Abel Amutxategi: “Irakurlearen irudimenari deitu nahi dio batez ere liburu bilduma honek”

piramide hegalarien kasua - Abel Amutxategi Ortega / Ivan Landa Hernandez (il. )

Niko eta amonaren abenturak argitaratu berri ditu Abel Amutxategik Piramide hegalarien kasua (Erein, 2026) liburuan. Beste behin, fantasiaz eta umorez beteriko mundu ezezagunetara bidaiatzea proposatu digu egileak.       

Planeta ezezagunak, zientzia-fikzioa eta umorea. Nahasketa ederra prestatu duzu orain ere!

Umorea eta genero literaturaren konbinazioa beti iruditu zait oso lur emankorra irudimenerako. Izan ere, umorea konstante bat da nire liburu guztietan, bai helduentzat idazten dudanean eta baita umeentzat idazten dudanean ere. Niko eta amona Gregoriri esker, haur literaturak umorean aritzeko sozialki onartuta dagoen bide bat eskaini dit, beste behin ere, eta ezin nuen aukera hori galdu.

Niko eta amona intergalaktikoa bildumaren bigarren alea da Piramide hegalarien kasua. Nora eramango gaituzte protagonistek?

Nikok eta amona Gregorik Arezabal planeta bisitatuko dute bigarren abentura honetan. Arezabal planeta horrek seguraski antzinako Egiptoko zibilizazioa ekarriko digu gogora, baina ez dauka horrekin zerikusirik, ezta pentsatu ere. Bertan, Nilo ibaiaren ordez, Urgarden ibaiak egiten duelako gainezka. Harrizko piramidetzarren ordez piramide hegalariak daudelako. Eta basamortu zabal baten ordez… are basamortu zabalago bat dagoelako. Gauza da gure protagonistak bertan bizi den kakalardo zibilizazioaren oinordetza salbatzen saiatu beharko direla. Ez dakit lortuko duten ala ez, baina ahaleginduko dira, horretaz seguru nago.

Eta gu agente intergalaktiko.
Bilduma honen helburu nagusia umeei irakurketaz gozaraztea da. Eta hori lortzeko, zer hoberik haiek ere agente intergalaktiko bihurtzea baino? Horretarako, Niko eta amona Gregoriren abentura bakoitzak familia artean edo lagunekin egiteko aproposa den esperimentu edo eskulanen bat ere badakar berarekin, irakurlea agente intergalaktiko peto-petoa bihur dadin. Lehenengo abenturaren ostean, adibidez, bizkotxo eder bat prestatu genuen.

Amona eta Niko dira bildumako protagonistak. Nola deskribatuko zenituzke bata eta bestea, eta zer da haien harremanetik gustuko duzuna?

Niko 8 urteko ume normala da, bere berezitasun eta bihurrikeria guztiekin, baina amona Gregori ez da batere amona normala, ez horixe: arratsaldea kroketak egiten edo lagunekin pasa beharrean, agente intergalaktiko bezala lan egiten du bere denbora librean.

Amonak bere poltsiko amaigabean gordetzen dituen traste guztiez gain, pertsonaia bien pertsonalitateek ematen duten jokoa gustatzen zait batez ere. Nikok eta amona Gregorik euren rolak elkar-trukatzen dituzte behin eta berriro istorio osoan zehar. Emakume heldu arduratsua izan beharko lukeen amona hori nolabait txorigaltzen da, eta Niko, berriz, arrazoiaren ahotsa bihurtzen da eromen honen guztiaren artean. Hori oso dibertigarria iruditzen zait. 

Jario handiko liburuak dira biak. Irakurlearekin exijentea da bilduma?

Irakurlearen irudimenari deitu nahi dio batez ere liburu bilduma honek. Nikok berak kontatzen dizkio bere abenturak irakurleari, lagun min batekin solasean ariko balitz bezala, eta esaldi laburrak eta onomatopeiak erabiltzen ditu, batez ere, erritmoa biziagotzeko. Haurrek horretaz gozatzea espero dut.

Badakizu amonaren eta Nikoren hurrengo bidaia nora izango den?

Unibertsoa hain handia izanik, ez diet amaiera hurbila ikusten Niko eta amona Gregoriren abenturei. Arazo asko dago oraindik konpondu gabe unibertsoan, eta mirari asko ikusteko. Hasteko, euren hurrengo abenturan Gomazko planeta bisitatuko dute, Burbuileta galaxiaren bihotz-bihotzean. Zer arazo aurkituko dute goma hutsez egindako planeta horretan? Auskalo. Niko eta amona Gregorirekin bat egin beharko dugu hori jakiteko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina