Lide Hernando: “Dena doa azkarregi, beti aurrekoa baino azkarrago, abiadura esponentzialean”

Susa literatura - Lide Hernando Muñoz

Lide Hernando (Irudia: SUSA Argitaletxea)

Literaturan musikan baino beranduago sartu den arren, beti izan du idazteko gogoa Lide Hernandok (Donostia, 1991). Eta desio horretatik sortu du Izotz ura (Susa), musika abiapuntu hartuta laguntasunaz ari den nobela. Belaunaldi baten erretratu bat.

Eleberri sendo batekin estreinatu zara literaturan. Nola izan da prozesua?

Bi hitzetan, luzea eta polita. Ia bi urte egin ditut hau idazten; urtebete estruktura lantzen, eta beste urtebete idazketan. Kontziente nintzen, lehen eleberri bat izateko, estruktura zaila hautatu nuela; bi protagonista eta ikuspuntu ditu, baita denboran saltoak ere. Baina banekien ere kontatu nahi nuen istorioak ez zuela zentzurik bi ezaugarri horiek gabe. Beraz, argi eduki nuen, gauzak ongi egiteko, idazten hasi aurretik hezurdura sendo bat eraiki behar niola eleberriari. Behin hori eginda, idazketa prozesua nahiko leuna izan da, nahiz eta izan den aldaparik, baita ez aurrera ez atzera egin dudan boladarik ere. Baina erronkarik zailena ere polita izan dela esango nuke.

Musika usaintzen da ia orrialde guztietan, baina laguntasunari buruzko eleberria dela diozu.

Halaxe da. Idazten hasi nintzenean, musikaren industriari buruzko istorio bat kontatzera nindoala uste nuen. Aurrera egin ahala, ordea, fikzio-idazketaren inguruan egindako ikerketetan ikasitakoa gogoratu nuen: azken finean, bi eskuetako hatzez zenba daitezkeen gai unibertsal batzuk daudela, eta historian zehar mundu osoan idatzitako istorio guztiek gai horiek jorratzen zituztela, ez besterik: maitasuna, heriotza, familia, harremanak, traizioa. Nik neuk ere, hasiberriaren ausardia horri tiraka, gai unibertsal horietatik aldendu nahi izan nuen, baina ezinezkoa dela ohartu naiz. Eta ze poza hala ere, aizu!

Eta eskaintza bat: euskal emakume musikari guztiei.

Bai, tira; emakume eta musikari naizen aldetik, gauza asko egiten ditut nire gremioko horien alde. Ia inkontzienteki ateratzen zait. Gauza bidegabe asko daude musikaren industrian, eta patriarkatuaren inertziek beti eraman gaituzte borroka berdinen alde ez elkartzera. Bide luzea egin dugu bakoitzak bere aldetik. Orain, muga asko gainditzen ari garen honetan, eta elkarrekin indartsuagoak garela ikasi dugun honetan, horrelako istorio bat idatzi behar nuela sentitzen nuen; emakumeen arteko loturak idatzi izan direnak baino askoz ere sakonagoak, korapilotsuagoak, eta zintzoagoak direla frogatzeko; eta musika oihan arriskutsua izan arren, badaudela hortik bizirik ateratzeko moduak.

Bi pertsonaia nagusi: Mara eta Saioa. Biak musikariak. Bietan topatu duzu zure burua?

Guztiz; are, bietan nire burua topatu baino, esango nuke niregandik abiatu direla. Bakoitzak ditu nire izaeratik ezaugarri batzuk, eta beste zati asmatu bat. Ni ez naiz inoiz izan ideia hermetikodun pertsona bat, ez bizitzan orokorrean, ezta musikan ere; oso aldakorra izan naiz, eta kontradikzio askotan erori izan naiz. Hasiera batean haserretu egiten ninduen nire alderdi horrek; onartu eta horrekin bakeak egin ditudan arte. Kasu honetan, kontradikzio horietatik sortu dira Mara eta Saioa; momenturen batean niregan egon diren ideia kontrajarri horiek bi pertsonaiatan hezurmamitu dira. Eta, aspektu askotan, askoz hobeto ulertzen dut nire burua orain, bi emakume horietan banatuta.

Millennialek aise identifikatuko dute beren umezaroa eta gaztaroa liburuan.

Uste dut azken aldian badagoela millennialon artean gure “garaia” fikzioaren bitartez aldarrikatzeko joera bat. Badirudi iritsi garela puntu batera zeinetan Z belaunaldiak jada bere adierazpideak bideratzeko lehen lerroa eskuratu duen, eta guk, bigarren planora uste baino lehenago kondenatuta sentitu garenok, hasi garen gure belaunaldiak izan dituen gauza berezi horiek modu melankolikoan islatzen. Berez ez luke hala izan behar; melankolia zaharren gauza izan ohi da, ezta? Baina dena doa azkarregi, beti aurrekoa baino azkarrago, abiadura esponentzialean. Gauzak horrela, niri ere halako zerbait egitea atera zait eleberri honetan: mp3ak eta galtza kanpanak eta erabilera bakarreko argazki kamerak egundoko asmakizunak izan zirela aldarrikatzea.

Musikarien eta, oro har, sortzaileen lan-baldintza prekarioak azaleratzen dira liburuan. Asko dago hobetzeko, ezta?

Jakina. Dena dago hobetzeko. Industria gogorra da, aurpegi polita eta barrunbe ustelak dituena. Askotan ez-ulertuak sentitzen gara, jendeak uste duelako egundoko bizitza daramagula; baina ia-ia denok tartekatu behar dugu lana musikarekin (musika lana ez balitz bezala), edota musikaz bakarrik bizitzeko apustua egin eta diruz larri ibili.

Dena den, eleberrian hori guztia islatu nahi izan dudan arren, ez dut kritika espliziturik edota errelatu manikeorik egin nahi izan. Egoera islatzea izan da nire helburu eta erronka, Lideren iritzia bertan sartu gabe, irakurleak bere ondorio propioak atera ditzan.

Aurrerantzean musika eta literatura uztartzen jarraituko duzu?

Nahiko nuke. Arestian esan bezala, jada zaila da musika beste ogibide batekin tartekatzea; bada, imajinatzen dut are zailagoa izango dela musika, literatura eta dirua eman dezakeen beste edozein lan tartekatzea! Baina saiatu nahi dut. Literaturan beranduago sartu naizen arren, beti eduki dut idazteko gogoa, musika egin nezakeela jakin baino lehenagotik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina