Pribilegioak, konpromisoak, ereduak

Beharbada benetako intelektualak falta direlako, idazleok sarriegi hitz egiten dugu intelektualak bagina bezala. Egia esan, ez dakit zergatik izan beharko lukeen inork pentsamenduz jantzia ipuin batzuk ganoraz idazteko, poema eder batzuk osatzeko edo nobela txukunen bat egiteko, baina hain gaude konbentzituta ondo idaz tearen eta ondo pentsatzearen arteko harremanaz, idazle apenas trebatuari ere eskaintzen zaiola bere ideiei buruz hitz egiteko aukera, pulpitua ez esatearren.

Tamalez, esan beharko dut. Izan ere, gurean ez dira egon gauza inportanteei buruz modu noblean eta onean pentsatzeko gai izan diren intelektualak. Salbuespen aipa garriena, jakina, Joxe Azurmendi litzateke. Galdera guztiak onartu dituen intelektuala eta pentsatzen irakatsi digun kolosoa. Hain da handia pentsamenduaren alorrean egin duena ahaztu egiten zaigula Azurmendik idatzi zuela Hitz berdeak (1971, EFA) eta ezinbesteko poemario horretan daudela joan den mendean idatzi ziren euskarazko poema ederrenetako batzuk, besteak beste, Nire lurra, nire anaiak, nire ametsak, bereen artean nire bihotzetik hurbilenekoa

Baina kendu Azurmendi eta Azurmendik maisutzat duen Txillardegi, eta gutxi dira gure artean intelektualak dei genitzakeen idazleak. Eta, hala ere, norberak bere iritziak bezainbeste balio balu bezala jokatzen duen gizarte honetan, idazleok prestu agertzen gara geure ideiak han eta hemen haizatzeko. Horixe gertatzen da pribilegioekin, nekez egiten zaiela uko. Konpromisoekin, aldiz, kontrakoa pasatzen da, eta idazleok gehiegi erabili dugu libertate artistiko gaizki ulertuaren iruzurra inolako ardurarik ez onartzeko. Izan ere, zintzotasunez erabili denean, askatasun artistikoak beti esan nahi izan duar teak ezin diola men egin artistaren kontzientziarena ez den beste autoritate bati eta ez artistak ezin duela gizartearen aurrean inolako konpromisorik hartu. Gabriel Garcia Marquezentzat ondo idaztea zen idazlearen konpromiso fundamentala. Gabriel Arestirentzat, gezurrik ez esatea.

Konpromiso asko hartu ditzake idazleak. Beste idazle batzuren kontra gaizki ez esaka ibiltzea, irakurleei gustatzen zaizkien liburuak ez gutxiestea edo idazle hasiberriei animoak ematea, adibidez. Izan ere, idazle batzuek idatzi egiten diete beste batzuei haien liburuak gustatzen zaizkienean, ordurako ezaguna zen Cortazarrek Carlos Fuentes hasiberriarekin egin zuen moduan. Edo Stevensonek, hil hurren zegoela, Yeats poeta gazte eta orduan ezezagunarekin. Nik kontatu dut inoiz nola, ezagutzen ez nituenean, idatzi egin zidaten Julen Gabiriak, Asier Serranok eta Yolanda Arrietak. Ezin liburu ederragoak idatzi dituzten gizon eta emakumeak, bide batez esanda. Nire faboritoen artean Arrietaren Aho bete amets: Ahozko haur poesiaren alde saiakera estonagarria (Denonartean, 2016), Gabiriaren Connemara gure bihotzetan (Elkar, 2000), betiko askoren bihotzean geratu den eleberri fenomenala, eta Serranoren Hiri gorritik poemario zoragarria (Elkar, 2010).

Zer esan nahi dudan guzti honekin? Esan nahi dut maiatzean galdu genuela Joan Mari Irigoien, gizon zinez noble eta maitagarri bat eta eredutzat hartu genezakeen idazle
eredugarri bat. Nik ez ditut inoiz ahaztuko Babiloniaren (Elkar, 2022) hitzaurrea idatzi nuenean nirekin izandako tratu ona eta eskuzabaltasuna. Ahaztuko ez ditudan bezala bere hainbat liburu. Konbentzituta nago gure benetako nobela eusko amerikanoa eginda dagoela, eta Irigoienek Ameriketako errealismo magikoa etxekotuz idatzitako Babilonia dela. Eta nik neuk ez ditut poemario asko miresten Hutsetik esperantzara (GAK, 1975) edo Denborak ez zuen nora (Erein, 1991) miresten ditudan moduan. Ezta ere nobela asko maite Ipuin batean bezala (Elkar, 2002) maite dudan moduan.

Arbasoen gelan dago orain Irigoien eta han egongo da piztuta bere suziria itzaltzen ez badugu. Ez dezagun itzali. Gogora dezagun zorionekoak garela, tarteka halako gizon eta andre monumental batzuk sortzen direlako gure artean. Miretsi ditzagun, geure bihotz guztiarekin, hobeak izaten laguntzen diguten aberkide horiek eta, idazleak epaitzerako orduan, gogora dezagun ez dagoela zertan ahaztu Joan Mari Irigoien bakar bat egon dela munduan baina denok portatu gaitezkeela Joan Mari Irigoienek erakutsi zigun moduan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina