Alaitz Melgar “Josefa, neskame” liburuari buruz

josefa, neskame - Alaitz MelgarJosefa, neskame du izena Alaitz Melgar Agirrek (Barakaldo, 1984) Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako lehen liburuak. Printzipioz bere amonaren biografia, baina barrura sartu ahala beste osagai asko dituena.

Nor zen Josefa Agirre Etxeberria?

Gure amama izan zen. 1927an Azpeitian jaio eta beti ibili zen neskame edo antzeko lanetan. Batzuetan familiaren baitan jardun zuen, eta, besteetan, dirudunentzat: Espainiako dukesa batentzat lan egin zuen Donostian. Ingalaterran ere egin zuen lan. Bertan, haurdun geratu eta ama ezkongabea bihurtu zen.

Zergatik izan da horren zaila bizitza hori berreraikitzea?

Ba, batik bat emakumea izateagatik. Izan ere, haren bizitza beste emakume askoren bizitzaren adibidea izan daiteke. Horrelako emakumeak ikusezinak izan dira, eta oraindik ere badira. Gizartean garrantzitsutzat hartzen ez diren lanak egin zituen: haurrak zaintzea, garbitzea, ama izatea. Gure amama beti ibili behar izan zen gizartearen arau ofizialetatik at. Lan-kontratuak ahoz onartu zituen, ez zen beti erroldatu bizi izan zen herrietan… Beraz,ez dut dokumentu ofizial askorik aurkitzerik izan. Eta izan zuen bizitza zailagatik, gure amamak ez zion inoiz ezer kontatu inori. Sekretuz betetako pertsona izan zen, eta egoera gogorrak bizi izan ditugu familian horren ondorioz.

Amamaren biografia idatzi ahala, zu zeu ere deskubritu zara, eta biluztu…

Haren biografia ikertzen ari nintzela, ikerketa-bidaia kontatzea erabaki nuen datu gutxi aurkitzen ari nintzelako. Eta ikerketa kontatu ahala, nire bizitzarekin konexioak egiten hasi nintzen. Sorkuntza-prozesuan oharkabean gertatu zen, baina, atzera begiratuta, agian behar-beharrezkoa zen. Neure identitateari berrikuspen sakona egin behar izan diot, eta ama eta biok, amamaren bizitza deskubritu ostean, iraganarekin nolabait baketu gara.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina