Alberto Ladron: “Nobela honetan, muturreraino eraman nahi izan dut thrillerraren zirrara”

Argazkia: JOSÉ LUIS LARRIÓN

Nobela berri batekin dator Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967), euskal thriller egile ospetsu eta jarraituena: Dena eskaini nizun. Emakume baten tratu txar eta desagertzea ikertuz, irakurleek estimatzen dizkioten erritmoa, jakin-mina eta sorpresak nabarmentzen dira.

Zure nobeletan aldaketatxoak eginez zoaz: aurrekoan (Ilunpeko zelataria) fantasia ukituak sartu zenituen; honakoan, berriz, beldur edo terrore psikologikozko elementuak konbinatzen dira osagai poliziakoekin…

Denbora luzea neraman Ilunpeko zelataria bezalako nobela bat egiteko gogoz, naturaz gaindiko elementuak testuinguru errealista batean azalduko zituen istorio bat. Pozik geratu nintzen emaitzekin, eta badirudi irakurleek ere atsegin izan zutela 40ko hamarkadan giroturiko abentura hura. Nobela honetan, berriz, muturreraino eraman nahi izan dut thrillerraren zirrara, terrore psikologikoaren lurraldeetan sartuz baina naturaz gaindiko konturik erabili gabe: Asiainen nobela bat izanik, elementu horiek lekuz kanpo egonen ziren. Nolanahi ere, estiloa eta pertsonaiak aldatu ez arren, berritasunak komenigarriak dira, beti nobela bera ez errepikatzeko. Eta, seguruenik, irakurleek biziki eskertuko dituzte giro eta ñabardura desberdinak.

Izuaren generoak baldintza bereziak ditu idazteko orduan? Nolakoa izan da sortze prozesua?

Niretzat ez du berezitasun handirik, nik beti irakurlearen zirrara bilatzen dut, suspensearen eta misterioaren bidez normalean. Oraingoan, tentsio hori handitu nahi izan dut, protagonisten kontrako mehatxuak azpimarratuz eta istorioaren zati handi bat biktimaren ikuspuntutik azalduz, irakurlearen identifikazioa errazten duena. Izan ere, teknikaren aldetik, tentsioa dosifikatzea izan zen nobela honek eman zidan lanik handienetakoa. Eroso sentitzen naiz fantasia, terrorea eta polizia nobela nahastuz, baina nahasketa horiek kontu handia eskatzen dute, irakurlearen sinesmenaren mugak gehiegi ez sakatzeko.

Liburu honen berezitasun bat da bi aldi kontatzen direla paraleloki: 2017ko udaberrian gertatzen dena batetik, eta 2024ko udazkenean kokatua bestetik…

Hasieran pentsatu nuen bi istorioak elkarren segidan idaztea: 2017ko desagerpena lehenik, eta 2024ko ikerketa gero. Baina berehala ikusi nuen kapituluak tartekatuta suspensea biderkatu egiten zela: istorioa ez da hain lineala izanen, eta irakurleak ez ditu erantzunak berehala lortuko, beste kapitulu bat irakurri arte itxaron beharko du, eta horrek jakin mina pizten du. Batzuetan irakurleek ikertzaileek baino gehiago jakinen dute, beste batzuetan informazio berriek noraezean utziko dituzte… Sorpresak segurtatuta daude.

True Crime edo egiazko krimenak inspirazio iturri izan zenituela aipatu zenuen noizbait. Oraingo honetan halakorik baliatu duzu?

Benetako krimenak egon dira nire azken nobela ia guztien oinarrian. Ideia horiek oso baliagarriak dira argumentua egiten hasteko, benetakoaren indarra baitute. Gero, elementuak nire modura nahastu eta moldatzen ditut, eta askotan gutxi geratzen da hasierako hazi haietatik, baina ordurako nobela abian dago, eta ideiak errazago sortzen dira. Oraingoan ere, hainbat ideia topatu nituen albisteetan eta true crime ren liburu eta dokumentaletan: Interneten salgai agerturiko delituen frogak, neska bat hil eta haren identitatea lapur tu zuen emakume baten kasua… Batzuetan, errealitatea hain da bitxia, ezinezkoa baita nobela batean sartzea: irakurleek sekula ez lukete sine tsiko benetan gertatu zenik. Eta hau bezalako nobeletan funtsezkoa da irakurleak argumentua eta pertsonaiak sinestea, bestela haren interesa galduko duzu.

Asiain detektibea itzuli da eleberri honetan. Gustura pertsonaia horrekin?

Bai, joko handia ematen duen pertsonaia da. Aldi berean tristea eta ironikoa da, borrokalaria eta apala, pro fesionala eta jatorra… Hau Asiainen bosgarren nobela da, eta ohiko irakurleek hainbat pertsonaia ezagutuko dituzte istorioan: Txueka inspektore ordea, Vazquez detektibea… Jende bitxiak dira, bakoitza bere moduan, eta Asiainek ironiaz eta eztenkadaz betetako elkarrizketak izanen ditu haiekin. Nolanahi ere, nire liburu guztiak bezala, nobela hau independentea da, ez da beharrezkoa aurrekoak irakurtzea istorioaz gozatzeko.

Asiainen bizitza pertsonala oraingoan ez da bes teetan bezain iluna; argitasun izpi batzuk sartu nahi izan dituzu?

Aurreko nobeletan Asiain bere iraganeko mamuekin borrokatzen zen. Beti azaltzen zuen aurrera egiteko determinazioa, baina askotan bere arazoek galarazten zioten bizimodu normala izatea. Oraingoan, badirudi nolabaiteko oreka bat lortu duela bere bizitzan. Hala ere, badaki infernutik bereizten duen murrua ez dela berak nahiko lukeen bezain gotorra. Nire ustez, pertsonaiek konplexuak eta interesgarriak izan behar dute, baina horrek ez du erran nahi beti zoritxarrekoak edo dramatikoak izatea. Nire nobeletan izugarrikeria asko gertatzen dira, baina beti saiatzen naiz garratzegia ez izaten eta itxaropenari aukera ematen. Horregatik baita ere, umore ukituak sartzen ditut elkarrizketetan: denak ez du beltza izan behar.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina