Jasone Osoro: “Ez dauka fama ona arrakasta hitzak euskaldunontzat”

arrakasta - Jasone OsoroArrakasta izeneko erreportajesaiakera atera berri du Jasone Osorok, gai horretaz hausnarrean eta berbetan hainbat arlotako sortzaile eta profesionalekin: Itziar Ituño, Gorka Urbizu, Harkaitz Cano, Izaro, Jon Garaño, Eneko Atxa, Aizpea Goenaga, Markel Irizar, Porrotx…

Zergatik pentsatu zenuen gai honi buruzko liburu bat idaztea?
Tarteka sorkuntzari zein idazle ofizioari lotutako krisiak izaten ditut, eta horietako batean zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Krisien inguruko lanketa bat egitea izan zen lehen bulkada. Zergatik ezin dut sortu? Zergatik ez dut sortu nahi? Ideiari forma ematen hastean ikusi nuen gaia arrakasta izan zitekeela eta krisiaazpigai bat.

Nola egin duzu elkarrizketatuak hautatzeko?
Arlo ezberdinetan arrakasta izan duen eta gai horren inguruko diskurtsoa izan dezakeela uste nuen jendearekin zerrenda bat egin nuen. Maider Egues laguna dut eta berarekin komentatu nuen lehenbizi. Bere baietza jaso nuenean hasi nintzen amua botatzen besteei. Nire harridurarako, ekipoa berehala osatu nuen, eta hori ezinbestekoa izan zen gaia interesgarria zela sinisteko.

Literatura, ziklismoa, musika, aktoreak, kazetariak, sukaldaritza, pailazoa… Egon da arloren bat kanpoan geratu zaizuna?
Enpresa-munduko emakume nagusi bat elkarrizketatu nahi nuen. Baneukan izen bat eta harremanetan jarri nintzen haren familiarekin, baina, arrazoi pertsonalak tarteko,
ezin izan zen izan.

Elkarrizketatuen bizipenak oro har bat datoz ala bere-bereak ditu bakoitzak?
Hara, liburu hau idaztea oso bidaia ederra izan da. Nik ez nituen elkarrizketak egin nahi, nik bakoitzarekin tertulia bat izan nahi nuen, kafe baten bueltan eseri eta honetaz
eta hartaz hitz egitea; haurtzarotik hasita, nola eragiten duen izaerak, zenbat dagoen talentutik, zenbat lan eta diziplina behar den, nola baldintza dezakeen generoak, hizkuntzak, zorteak berak… Erraz esaten dugu halako edo bestelako abestia arrakastatsua izan dela etab. Baina gero kosta egiten zaigu onartzea arrakasta izan dugula. Ez dauka fama ona arrakasta hitzak euskaldunontzat, eta nik esango nuke ariketa aberasgarria izan dela guztiontzat horren inguruan hausnartzea, ozen, beste pertsona batekin, ulertuko zaituena, epairik egin gabe, libre. Eta hori guztia, noski, bakoitzak berebereak dituen bizipen eta iritzi propioetatik.

Beste aldea ez da ageri: publikoa. Zure ustez, nola pertzibitzen du publikoak arrakasta?
Liburuan parte hartu duen batek baino gehiagok badaki publikoak pertsona arrakastatsu bezala ikusten duela baina bera ez da horrela sentitzen, berarentzat arrakasta
ez delako publiko orokorrak pentsatzen duen hori. Nire ustez, liburu honen ekarpen handienetarikoa da ikustea nola bizi duen bakoitzak arrakastaren kontzeptua, zer eman eta zer kendu dion. Uste dut inoiz kontatu ez dituzten gauza asko aitortu dutela liburuan. Oso eskuzabalak izan dira, eta irakurketa atsegina ez ezik aberasgarria ere badela uste dut. Pertsona horiek barrutik ezagutzeko modua da, eta arrakasta bezalako gai korapilatsua zertxobait argitzeko heldulekuak eskaintzen dituena.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina