Josu Goikoetxea, Joseba Jaka bekaren irabazlea

Josu Goikoetxea eta Joxemari Sors, elkar Taldearen Adunako egoitzan

Josu Goikoetxea Geruzagak  “Hiltzailea eta beste ipuin batzuk” proiektua aurkeztu zuen eta Irati Majuelo Itoitzek, Itziar Ugarte Irizarrek eta Iban Zaldua Gonzalezek osatutako epaimahaiak erabaki du aurkeztu ziren 15 lanen artean beka lan horri ematea.

Epaimahaiaren aktan era honetara jasota geratu du erabakia:

Bekara aurkeztu diren hamabost proiektuak aztertu ondoren, irabazle hautatu dute “Hiltzailea eta beste ipuin batzuk” izenekoa.

Ipuin soltez osaturiko bilduma bat definitzen erraza ez izan arren, laginean aurkezturiko ipuinen kalitatea azpimarratu dute epaimahaikideek: originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa.

Egileak 10.000 euro jasoko ditu urtebeteko epean liburua ondu dezan. Liburu hori, ondoren, Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

Josu Bilbon bizi den gernikarra da, eta ezaguna da euskal kultur munduan. Lubaki bandako partaidea izan zen, eta batez ere ezaguna da bertso munduari lotuta, gai-jartzaile izateaz gain, Hitzetik Hortzera telebista saioko zuzendaria eta aurkezlea izan zelako hainbat urtez. Poesia liburu bat du argitaratuta, 2018an kaleratutako Zer luzea negu hau, eta haurrentzako album bat, Mia, Marteko robota. Horrez gain, Walt Whitmanen antologia bat itzuli du Munduko Poesia Kaieretarako.

Josu Goikoetxeak eskerrak eman dizkio elkar Fundazioari eta  epaimahaiari, bere lana aukeratzeagatik.

Joseba Jaka bekak lehen aldi bat izan zuen 1996 eta 2006 artean, literatura lanetarako bekak eman zituenekoa. Ondoren, geldirik izan zen hamar urtez, eta 2016an berriro jarri zen martxan. Bigarren aldi honetan sormen beka gisa eratu zen eta ordutik literatura lanetarako ez ezik, musika edo antzerki proiektuetarako ere eman dira bekak.

Maiatzaren 23an ospatuko da Adunan bertan, 2024ko elkar Sariak emateko ekitaldia, eta bertan jasoko du beka Josuk. Horrekin batera, Ibilbideari elkar saria ere banatuko da egun horretan eta hurrengo asteetan emango da sari hori jasoko duenaren berri.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina