira heldu da. Inurri4k dira, mundu zabaleko auzirik gaitzenak ikertu eta argituko dituzten inurri harrigarriak. Dibertsioa, komikia, geografia eta historia egoki nahastuta agertu zaizkigu.

Inurpanpox, Inurrindar, Inurmalgu eta Inurmail dira Inurriak brigada bereziko lau kideak. Izenek iradokitzen duten bezala, nork bere gaitasuna dauka: malgutasuna, kemena, azkartasuna, hegan egitea. Edonola ere, brigada dira eta misterio ilun eta nahasienak non, brigada han. Beraz, munduan barrena ibiliko dira hara eta hona haien dohaiez auzirik harrigarrienei argia ekarri nahian.

Lehenengo bi liburuetan New York eta Paris bisitatuko dituzte. Etxe-orratzen hirian misterio sinesgaitzari egin beharko diote aurre, Askatusunaren estatuak bere lekutik alde egin du eta. Parisen, ostera, gorpurik gabeko krimena argitu beharko dute hilerri beldurgarri batetik abiatuta.

Liburu sorta hau Juan Luis Zabalak euskaratuta dator. Sortu galizieraz sortu zuen Pere Tobaruela idazleak eta haren testuei osagarri egokia eman zioten Andres Meixideren marrazkiek. Testuak eta irudiak batera, irakurleak gure historiako eta geografiako pasarte gogoangarrietan barrena ibiliko dira, disfrutatuz eta, konturatu gabe, ikasiz.

Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko. (Irakurri +)