Pello Varela “MO-Behi euskaldun baten memoriak” liburuari buruz
Behi euskaldun baten memoriak, Bernardo Atxagaren liburua, MO nobela grafikoa bihurtu dute Juan Suarez marrazkilariak eta Pello Varela gidoilariak. Varelarekin hitz egin dugu liburuaz.
Erronka makala, hain lan ikonikoa nobela grafikora ekartzea, ezta?
Erronka? Bai beti da saia Bernardoren imajinarioan sartzen eta onetik mundu propio horretatik ateratzen. Ez zen, ordea, nire lehenengo aldiz bere literaturarekin lan egiten nuena. Duela urte batzuk ere zeluloidera eraman nuen Sugeak txoriari begiratzen dionean ipuina. Oso esperientzia hunkigarria izan zen niretzat eta Behi euskaldun… irakurri nuenean argi neukan modu batean ala bestean irudietara eramatekoa zela. Eta MO da erantzuna. Behin erronka onartuta buru belarriz hasi nintzen protagonisten eta haien motibazioak aztertzen. Ariketa hori garrantzitsua izan zen istorioaren tramari eleberri grafikora ondo doitzeko.
Nola egokitu duzu jatorrizko kontakizuna komikiaren erritmora?
Oroipenen liburu bat da Atxagarena eta horrek esan nahi du denboran aurrera eta atzerako bidaia bat izango dela. Egokitzeko planteamendu klasikoa erabili nuen, hau da, garapena, korapiloa eta amaiera. Egitura honekin eta flash-back bitartez lortu nuen istorioa irudietara eramatea liburuaren arima eta mamia galdu gabe. Apika, liburua eleberri grafikoa baino apur bat poetikoagoa izatea testuari dagokionez, baina galera hori irudiekin osatu dugu. Juanen irudiek bat egiten dute tramarekin eta asko jolasten dute kolore eta fondoekin, pertsonaia eta egoeraren arabera. Bere lana bikaina da.
Juan Suarezek unibertso bitxia eratu du irudien bidez…
Profitatu nuen Juan Euskal Herrian bisitan zegoela gure paisaiak eta lekuak sakonean erakusteko. Azken finean, eta ez bakarrik komikietan, zineman ere gertatzen da, paisaiek edota fondoek, istorioaren beste edozein protagonista bezala funtzionatzen dute. Horrez gain, urtebete eman genuen story-board eraikitzen eta ukituak ematen. Konforme izan arte ez genuen etsi. Gero etorri zen marrazte prozesua eta pauso horretan La Cúpulak bazuen zer esanik. Editoreak markatu baitzituen komikiaren xehetasun batzuk, estetika eta estilo aldetik Juanena izan arren.
Bernardo Atxaga oso pozik agertu da emaitzarekin…
Bernardorekin gauza harrigarria gertatzen zait beti. Beti enbaxada batekin hurreratzen natzaio eta beti ontzat hartzen du nik proposatzen diodana. Oso gizon irekia eta gertua da. Ez dakit espero zuen komiki honekin hain emaitza ona ateratzea…kontuan hartu behar da egitearen prozesua hiru urte eta erdia luzatu dela, eta agian Atxagak pentsatzen zuen proiektuak sekula santa ez zuela argia ikusiko. Dena den, MO kalean dago eta lana luzea bezain gogorra egin ostean, denok poz pozik gaude, bai Bernardo bai gu eta gure editoreak, Emilio, La Cúpulako editorea zein Pello Elzaburu, Pamielakoa.
Zer esan pertsonaiei buruz?
Oso galdera ona. Atsegin dut istorio baten trama pertsonaiak erabiliz eraikitzea. Kasu honetan bata zein besteak eginak zetozen eta Atxagaren liburuan agertzen diren bezala utzi ditut pertsonaiak. Oso ondo doituta daude, oso originalak eta denon artean, dudarik gabe, nire ustez, Setatsu. Setatsu da mintzo bat, kontzientziaren ahotsa eta protagonistari perspektiba eta bolumen berezi bat ematen dizkio. Elementu hori aprobetxatu dut humore kutsu bat emateko. Tramari dagokienez, pasarte pare bat aldatu ditut eleberri grafikoan, egitura eta pertsonaiak ahuldu gabe.
Eta gero zer?
MOren gidoia egokitu dut animaziozko film luzea egiteko. Ez da eleberri grafikoa bezala helduei zuzenduta, haurrei baizik. Izen burua da MO bigantxa burugogorra. Produktore batek eman zidan ideia. Berak zion haurrentzako materiala gutxi zegoela eta horrek animoa eman zidan berridazteko, baina ikuspuntu desberdinetik, haurren unibertsoan murgilduta ikuspuntutik. Esan dezakegu MO bigantxa burugogorra euskal labelekoa dela eta gainera, Km 0.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Jeanne Ashbé: “Nire marrazkietan txikienek egiten duten lan itzelagatik sentitzen dudan enpatia jasotzen saiatzen naiz”
- Asel Luzarraga eta John Andueza →