Karmele Mitxelena eta Goio Ramos dira Zubikarai sariaren irabazleak

Bi idazleren artean ex-aequo banatu da aurten Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita hamabi lan aurkeztu dira guztira, batez besteko oso maila onarekin gainera, eta besteak beste horregatik bi proiektu saritzea erabaki du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren “Zoriontasuna, edo antzeko zerbait” eta Goio Ramos basauriarraren “London Calling”. Bien artean banatuko da zortzi mila euroko saria, eta bien lanak argitaratuko dira datorren urtean, orain proiektu direnak amaitutakoan. Saria atzo arratsaldean eman zitzaien, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza: Patxi Zubizarretak idatzitako “Loak ezkutatzen duena” eleberria. (Irakurri +)

Katixa Agirre, Zubikarai Sariaren irabazlea

Katixa AgirreKatixa Agirreren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamazazpi lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 27an, ostegun arratsaldean eman zaio, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien barruan.

Amek ez dute izena duen Katixa Agirreren proiektuak amatasunaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, hari detektibesko baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta are obsesioa sortzen dio protagonistari: idazlea da bera, eta ama ere bai; emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du. (Irakurri +)