Jon Arretxe: “Nire beldur handiena da errepikakorra bihurtzea”

Audio: Jon Arretxe nos habla de la novela No digas nada, sexta de Touré

Jon Arretxe (Irudia: Eitb)

Jon Arretxek (Basauri, 1963)ametsa errealitate bihurtu du Toure detektibearen abenturak telesail Primeran eta RTVE plataformetan ikusi ahalko dugun telesail bihurtuta. Musker Amarruak sagaren hamargarren liburuaz ere mintzatu gara idazlearekin.

Toure detektibea RTVE eta Primeran. Jon, nolakoa da zuk zeuk sortu duzun pertsonaia baten abenturak pantailan ikustea?

Niretzat betiko amets bat errealitate bihurtzea izan da. Liburuek izan dezaketen oihartzuna baino mila bider handiagoa izaten da ikus-entzunezkoena, eta nire Toure eta San Frantzisko auzoa serie bihurtuta ikusteak pozez betetzen nau.

2021ean sinatu zenuten kontratua eta prozesuan parte hartzeko aukera izan duzu. Nolakoa izan da saga osatzen duten hamar liburuetatik sei atal sortzea?

Idazlearen partehartzea ez da oso handia izaten honelako proiektuetan, baina kasu honetan kontuan hartu dute nire iritzia eta eskertzen diet. Gidoilariak oso maila handikoak dira, eta pertsona moduan ere nire estilokoak dira. Horren eragina mesedegarria izan da azken emaitza hobea izateko.

Pozik zaude emaitzarekin? Zer da prozesuaz gehien gustatu zaizuna? Eta kostatu zaizuna?

Oso pozik nago emaitzarekin. Prozesutik gehien gustatu zaidana zinema mundua barrutik ezagutzea izan da, aktore, zuzendari, teknikari eta gainerakoekin egotea errodatzen zen bitartean. Lagun berri pilo bat egin dut haien artean. Kostatu… Nobeletatik seriean ikusten denera alde handia egon behar duela onartzea.

Sagaren hamargarren liburua dugu Musker Amarruak. Aurrekoan, Lyrica Garaian, Tourek ez zuen preseski ondo amaitu. Las Palmasen egingo du irakurleak topo harekin eta Musker pertsonaia berriarekin. Nolakoa da Musker?

Musker kanariar borrokalaria da, txapeldun ohia. Tourerekin topo egingo du biak ortu batean lapurretan ari diren bitartean. Apustuetan oinarritutako borroka-ikuskizunak antolatzen ditu, dirua irabaztearren, eta Toure liatuko du zeregin horretarako. Horren ondorioz, gauzak asko konplikatuko zaizkio gure afrikarrari, beti bezala.

Kostatuko al zaio Toureri konturatzea Muskerren amarruekin?

Tourek primeran daki diru erraza lortzeko amarrutan ibili behar dela, eta berak horrela jokatu du hasieratik, San Frantzisko auzoan igarle plantak egiten zituenetik. Musker pertsonaiak ere jendeari ziria sartzen dio dirua ateratzeko, eta Tourerekin ondo moldatuko da. Azken baten, horrelako pikaroen filosofiako zutabeetako bat “dena xoxaren alde” da.

Umorea eta kritika uztartzen dituzu idazketan; irribarre batekin, bai, baina, kontzientzia pizteko modukorik ere ematen digu Tourek. Nola topatzen duzu oreka?

Uste dut derrigorra dela, gaur egun inoiz baino gehiago, literaturaren bidez kritika soziala egitea, baztertuen mundua erakustea, bidegabekeriak salatu eta horretaz konturatzen ez den irakurle arruntari egoera horiek muturren aurrean ipintzea. Umorea nobelen gordintasuna konpentsatzeko erabiltzen dut. Batzuetan ez da erraza bakoitzaren dosi egokia erabakitzea.

Euskarazko helduontzako narratiban ariketa ez ohikoa da saga luzeen biziraupena. Naturalki atera zaizun ariketa da?

Sagako lehenengoa, 19 Kamera, esperimentua izan zen niretzat. Arrakasta ikusita aurrera jarraitzea erabaki nuen, eta Toure pertsonaiarekin hamar nobela idatzi ditut dagoeneko. Nire beldur handiena da errepikakorra bihurtzea, nobelak elkarren antzekoak bilakatzea. Hori saihestearren, nobela batzuek gehiago daukate umoretik, beste batzuek gordintasunetik; gehienak Bilboko San Frantziskon gertatzen dira, baina Euskal Herritik kanpo ere bai: Afrikan, Parisen, Madrilen, Las Palmasen…

Euskarazko irakurlea saga zalea dela esango zenuke?

Ideiarik ez. Imajinatzen dut euskarazko irakurlea besteen modukoa dela, harrapatzen duten liburuak nahi dituela, hunkitzen dutenak, entretenitzen dutenak, pentsarazten diotenak… Saga bateko pertsonaia batekin enpatia sentituz gero, errazago lortzen dira helburu horiek, eta Toure oso “enpatizagarria” dela esango nuke

Paper aurrean jarri orduko, jakiten al duzu nora iritsi nahi duzun idazketarekin?

Ez, gero gertatuko dena aldez aurretik jakinez gero, aspertu egiten naiz idazketan, eta sentsazioa daukat irakurlea ere aspertuko dela. Normalean ideia on batekin ematen diot abiapuntua nobelari eta gero inprobisatzen joaten naiz.

Bizitzaren zati bat eman diozu Toure pertsonaiari (beste hainbati ere). Nola aldatu da pertsonaia ulertzeko izan duzun modua?

Nola aldatu da zure idazteko modua? Modu jakin batean esperimentatzeko aukera eman ahal dizu ariketak?

Toure sagaren hasieran etorkin heldu berria zen, bihotz onekoa, batzuetan gaixo samarra ere bai, ia txotxongiloa boteretsuen eskuetan. Baina bizitzak txarto tratatuko du eta pixkanaka, halabeharrez, bizkortzen eta gaiztotzen joango da. Nire idazkeran ere hasierako nobeletan entretenitzeari ematen nion garrantzirik handiena, baina kritika sozialaren arloak gero eta pisu handiagoa izan du. Aspaldi honetan lehen baino militanteagoa naiz gai batzuei dagokienez: arrazismoa eta xenofobia, boteretsuen abusuak, bazterkeria…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina