Jeanne Ashbé: “Nire marrazkietan txikienek egiten duten lan itzelagatik sentitzen dudan enpatia jasotzen saiatzen naiz”
Jeanne Ashbé (Brusela, 1955), txikienentzako liburugile eta ilustratzaile arrakastatsua da, mundu mailan ezaguna eta saritua. Fintasuna, enpatia, neurritasuna eta sugerentzia dira bere lanen ezaugarri azpimarragarri batzuk. Bizitzatik liburura eta liburutik bizitzarako ibilbideak proposatzen dizkio haur zein helduari, bide horretan, emozio, bizipen partekatu eta hizkuntza truke aberasgarriei azaleratzeko aukerak emanez.
Ashbéren bizitza betidanik marrazkiz, kolorez eta umez inguratuta egon da, bai bere haurtzaroan, bai gerora ere. Ortofonia eta psikologia ikasketak eginda, Quebeceko haurrentzako ospitale batean hizkuntza terapeuta gisa egin zuen lan, harik eta, Belgikara itzulita, liburuak ilustratzeari eta liburu proiektu propioak garatzeari ekin zion arte.
Bere lanaren bi alderdi nagusienetarikoak irudimenaren alderdi poetikoa eta txikienen eguneroko bizitza dira. Egunerokoaz hitz egiteko Fermin eta Krixpin sortu zuen, haurtxoen eguneroko bizitzako egoeretatik abiatuta, elkarrekin hitz egiteko pentsatutako bilduma, eta irakurleek bereziki maite dutena.
Zer zeneukan gogoan bi pertsonaia hauek sortzerakoan, eta berriki, bilduma hau osatzera etorri diren istorio berri bakoitzean?
Bildumako titulu bakoitza haurraren eguneroko esplorazio- ariketa bizi eta anitz horietako bat gertuagotik erakusteko modu bat da. Azkenean, haurraren “munduan egoteko modua” ezaugarritzen baitu esplorazio-ariketa etengabe horrek.
Haur txikiek beren eta objektuen arteko elkarrekintza bera errepikatzen dute, zientzialarien gisa, probak behin eta berriro eginez, munduak nola funtzionatzen duen ulertzen saiatzeko. Eta hor hasten dira beren haur-lanean! Nire marrazkietan txikienek egiten duten lan itzelagatik sentitzen dudan enpatia jasotzen saiatzen naiz.
Fermin eta Krixpin liburu ilustratu txikien sortak heldu eta haurren elkarlan eta irakurketa partekaturako aukera sortzen du, “elkarrekin hitz egiteko irudiak” direla diozu.
Bai, horrela deitzen diet bai. Psikolinguistikako adituek azpimarratzen dute haurrarekiko interaktibitateak hizkuntzaren garapenerako duen ezinbesteko eta funtsezko garrantzia. Horregatik, arreta handia jartzen diet liburuaren, umearen eta helduaren artean proposatzen ditudan interakzioei. Testurik gabeko liburu ilustratu txikiak egiten ditut, zeinetan nire lan guztia haurrari ezagun egingo zaizkion eta berak bere hatzez seinalatuko dituen irudiak sortzean datzan; berari interesatzen zaiona erakusteko, ezagunak zaizkion hizkuntzaren edo hizkuntzen hitzak ahoskatzera animatzen laguntzeko, eta horrela, hizkuntzaren agerpena eta garapena sustatzeko. Haur txiki baten bizitza talde-lana da. Eta irakurketa, taldelana ere bai!
Erlazionatutako Albisteak
- ← Pruden Gartzia “Euskaldun fededun” liburuari buruz
- Pello Varela “MO-Behi euskaldun baten memoriak” liburuari buruz →