elkar sariak 2026 Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Javier Andrada Guerrero, Xabier Etxeberria Garro eta Maria Reyes Olloquiri

2016tik banatzen ditu elkar Fundazioak bere izena daramaten sariak. Urtero ematen du Ibilbideari saria, urte luzez egindako lana nabarmentzeko kolektibo bati ematen zaion saria. Bi urtetik behin ematen du, Proiektuari elkar saria, kultur egitasmo bat martxan jarri, edo aurretik martxan den baten garapenerako laguntza emateko. Era berean, bi urtetik behin banatzen da Joseba Jaka beka, kultur sormen bat laguntzeko. Aurten Ibilbideari saria eta Joseba Jaka beka emango ditu elkar Fundazioak.

Aurten, elkar Fundazioak erabaki du 2026ko Ibilbideari elkar saria Hizkuntz Eskubideen Behatokiari ematea.

Joseba Jaka beka, berriz, Javier Andrada Guerrerok,  Xabier Etxeberria Garrok eta Maria Reyes Olloquik jasoko dute “Super Mario hil behar da” komikia egiteko. 

JOSEBA JAKA BEKA

Gogora ekarri nahi dugu gaurko egunean duela 30 urte hil zen Joseba Jaka. Aurreko mendeko 60ko hamarkadan etxez etxe liburuak saltzen hasi zen eta euskal kulturarentzat egitura sendo eta egonkorrak izatearen alde egin zuen lan bizitza osoan. Haren ekimenaren ondorengo da gaur egungo elkar taldea. Asko zor diegu garai bateko kulturzaileei.

Edizio honetan nobela grafikoa edo komikia egiteko laguntza eman da. Javier Andrada Guerrerok, Xabier Etxeberria Garrok eta Maria Reyes Olloquik jasoko dute 10.000 euroko beka, urtebeteko epean “Super Mario hil behar dut” komikia egiteko.

Paula Estevez Del Diego, Adur Larrea Eguren eta Iratxe Retolaza Gutierrez izan dira epaimahaiko kideak.  Antxiñe Mendizabal Aranburuk, bertan idazkari lanak egin dituenak, emandako arrazoiak :

  • Proposamen ausarta: istorio gogor bat kontatzen du: jazarpen digitala ez da txantxa. Gai serioak, baita tragikoak ere, umorez zipriztinduta, ordea, eramangarriagoak eman dezakete, garrantzia kendu gabe, gure gizartearen ispilu bihurtzen dira, istorio honetan bezalaxe. Umore mota hau deserosoa izanik, askagarria ere izan daiteke eta kritikarako eta hausnarketarako tresna bihurtu.
  • Egunerokotasun handiko gaia: tamalez, oso presente daukagu jazarpen digitala, gure gazteen artean bereziki. Eta istorio honek beren buruak eta ingurua ikusteko balio dezake.
  • Gogoeta egiteko eta kritikotasuna lantzeko bi gai behintzat proposatzen ditu: genero berdintasuna eta homofobia.
  • Istorio ia gehienetan falta ez den osagaia, gaia: maitasuna, edo maitasun eza, eta baita ere maitasunaren erabilera desegokia.
  • Generoa: umore beltza eta genero beltza, hilketa baten prestaketaren kontakizun dakarren misterioa. Narrazioak guztiz harrapatzen du irakurlea, haren jakin-minari amaieraraino eutsiz.
  • Pertsonaiak: nortasun handikoak, ñabardura ugari erakusten dutenak, estereotipoetatik aldendu nahian.
  • Kontaera: umore beltza, emozio gordinak eta thriller tonua uztartu dituzte abilezia handiz. Azpimarratzekoa da gazteei moralismorik gabe zuzentzen zaiela. Ikuspegi hori gustuko izango dutela uste dugu.
  • Proposamen grafikoa eta estetikoa: guztiz erakargarria egin zaigu; ilustrazioen eta trazoaren arintasunak eta mugimenduak, istorioak berak daukan dinamismoarekin bat egiten du; gaia, generoa eta proposamen estetikoa erabat uztartuta daude.
  • Pertsonaien irudikapen grafikoa: bikaina, zurruntasunik gabea, askea, eta guztiz iradokitzailea.

IBILBIDEARI ELKAR SARIA

Duela 25 urte, 2001ean eratu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntz Eskubideen Behatokia, euskararen lurraldean, Euskal Herrian, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuta ez zeudela ikusten zuelako. Eremu batzuetan hizkuntzaren existentzia bera ere ukatzetik abiatzen da hizkuntza eskubideen urraketa, hizkuntzari inolako estaturik onartzen ez zaiolako, ofizialtasuna bera ukatuta. Beste eremu batzuetan, hizkuntzak izan arren estatus ofiziala, egunero urratzen dira euskaldunen eskubideak euskaraz aritzeko aukerak ixten direnean, izan lanean, izan irakaskuntzan, izan administrazioan, izan osasungintzan, izan aisialdian… eguneroko bizitzan etengabe behartzen da euskalduna erdara erabiltzera, euskara ez dakienak beti behartzen baitu euskalduna hizkuntza aldatzera.

Euskaldunak maiz bizi ditu ezintasun eta inpotentzia egoerak bere hizkuntzan ezin duelako jarraitu. Ezintasun horiei bide eman eta hizkuntza eskubideak berma daitezen lan egiteko sortu zen Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta lan horretan ari da gaur egun ere, beharrak bere horretan jarraitzen duelako.

Urteotan egindako ekarpena garrantzi handikoa da. Batetik hizkuntza eskubideen kontzeptua bera gizarteratzen egindako lana hartu behar da aintzat, gaur egun edonork ulertzen du hizkuntza eskubideak giza eskubideen atal bat direla eta edozein hizkuntza komunitatek dituela bere eskubideak: euskaldunak euskaraz bizitzeko eskubidea duela. Bestetik, herritarrei zerbitzua eman die, hizkuntzarekin dituzten ezintasunekin laguntza eman die, haien kexak bideratzen saiatuta euskaraz aritzeko muga izan dutenean, eta ahalduntzeko tresnak eman dizkie. Azkenik, Behatokiak eragin egin du, eragin du neurriak har daitezen herritarren eskubideak urratu direnean, eragileek egoera horiek gainditzera begirako neurriak har ditzaten (eta ez gutxitan, neurri horiek hartu egin dira); eragin du, era berean, administrazioak hartu beharreko erabakietan hizkuntzak bere lekua izan dezan (askotan ez badira ere etorri nahiko liratekeen neurriak).

Hizkuntza eskubideen gaia gizarteratzea eta haiek errespeta daitezen lortzea ez da inondik ere lan erraza, bereziki hizkuntza gutxituen kasuan. Maiz erakutsi nahi digute hiztun horien aldeko neurriak hizkuntza nagusietako hiztunen kontrakoak direla, horixe da hizkuntza komunitate gutxituak menperatzeko bidea, sinestaraztea zure eskubideen alde egitea beste batzuk diskriminatzea dela. Bada, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ezinbesteko funtzioa betetzen du horri buelta ematen, eta ikustarazten herri honetan, norbaiten eskubideak badira kolokan, horiek euskaldunenak direla.

25 urte eta gero Behatokia bizirik dago eta azken egunetan ikusi dugunez Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala berritzeko prozesuan ere parte hartuko du, nazioarteko beste hainbat eragilerekin batera.

Elkarrek datorren hilean emango dion sari honekin lan hori aitortu nahi dio Behatokiari eta aukera zabaldu haren lana ezagutzera emateko, haren lana gizarteratzeko. Aldi berean, Saria baliatu nahi dugu deia egiteko herritarrei: haien eskubideak urratuta ikusten dituztenean jo dezatela Hizkuntz Eskubideen Behatokira, han topatuko dutelako laguntza, nork bere aldetik egitea beti ez baita aukerarik onena eta errazena.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren izenean, Agurne Gaubeka Erauskin eta Garbiñe Petriati Ijurra izan dira ekitaldian.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina