Asel Luzarraga eta John Andueza

azken portuko postdatak - John Andueza Altuna / Asel Luzurraga ZarrabeitiaZelan eragin ohi dio toki batek denboraren igaroari? Zelan denborak lekuari? Eta zein da bizi-esperientziak eragindako aldaketa garai batean izandako nerabearengan? Noiz kontatu eta nola esan kontu garrantzitsuak izanagatik, zintzotasuna izango da bi lagunen arteko zubia. Musikak, sexuak, literaturak eta, batez ere, eskutitzek bilbatuko dituzte Azken Portuko Postdatak eleberriaren une zehatz bi: hamar urte bereizita egon ostean, paper zuriaren aurrean idazteko protagonistek egingo duten biluztea; eta, bestearen eskutitzaren irakurraldia, jakin-minez zein beldurrez beteta.

Hamar urte igaro dira Mon eta Aia elkarrekin egon ziren azken egunetik. Esango zenukete denbora arinago edo geldoago pasa dela batentzat zein bestearentzat?

Ez dugu ezer berririk esango: pertsona bakoitza bere barruko denborak bizi du bere bizialdiko une bakoitzean eta, beraz, halaxe gertatzen da Aia eta Monekin ere. Kanpotik pentsa liteke motelago igaro dela Aiarentzat, Azken Portun beti, inora ezean, Monek utzitako hutsunea bete nahian, Monek, herritik hanka egin zuenetik, abenturaz bete ei baitu bere denbora, atzean utzitako arrastoa ezabatuta. Liburuan aurrera egin ahala, ordea, gauzak ez dira hain argi agertuko. Pertsonaia bakoitzaren azalaren azpian hainbat geruza denbora gordetzen da, gutunez gutun aurrean duten itsasoaren olatuen antzera mugitzen direnak, bare orain halako batean haitzak eurak ere inarrosteko, protagonisten sekreturik gordeenak pixkanaka agerian utzi ahala. Mareak ere astiro biluzten digu itsas hondoa.

Azken Portuko postdatak izena du eleberriak; postdata zaleak zarete? Badago baten bat oso kañeroa…

Postdatak iradokitzaileak dira berez; azken unean gogora ekarritakoa ematen dute baina mezu esanguratsua gorde ohi dute. Ez genituen eskutitz guztietan sartu gura, baina ahots bien arteko joko berezia sortu zen haietan, oharkabean ia. Eskutitzen eta pertsonaia bien arteko harremanaren ertzak zabaltzen dituzte, euren itxura xumean, goiburuek eurek legez.

Puzzle bat baino gehiago lotu beharko ditu irakurleak, eleberrian agertzen diren misterio guztiak argitzeko; Asel eta John ere ibili dira misterioak ehuntzen edo hasieratik izan dituzue puzzlearen zatiak menperatuta?

Hasieran egoera orokor bat ezarri genuen Aia eta Monentzat, bien arteko istorioaren hezurdura, baina hortik aurrera askatasun osoa eman genion elkarri pertsonaiei bestelako dimentsioetan sakontzeko, ertzak gehitzeko ezusteko noranzkoetan. Joko ederra, elkarri ere ezkutatu baikenizkion karta batzuk partida azken portura eroateko. Uste dugu irakurleak ere igarriko diola nortasun biren arteko jolas horri, eta eskertu egingo duela. Batek jakin eskutitz batek noraino eroan zaitzakeen…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina