Gazteen erronka

Adin kritikoa dira hamalau-hamasei urteak, helduarorako igarobide sarritan sigi-sagatsua. Adin kritikoa da, halaber, irakurleen ibilbidean, eten gehien gertatzen den aroa delako. Irakurle sutsuak izan diren ume askok nerabezaroan bazterrean uzten dituzte liburuak. Jakinik adin tarte bakoitzak bere gustuak, grinak, premiak eta beharrizanak dituela, gazteen interesa pizten dituzten liburuen bila goaz.

Artikulu honetan gazte hitzaz hamalau-hamasei urteko neska-mutilak ekarri nahi ditugu hizpidera. Pertsonaren garapen fisiko eta mentalean urte erabakigarriak dira, aldaketa askoren lekuko, umeak heldu bihurtzeko prozesuaren aro gakoa. Eta liburugintzatik begiratuta, urterik gaitzenak ere izan daitezke, nekez asmatzen baitu gazte horien gustuko liburuak ontzeko tenorean.

Horren erakusgarri dugu, esate baterako, adituek detektatzen duten etena. Adin horrekin, irakurle amorratuak izan diren ume asko nerabezaroan aurrera egin ahala erabat urruntzen dira liburu artetik. Mutiletan bereziki ikusgarria da fenomeno hori, gutxi batzuek baino ez diotelako irakurzaletasunari eusten. Zarrapastaka ihes egiten dutela esan genezake, gehiegikeriarik gabe. Urte batzuk beharko dira irakurtzeari utzi dioten horietako batzuk berriz ere liburuetara gogo onez itzul daitezen.

Iruñeko Comedias kaleko elkar dendara hurreratzen diren hamalau-hamasei urteko gazte gehien-gehienak neskatilak dira. Amodiozko nobelen bila joaten dira edo, bestela, fantasia, epika eta maitasuna uztartzen dituzten liburu eta sagen bila. Bigarren multzo baten interesa, berriz, gazteentzat beren-beregi idatzitako nobela beltzera bideratzen da. Donostiako Fermin Calbeton kaleko elkar liburu-dendan ere antzekoak dira bezero gazteak eta haien gustuak, batez ere, fantasiazko munduak, maitasuna/erotismoa edo bor tizkeria osagai dituzten liburuen aldera makurtzen dira. Baionako elkar dendako bisitari gazteen artean, ostera, nobela beltza,  umorezko liburuak, abenturazkoak edo zientzia-fikzioa dira nagusi.

Edonola ere, liburu-saltzaileen artean orokorra da adin tarte horretan irakurle kopurua jaisten ari deneko susmoa. Adin tarte guztietako joera izan daitekeen arren, bereziki gazteen artean sumatu dute. Neurri batzuek, ordea, fenomeno hori galga dezakete. Adibidez, Baionako elkar dendan Frantziako Gobernuaren Pass Culture bonuaren eragina igarri dute hamazortzi urtez azpiko gazte gehiago liburu-dendetara erakartzeko.

EUSKARARENTZAT ERE, ERRONKA

Horrek bigarren erronkara garamatza. Makina bat gazteren irakurketa etenaldi hori gertatu ez ezik, irakurtzen jarraitzen dutenen artean erdara goitik behera nagusitzen da. Liburu-dendetara euskarazko liburuen bila hurbiltzen direnean, gehienak institutu, lizeo edo ikastoletan agindutakoak dira. Comedias kaleko elkar dendan guraso batzuen ardura ere baieztatu dute, seme-alabek euskaraz irakur dezaten, hala udako oporretan nola Gabonetako oparien artean. Baina, berez, Donostian, Iruñean edo Baionan gutxi dira euskarazko irakurgai bila liburu-dendetara doazen gazteak.

Horrek ere badu bere arrazoia. Alde batetik, gaz teentzako erdarazko produkzioa asko handitu da azken urteotan, batez ere ildo nagusi horien inguruan (fantasia-epika, maitasuna…). Sarritan, gainera, helduen literaturara ere jotzen dute gai horiei lotutako liburu bila. Euskarazko liburuak, berriz, askoz gutxiago dira adin tarte horri begira eta, askotan, haien edukiak ez doaz norabide horretan. Gainera, gazteek institutu edo ikastolarekin lotzen dituzte. Horren ondorioz, derrigorrak diren heinean, ez zaizkie erakargarri begitantzen.

Bestetik, gazteen artean zabaltzen diren moda, gomendio eta ildo asko sare sozialen bidez iristen zaizkie, influencerren bitartez adibidez. Hor ere euskarazko liburuak egoera makurrean daude, eremu horietan erdarak zeharo nagusi direlako gaur egun. Esate baterako, Wattpad fenomenoa –kontakizunak idatzi eta partekatzeko aplikazioa– mundu zabalean arrakastatsua izan den bezala, Euskal Herrian ere zabaldu da eta neskatila andanaren irakurzaletasuna hauspotu du, baina, jakina, bertan azaltzen zaizkien liburuak erostera joaten dira. Hala ere, badira eskurago beste faktore batzuk. Adibidez, elkar dendetako liburu-saltzaileen aburuz, liburuetako azalak bereziki garrantzitsuak dira adin tarte horretan. Sarritan liburuak begietatik sartzen zaizkie gazteei. Eta ez da erraza asmatzea. Azala ez bazaie erakargarri egiten, itxura serioa edo ume kutsua hartzen badiote, liburu horrek jai dauka, edukiaren kalitatea zein den ere. Beraz, azalaren aukeraketa beti izanik erabakigarria, are erabakigarriagoa bilakatzen da adin tarte honetako liburuetan.

Badago, beraz, zer jorratua, gazte horiek hein handiagoan irakurketarekiko loturari eutsi diezaioten eta hori euskaraz egin dezaten.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina