Anjel Lertxundi: “Xehetasun txikien sare handi bat da bizitza”
Izen sujerentea eman dio Anjel Lertxundik bere libururik berrienari, Berbelitzen hiztegia. Testu laburrak bildu ditu bertan, munduaren luze-zabala ulertzen saiatzeko. Itzultzaile bat jarri du hizketan, errealitate esaten diogun puzzle hori argitzeko asmoz.
Ez da zure idatzietan agertzen den lehen aldia, baina liburu berri honetan izenburua ere eskai ni diozu. Nor da Berbelitz?
Hogei urte dira Berbelitz pertsonaia asmatu nuela Itzultzaileen Elkartearen ospakizun baterako. Itzultzailea da pertsonaia, beti izan nahi zuen horixe. Zerbait irakurtze hutsa ere itzultzea dela pentsatzen du. Inguruan ditugun egoerak eta pertsonak eta bizitza bera interpretatzen saiatzea omen da itzulpena, hala dio Berbelitzek. Munduan ez galtzeko modu bat. Berbelitz hemen balego esango lizuke baietz, bizitza infernu bat dela baldin ez baduzu mundua ulertzeko ahaleginik egiten. Mundua asko aztertuagatik, infernua ez da itzaltzen, baina gutxiago kiskaltzen du. Berbelitzek hala dio. Eta ni konforme samar nago berarekin.
Itzulpengintzaz ariko zaigu liburuan, baina, za balago, literaturaz, hizkuntzez, hitzarekiko begiruneaz. Horiek dira Berbelitzen kezkak?
Kezkak baino gehiago, mundua estimatzen laguntzen dioten lagunak ditu hitzak eta. Hori guztia gabe, galduko litzateke, galdu hitzaren adiera gordinenean: gaixotu, hitzen gozamenik gabe.
Liburuan irakur daiteke itzultzaile on baten atzean literaturazale bat dagoela gehienetan. Idazle on baten atzean ere, ezinbestean, literaturazale batek beharko luke egon?
Imajinatzen dut baietz, hala beharko luke. Ez dut ezagutzen irakurri ez duen idazle handirik, baina asko irakurtzeak ez dizu ziurtatzen idazte edo itzultzaile ona izango zarenik. Literaturak badu zer ikusirik originaltasunarekin. Baina, paradoxa ematen badu ere, originala izateko asko irakurri behar duzu. Zenbat idatzi da historian zehar?Ikaragarri. Munduari begiratzeko behatxulo propioa nahi genuke letrazaleok, baina kontu zailetan zailena da originaltasuna.
Fikzioa ohikoa da, noski, genero literario nagusietan, dela eleberri, dela ipuin; saiakerarekin ezkontzea, ordea, zuk egiten duzun bezala, ez da hain maiz gertatzen. Zer ekartzen dio fikzioak saiakerari?
Literaturaren marka, letren poza. Hizkera zehatz, on eta guztiz berria ere fikzioa da, letren pozari eusten badio. Hizkera literario –ez akademiko– batekin saiatutako hausnarketa filosofikoak beste dimentsio bat hartzen du, Platonek kobazulo baten paretan ikusten zituen gizakion itzalak lekuko. Literatura deitzen zaio. Garai klasikoko filosofia inportanteena gaurkoa baino askoz ere literarioagoa eta ulergarriagoa da. Elementu literarioak baliatzen zituztelako omen da, Berbelitzek ez du horretan batere dudarik.
Berbelitzen hiztegia, azken batean, hain emaitza onak eman dizkizun liburu hibrido modu bat da, testu laburrez josia, Eskarmentuaren paperak eta Espainiako Sari Nazionalarekin goia jo zuena. Neurria hartu diozu liburu molde horri.
Gustatzen zait formula: besteak beste, irakurlea mural baten aurrean jarri nahi duzu, tonu, kolore eta sakonera desberdineko puskak edo teselak eskainiz. Halako liburu batek ez du murala bukatzen, proposamenen eta talaia berri ugarien aukera da. Errealitatea ere –bizitza– puzzle bat da, oso pieza txikien arteko lotuta. Xehetasun txikien sare handi bat da bizitza ere.
Hiztegi izena eman diozu liburuari, Czeslaw Milosz, Ambrose Bierce eta bestek egin bezala, baina testu bitxi, adagio, glosa, hausnarketa eta apunte literarioen bilduma bat da, askotarikoa.
Liburua oso zentzu zabal batean da hiztegia. Miloszena autobiografia bat da eta Abezedario deitu zion. Bierce-ren liburuko definizioak tentagarriak dira, horregatik deitu zion Deabruaren hiztegia. Berbelitzen hiztegia, berriz, bere mundu propioaren lexiko pertsonal bat da besterik gabe.
Idoia Santamaria eta Juan Kruz Igerabide izan ditu liburuak luxuzko editore, eta Jorge Gimenez Bech editoreari eskaini diozu, in memoriam.
Oso konpainia noblean aritu naiz lanean. Jorgeri dagokionez, hasiera hasieratik ezagutzen zuen proiektua. Liburua bukatzear hil zen. Heriotza ulertu nahia da itzulpenik zailena.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Abian da Tene Mujika beka
- Eztizen Artola: “Ariketa kolektibo bat egitea falta zaigu motxiladun umeoi gertatzen zaigunari izena jartzeko” →