Hélène Vignal: “Emakumeentzat arrisku bat bezala planteatu da birjintasuna eta gizonarentzat oparia balitz bezala tratatzen da”

Gutun zuriaren 2024ko edizioan elkartu ginen Helene Vignal, elkarrizketako protagonista, Queen kong liburua euskaratu duen Miren Agur Mebe, liburua editatu duen Antxine Mendizabal, eta ni neu. Besarkada eta irribarre artean hartu gaitu, goxo. Ordu eta erdi luzez aritu gara hizketan eta argazkia ere egin dugu elkarrekin. Nola ez, liburuak sinatzako ere eskatu diogu.

Izenburua irakurri eta Virgine Despentesen King kong teoria datorkigu burura. Badu honekin zerikusirik?

Protagonista arketipo bat da. Inguratzen duenarekin erresistentzian dagoen nerabea da, independentea, borrokalaria. Euskaldunen artean harrera ona izango duela uste dut, independentziaren gaia dela-eta (barreak).

Despentesen liburua berandu irakurri nuen eta izenburua ere liburu idatzi ostean jarri nion. “Emakume bat rol arauetatik ateratzen denean, gogor zirgotua da”, Despentesen esaldia etorri zitzaidan gogora eta horregatik ipini nion. Gustatuko litzaidake nire liburua irakurri ostean gazteek King kong teoria irakurriko balute.

Liburua intentsua da. Lehen histerikoak, zoroak esaten ziguten. Gaur egun “oso intentsua zara” esaten zaigu. Mezua berdina al da?

Intentzio kontu bat da; kontzeptu problematikoa izan daiteke edo ez. Emakumeon kolera gizonena baino okerrago hartzen da. Niretzat kolera aspaldiko laguna da eta beti sufritu dut horregatik; txikitan mutilekin jolasten nuenetik. Gizonen haserrea heroikoa da, handiosoa; emakumeona, berriz, ridikuloa, absurdoa. Injustua iruditu zait beti. Ni 1968an jaio nintzen eta 90an nerabea nintzen. Oso patriarkala zen inguratzen ninduen mundua, baita mundu kulturala ere. Emakumeonganako biolentzia ametitzen zen. Egun, inpunitate handiz jokatu da metoo- arekin ere eta zenbait mito erortzen ari dira frantses kulturan. 

Desloratzearekin obsesionatuta dagoen pertsonaiak sexualitatea libreki bizitzea, norbere plazera deskubritzea eta gozatzea aldarrikatzen du. Zein preziotan?

Oraindik oso modu arkaikoan bizi da kontu hau. Emakumeentzat arrisku bat bezala planteatu da birjintasuna eta gizonarentzat oparia balitz bezala tratatzen da. Gizonen erasoen aurrean emakumea erantzule eginez. Baina zergatik ez birjintasuna norberak galdu, gizonaren parte hartzerik gabe?. Gorputza norberarena da, ez zaio inori ezer eman behar… Norbera da bere birjintasunaren jabe. Oso ideia boteretsua eta indartsua da. Emakumeak galdera mordo bati egiten dizkio bere buruari: norekin? Noiz? Nola?… Gizonek ez dute zer esanik erabaki honetan, ez da beraien afera.

Aldi berean emakumeak zigortzeko jendarteak erabiltzen duen moral bikoitza salatzen du.

Emakumeei eskatzen zaigu ahalduntzea, askatzea, babestea…. Eta gainera gizonei erakustea eta hauek heztea… arduratu daitezela beraien kontuez. Autodefentsarekin ere gertatzen da: erasorik egiten ez badute guk ez dugu babesteko beharrik izango. Ez dut gizonezkoen aurkako liburu bat egin nahi izan. Ez nuen “maskulinoa” erasotu nahi. Dominazioak ez du dominatzailea zoriontsu egiten, dominatzaileak beti egon behar baitu indarrezko jarreran, kontrolean…neketsua da.

Lau mutil: Jérémie, Rhada, Selim eta Vince. Eta lau esperientzia desberdin. Nortzuk dira mutil hauek?

Esperientzia pertsonaletan oinarritzen diren lau eredu dira. Horietatik hiru berdintsuak dira. Jeremiek ez du hitza erabiltzen, Rhada ez da bere gorputzera iritsi eta neska bildumak egiten ditu eta Vincek indarkeria erabiltzen du. Maskulinitate hegemonikoa errepresentatzen dute, azalekoak dira. Selim desberdina da, sentibera: askatasuna ematen dio protagonistari, komunikatzen daki, plazera hartu eta emateko gai da… samurtasun handia erakusten du.

Protagonista sare sozialetatik matxakatzen dute. Zein eragin du digitalizazioak emakumeen gorputzen kontrolean?

Eragina izugarria da. Sareetan itxura berdineko emakumeen irudiekin bonbardatzen gaituzte, eredu lorrezin batekin. Hori indarkeria da. Nerabeekin lan asko egiten dut eta beti proposatzen diet erotikoa den zerbaitekin pentsatzeko (gorputza ez den zerbait, alegia). Ariketa honekin sedukzioa beste zerbait izan daitekeela erakutsi nahi diet. Emakume bakoitzak bere izaera atzean utzi gabe egin behar du borroka. Hori da erronka. Liburuan ez dira deskribapen fisikoak egiten estereotipoei aurre egiteko.                                                                                               

Bukaera botretsua eta itxaropentsua du.

Gaztetxoentzat idazten denean beti utzi behar zaio itxaropenari atea zabalik. “Pentsamenduaren pesimismoa eta ekintzaren optimismoa” maite dudan esaldi bat da eta aplikatu egiten dut. Mantra bat da.

Elkarrizketa amaitu eta agurtu bitartean bitxikeri pare bat kontatu dizkigu off the record. Ilusioz kontatu digu euskarara beste edozein hizkuntzatara baino lehenago itzuli dela liburua. Eta pozik agertu da liburua oinarri hartuta hiru antzezlan egin dituztelako Frantzian. Liburua badabil. Ea zueri zer iruditzen zaizuen!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina