Goio Ramos: “Fikziozko lana izan arren, liburuan kontatutako gauza asko bizi edo ikusi ditut”
London Calling izeneko bere lehendabiziko eleberri honetan Goio Ramosek (Basauri, 1966) 1980ko hamarkadan nerabezarotik helduaroko bidean dabiltzan gazte batzuen gorabeheren berri ematen digu. Urte haietako musikaz blai, protagonisten bizipenen pertsonalekin batera garai hartako egoera soziopolitikoa ere deskribatuko digu basauriarrak, sasoi horren lekuko. Zubikarai bekaren irabazlea izan da, Karmele Mitxelenarekin batera.
Zure lehenengo eleberria duzu “London Calling”. Irakurleak, zer topatuko du nobela honetan?
Rock Radical Vascoren garaian kokatutako istorio bat. Urte haietako gertaera sozial, politiko eta kulturalak atze-oihala izanik, gazte batzuek rock talde bat osatuko dute. Halere, bidea ez da izango eurek uste bezain samurra. Area gutxiago, harreman pertsonalak okertzen direnean eta komunikazio eza gailentzen denean.
Eleberria nahiko originala da hainbat arlotan, egituran adibidez.
Kontakizuna kontzertu baten gisa dago antolatuta, hau da, Introa, Setlista eta Outroa daude. Introa eta Outroan istorioa gaur egun eta Londresen dago kokatuta. Setlistean, berriz, Euskal Herrian eta 1984tik 1987ra.
Ez dago narratzaile bakarra.
Ez. Istoriotik kanpo dagoen narratzaileaz gain, hiru protagonista nagusiek ere funtzio hori betetzen dute hainbat unetan, kontu pertsonalagoak euren ahotik irakurtzeko.
Horrenbeste ahotsekin, ez dago, nolabait, nahaste-borrastea sortzeko arriskurik?
Ez dut uste. Eleberria irakurri dutenek komentatu didate hasieran ezustean harrapatu zituela polifonia horrek, baina berehala hartu ziotela erritmoa. Gainera, pistak ematen ditut hizketan nor ari den berehala jakiteko.
Nobelan zehar gazte protagonisten garapen pertsonala nabari da, agian adinarekin lotuta.
Adinarekin eta inguruan suertatzen zaizkien egoerek behartuta. Unibertsitatean hasi berri diren gaztetxoak izatetik ‘heldu’ izatera pasatzen direla esango nuke.
Azpimarratzekoa da musikak daukan garrantzia, eleberriaren izenburutik hasita Hertzainak-eko Garik idatzitako hitzaurreraino. musikak dena blaitzen du, agian zeu ere musikaria zarelako.
Musikaria baino, musikazale amorratua naiz. Lan honek nire pasio biak uztartzeko bidea eskaini dit, musika eta literatura.
Liburuaren atal bakoitza garai hartako kanta batekin lotzen duzu, QR kodeak erabiliz.
Atalak identifikatzeko, izenburuak edo zenbakiak jarri beharrean, bertan azalduko denarekin loturarik duten kantak entzuteko kodeak jarri ditut. Nobelak kontzertu baten egitura duenez, ezin musikarik falta.
Azken kantua zure taldeak grabatutakoa da.
Bai. Ideia polita iruditu zitzaidan fikziozko taldearen kanta bat errealitate bihurtzea. Taldekideei proposatu eta lanean jarri ginen.
Narrazioa kontestu historikoan kokatzeko, dokumentazio lan handia dago.
Hala da. Testuingurua benetakoa izatea nahi nuen, nahiz eta lizentzia batzuk hartu nire protagonistak hainbat unetan horietan sartu-irtenak egiteko.
Azken galdera. Zure adinari erreparatuta, istorioa zure gaztaroan kokatzen da. Autobiografikoa al da?
Ez, fikziozko lana da. Baina onartu beharra dago hor kontatutako gauza asko bizi edo ikusi izan nituela urte haietan.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Nerea Loiola: “Asko dibertitzen naiz haur eta gazteentzako literatura idazten”
- Imanol Pradales Lehendakariak elkarren Adunako egoitza bisitatu du →