Karmele Mitxelena eta Goio Ramos dira Zubikarai sariaren irabazleak

Bi idazleren artean ex-aequo banatu da aurten Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita hamabi lan aurkeztu dira guztira, batez besteko oso maila onarekin gainera, eta besteak beste horregatik bi proiektu saritzea erabaki du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren “Zoriontasuna, edo antzeko zerbait” eta Goio Ramos basauriarraren “London Calling”. Bien artean banatuko da zortzi mila euroko saria, eta bien lanak argitaratuko dira datorren urtean, orain proiektu direnak amaitutakoan. Saria atzo arratsaldean eman zitzaien, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza: Patxi Zubizarretak idatzitako “Loak ezkutatzen duena” eleberria.

“Zoriontasuna, edo antzeko zerbait” da, esan bezala, Karmele Mitxelenaren proiektuaren izenburua, eta alargun geratu berri den emakume heldu batek (Mariak) egindako barne- eta kanpo-bidaia kontatuko du, bere burua berrasmatu nahian. Sentimenduak nabarmentzen diren eleberri bat da (poza, haserrea, tristura, lotsa, errua…), lehen pertsonan idatzitako prosa dotore eta ñabarduraz beteriko baten bidez emana.

Goio Ramosek, berriz, bere bi pasioak uztartu ditu “London Calling” nobela-proiektuan: literatura eta musika. 80ko hamarkadan, RRVren garaiko “Hilotzak” alegiazko musika-taldea da ardatza, eta horren inguruan hainbat gai agertuko dira: droga, politika, harremanak… Taldekide baten alabak gaur egun Londresko metroan kanta bat entzutean hasten da kontakizuna, izan ere, inoiz diskorik grabatzera iritsi ez zen talde baten kanta da entzun duena, non eta Londresko metroan…

Karmele Mitxelena Etxebeste 1988an jaio zen Oiartzunen eta bertan bizi da. Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako irakaslea da, ikasketaz eta lanbidez. Literaturan nahiz bertso idatzietan sari ugari irabazitakoa da. Bere liburuen artean daude “Erakusleihoan” album ilustratua (Peru Abarka saria), “Marrubizko uda” haur kontakizuna (Mikel Zarate saria) eta “Haragizko mamuak” ipuin-bilduma (Donostia Hiria saria).

Egilearekin harremanetan jartzeko: kar.mitxelena@gmail.com / 605 631606

Goio Ramos Villanueva 1966an jaio zen Basaurin, baina Ugaon bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, eta irakaslea lanbidez, Bilboko Iralen. Haurrentzako bi kontakizun dauzka argitaraturik: “Basajaunen misterioa” (Baporea saria) eta “Izeko Mirenek lagun berria du”. Helduentzat, berriz, hainbat ipuin saritu izan diote, eta han eta hemen dauzka argitaraturik.

Egilearekin harremanetan jartzeko: goioramos66@gmail.com / 652755154

Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

-2010ean Joxean Agirre, “Zwei Frauen (Bi emakume)”

-2011n Itxaso Araque, “Damutzen ez direnak”

-2012an Garbiñe Ubeda, “Hobe isilik”

-2013an Garazi Kamio, “Orube abandonatuak”

-2014an Jasone Osoro: “12etan bermuta”

-2015ean Miren Gorrotxategi: “33 ezkil”

-2016an Katixa Agirre: “Amek ez dute”

-2017an Xabier Etxeberria: “Berriro itzuliko balitz”

-2018an Eneko Barberena: “Afrikanerrak”

-2019an Idoia Garzes: “Mendiko gaitza”

-2020an Lander Garro: “Faith”

-2021ean Mikel Alvarez Sarriegi: “Euskalia”

-2022an Patxi Zubizarreta: “Loak ezkutatzen duena”

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina