Irati Jimenez: “Kritika literarioa beti egin behar da alde, liburu horren alde ez bada, bai literaturaren alde. Hori falta zaigu askotan”

Irati Jimenez bere aita Edorta Jimenezekin

Irati Jimenezek (Mundaka, 1977) berriki argitaratu du Ogia eta zirkua (Erein), Harkaitz Canoren Neguko zirkua narrazio bilduman oinarritutako saiakera literarioa. Bidaia bat proposatu digu idazleak: berezia, magikoa, intrigaz betea.

Oso modu magikoan sortu zen liburua hau, ia sukar-amets gisa.
Gaueko orduetan sortu zen, ohean, nire bikotekidea ondoan lo zegoela. Neguko zirkua hainbatetan irakurrita neukan, baina konturatu gabe nengoen ipuinez ipui errepikatu egiten zirela hainbat elementu, oso zehatzak. Jantziak, ogia, zirkua. Pentsatu nuen lehen ideia hori telefonoan apuntatzea, ohetik mugitu gabe, berriz lo hartzeko asmoz. Baina azkenean orduak eman nituen telefonoan gauzak apuntatzen, ezin lorik egin. Kontzientziaren ertzean arrakala bat zabaldu zen eta liburu baten barruan beste bat zegoela ikusi nuen. (Irakurri +)

Nerea Arrien: “Horixe da gizarte likidoak eskaintzen dizuna: nahi duzuna izateko aukera tranpatia”

Jende Likidoa (Erein) ipuin liburua kaleratu berri du Nerea Arrienek. Lekeitiarrak gaur egungo jendeari buruzko kontakizunak bildu ditu 13 ipuinetan.

Ura da gertatzen den ororen testigu liburuan. Nondik jaio dira ipuinak?

Urak kohesio elementu bezala jokatzen du. Berak biltzen ditu pertsonaiak. Halere, uraren zentzu epikoak kendu nahi izan ditut. Ez dira naufragioetako urak, edota olatu erraldoienak. Bestelako likidoak dira hauek, prosaikoagoak. Gure egunerokotasunean biltzen gaituztenak. Lixibaz betetako balde bat, etxeetako hoditeriak, harraska buxatuak, malkoak, izerdiak…

Zer da Jende Likidoa?

Ez da itsas mitologiari lotutako jendea. Hemen ez dago Moby Dick edo marinel ausartik. Txitxarro arruntaren lekua da hau, bebarru garbitzailearena, labarretako arkitektoarena, arrain saltzaile, aquariumeko buzo, surflari, Kontxako bainu zaleena, besteak beste. Aurrean aipatutako likido prosaikoagoei lotutako pertsonaiak ditugu hauek. Fauna akuatiko postmodernoa. Gizarte likidoak ezinbestean busti duen jendaila. Marea likidoan alderrai, zalantzati, borondate barik, erresistentziarako gaitasun gutxirekin dabilen jendea. (Irakurri +)

Pikotxean jarri eta gozatzeko saila

Pikotxean deituriko sail berria jarri du martxan Ereinek, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua. Lehen lau liburuxkak kalean dira jada. Anjel Lertxundik eta Inazio Mujikak idatzi dituzte ipuinak, eta Antton Olariaga eta Maite Gurrutxaga arduratu dira marrazkiez.

Orkatilen gainean eserita egotea da pikotxean egotea. Kokoriko ere esaten diote batzuek. Bada, hor nonbait galdutako hitza berreskuratu, eta 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat sail berria jarri du martxan Erein argitaletxeak. Saileko lau liburuxka kalean dira jada, horietako bi sortu ditu Inazio Mujikak. “Tentsio pixka bat eta kontzentrazioa eskatzen duten liburuxkak dira, pikotxean irakurtzekoak”, azaldu du. “Ez luzeak, ez laburrak”. Hitz-joko horretatik datorkio izena, beraz, sail berriari. (Irakurri +)

Karlos Gorrindo “Liburua idatzi ahala emozioak ibili zaizkit barrunbean dantzan. Katarsi baten antzeko esperientzia bizi izan dut”

Funanbulistaren beldurra (Erein) nobelarekin itzuli da Karlos Gorrindo. Oraingoan gernikar idazleak bere bizitzako atal luze bat hartu du hizpide. Hamasei urtetik gora egin zuen preso Gorrindok eta sasoi hartako esperientzietatik abiatu da, denborak ematen duen talaiatik begiratuta, kontakizuna lehen pertsonan ehuntzera.

“Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti”, idatzi zuen Sarrionandiak. Zurekin egon zen preso. Eta zure gogoa ere hara itzuli da liburu honetan, zure kartzelaldia kontatzen duzu eta. Zergatik?

Ez beti. Baina urte mordoa bertan igaro eta gero, ezinbestean itzultzen zara bertara, zure bizi esperientziaren zatirik gogorrena han igaro duzulako. Josebaren poema bat da zuk aipatzen duzun zati hori. Bost urte izan ginen batera hainbat kartzelatan: Carabanchel, Puerto, Herrera… Joseba beti izan dut gogoan, ni idazle hargatik naizelako hein handi batean. Nire liburu askotan agertzen da era zuzen edo zeharka kartzelaren aipamena. Ebitaezina izan da nire bizitza literarioan. Oraingo honetan, aldiz, zuzen-zuzenean oratu diot zezenari adarretatik. Denbora igaro behar izan da, haatik, langintzan honetan hasteko. Denboraren joanak ematen duen objetibotasun puntu hori bilatu nahi izan diot testuari, nahiz eta zaila izan objetiboa izatea nobelan norbera denean protagonista nagusi. Urteetan izan ditut lagunak atzetik kartzelari buruzko liburua idatzi behar nuela esaten. Neure esperientzia kontatu behar nuela… Eta nik egokiera inoiz ez bilatu. Agian neure burua prest ikusten ez nuelako ibili naiz luzamendutan. (Irakurri +)