Goiatz Labandibar: “Uste dut kanpinak esperimentu sozial oso interesgarria direla”

Aspaldian emankor dabil Goiatz Labandibar (Oiartzun, 1985), eta apirilean liburu berri bat kaleratu du: Zoo, hamabi istorioz osaturiko bilduma, era guztietako gizon- emakumeen erretratuak eskaintzen dizkiguna, bihurri eta jostalari, ezinbestez irribarre batekin irakurri beharrekoa.

Zer topatzen du kanpinera doan batek?

Kanpinera doana, ziurrenik, espektatiba batzuekin doa. Oporretarako aukeratzen ditugun eremuak dira, eta oporrak, orokorrean, lasaitasunarekin eta gozamenarekin lotzen ditugu. Hortik haratago, uste dut kanpinak esperimentu sozial oso interesgarria direla. Mikrogizarte bat dira, txikira eramanda, bere estratifikazio eta guzti, eta akaso horregatik dira bizipenak askoz intentsoagoak, harremanak askoz estuagoak.

Eta zer topatuko du liburu honen irakurleak?

Liburu honetako orrialdeetan irakurleak topatuko ditu bere bizilagunak, lankideak, lehengusuak, eta baita bere burua ere: gaur egun den gurasoa, duela urte batzuk izan zen nerabea, eta baita noizbait izango den erretiratua ere. Guk guztiok osatzen dugun gizarte honen faunako ale oso errekonozible batzuk topatuko ditu kanpineko biztanle hauengan, egunerokoan kezkatzen gaituzten edo gertatzen zaizkigun istorioak bizituz.

Zer esango zenuke ipuinen tonuaz eta estiloaz?

Esango nuke nire orain arteko narrazioetatik badirela ezberdinak Zooko istorioak: batez ere tonuan. Oso liburu umoretsua dela esango nuke. Irakurleak ongi pasatuko duela uste dut, barre egingo duela. Oporretan ari bada irakurtzen, gozatuko du. Eta ez badago oporretan, oporrak iristea desiratuko du. Duela ez asko, literatur kritikari batek esan zidan “freskoa” izenondoa erabiltzen dutela liburu bati buruz gauza onegi asko esateko ez dutenean baina egurra eman nahi ez dutenean. Nik uste dut liburu hau badela freskoa, eta ez dela batere despektiboa freskotasun hori.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina