Pruden Gartzia “Euskaldun fededun” liburuari buruz
Pruden Gartziak (Oñati, 1964) saiakera berri bat ondu du: Euskaldun fededun, hainbat libururen iruzkinetatik abiaturik, esaera ospetsu horren goitibeheitiak aztertzen dituena: ea hala izan den, noiztik, noiz arte eta zergatik.
“Euskaldun fededun” izatea gure esentzia da?
Fenomeno historiko bat da, ororen buru. Alegia, historiaren harian sortu, garatu, krisian sartu eta gaur egun ia-ia desagertuta dagoen fenomeno sozial bat. Ez da ezer esentziala, Jainkoak edo naturak emana. Bi hitzetan esateko, denbora luzez euskaldunek, eta aldameneko espainol edo frantsesek, ia-ia guztiek pentsatzen zuten euskaldun izatea eta katolikoa izatea sinonimoak zirela estriktoki. Hori zen ideia nagusia hemen, hots, hizkera soziologikoan esanda, hegemonikoa. Bazegoen bestelakorik ere, noski,m baina irudi nagusiaren marjinetan gelditzen ziren.
Frantziako Iraultzan jartzen duzu uste sozial horren hasiera; zergatik?
Euskaldun gehienentzat, jakina, gaur horrelako ezer esatea absurdo hutsa da. Baina geure buruari galdetu behar diogu noiz hasi zen jendea ideia hori aintzat hartzen eta
noiz bihurtu zen hegemonikoa. Nire ustez, Frantziako Iraultza da gakoa. Ondorio horretara, bereziki, Joan Antonio Mogelen Peru Abarka (1802) aztertuz iritsi naiz.
1960 aldean amaitzen da definizio hori. Zergatik hain bortizki?
60etako hamarkadan egundoko aldaketa sozialak gertatu ziren Euskal Herri osoan, eta horietako bat katolizismo horren bat-bateko krisia izan zen, guztiz bortitza: euskal seminarioetan gertatu ziren istiluak eta seminaristen ohiltze mmasiboak horren termometro onenetako bat dira. Espainiako Gerra Zibil osteko katolizismo triunfalistaren apogeoaren ondoren ez zen beherakada mantso bat etorri, amildegi sakon bat baizik. Baina nire hausnarketa hor amaitzen da.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Alaitz Melgar “Josefa, neskame” liburuari buruz
- Jeanne Ashbé: “Nire marrazkietan txikienek egiten duten lan itzelagatik sentitzen dudan enpatia jasotzen saiatzen naiz” →