Goiatz Labandibar: “Biharamun emozional eta krisi bat narratzeko ariketa egin nahi nuen”

bekatua - Goiatz LabandibarGoiatz Labandibarrek (Oiartzun, 1985) Bekatua idazketa prozesu luzea izan dela azaldu digu. Estreinakoz narrazioak alde batera utzi eta idazketa luzeagoan kateatu da.

Zure lanekin hainbat ariketa literario egin dituzu urteetan zehar. Bekatua liburuak ahots bakarra du; organikoa, arakatzailea. Nola ondu duzu bakarrizketa? Ba al zenuen gogo berezirik ariketa hau egiteko?

Hasieratik argi nuen ideia zurrunbilo bat islatu nahi nuela istorio honetan. Burua lo ezinean daukagunean abaila izugarrian martxan jartzen deneko instante hori. Biharamun emozional baten narrazioa da, eta ahots bakarra interesatzen zitzaidan: protagonistarena. Gainerako guztien ahotsak bigarren mailakoak izan dira niretzat. Ez nuen haiek presentzia gehiago izaterik nahi, Garaziri eman nahi izan diot protagonismo guztia. Ez nien hitza eman nahi beste pertsonaiei. Garazi da Bekatua-ren zentroa. Bakarrizketa bi narratzaile motarekin idaztea probatu dut prozesuan: lehen pertsonan eta hirugarrenean. Azkenean, hirugarren pertsonan kontatu dut. Askoz hobeto funtzionatzen duela iruditu zitzaidalako. 

Zeintzuk izan dira istorioa ehuntzeko eman dizkizun erraztasunak eta zailtasunak?

Alde batetik, ideia zurrunbilo eta biharamun emozional baten narrazioa izanik, itxuraz euren artean lotura gehiegi ez duten ideiak kateatzeko askatasuna eman dit istorioak. Gai batetik bestera jauzi egitekoa inori esplikaziorik eman beharrik edo justifikatu beharrik gabe. Horrela funtzionatzen baitu gure garunak. Askotan, logikarik gabeko konexioak egiten ditu. Ez dugu jakiten nola lotu dituen itxuraz zerikusirik ez duten bi gai. Baina hori bera izan da agian zailena. Alegia, itxuraz koherentziarik ez duten ideia multzo bati osotasuna ematea, denek istorio bakarra osa dezaten.

Garazi irakurtzen dugu, bere prisma askotarikoetatik, nola eman diozu forma bakarrizketa batek izan ahal dituen norberaren ahots guzti horiei?

Idazten jartzen zarenean, pertsonaia hori sinetsi egin behar duzu. Nolabait, bere barrura sartu. Hein batean, bera bihurtu eta bere ahotik hitz egin, bere eskutik idatzi. Enpatia ariketa bat egiten du idazleak pertsonaiarekin eta nik ere horixe egin dut Bekatua-n Garazirekin. Zer pentsatzen du Garazik honetaz eta hartaz? Zer kezkatzen du? Zer maite du eta zer gorroto? Pertsonaiarekin lotura horretara iristen zarenean, nahiko berez ateratzen da haren ahotsa.

Nolakoa da Garazi? Aldatu da errelatoan zehar? Eta aldatu da Garaziren inguruan zuk zeneukan ideia errelatoan zehar?

Esango nuke neska arrunt bat dela Garazi. Hogeita hamarrak pasatu dituen gaur egungo edozein emakume izan daitekeela. Noski, bere berezitasunak ere baditu. Askotxo esatea da akaso belaunaldi baten erretratua dela Garazi, baina asko du hortik ere. Nik kariño handia diot Garaziri. Uste dut neska atsegina dela. Oso humanoa, oso umila era berean. Zalantzaz beteta dagoela onartzen duena, bere kontraesanak aitortzen dituena. Ez da inondik inora perfektua, eta ez du hala izatea pretenditzen. Horregatik diot oso arrunta dela. Garazik badaki ahula dela, baina era berean, badaki indartsua ere badela.

Garazik badaki aukeratu behar duela. Horrelakoa da Euskal Herria”.  Amatasuna, aurreko harremanak, etorkizuna…  Zergatik edo nola sortzen zaizkio Garaziri hainbeste zalantza, hainbeste galdera? Zein da abiapuntua?

Biharamun emozional eta krisi bat narratzeko ariketa egin nahi nuen. Horretarako aitzakia bat behar nuen. Eta aitzakia, kasu honetan, gizarteak moralki oso ongi ikusiko ez lukeen zerbait izan da: emakume batek bikotekideari adarrak jartzea, askoz gazteagoa den mutil batekin -nahita da adin tartean emakumea helduagoa; adarrak jartzea gaizki ikusita egonik, emakume helduei are gutxiago onartzen zaielako oraindik ere-. Krisi bat kontatzeko aitzakia bat behar nuelako sartu nuen Garazi Mattinen ohean. Horrek jarriko zuelako Garaziren egunerokotasuna zalantzan. Eragingo zizkiolako beldurrak. Zer esango ote dute? Eta era berean, kolokan jarriko ziona dena. Heriotza batek dena zalantzan jartzea baino askoz samurragoa iruditzen zait. Ez nuen nahi atzera bueltarik ez duen egoera baten aurrean jarri protagonista. Zerbait askoz arruntagoa, ez hain transzendentala bilatzen nuen. Era berean, aukera asko ematen dituena gizakiaren -kasu honetan Garaziren- zalantzez, beldurrez, desioez eta abarrez hitz egiteko eta Garazi bere inguruari eta ondokoei begira jartzeko.

Zer da idazten gehien gozatu duzuna, Goiatz?

Idazketa prozesu luzea izan da Bekatua. Lehen aldia izan da narrazioak utzi eta zerbait luzeagoan kateatu naizena. Eta horretarako, interes bat sentitu behar nuen. Oso gustura aritu naiz Garaziren barrukoak azaleratzen; Garazik Mattinen ohean nola pasatu duen Bekatua irakurtzean jakingo du irakurleak, baina nik, bederen, oso ongi pasatu dut ohe horretan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina