Nerea Arrien: “Horixe da gizarte likidoak eskaintzen dizuna: nahi duzuna izateko aukera tranpatia”

Jende Likidoa (Erein) ipuin liburua kaleratu berri du Nerea Arrienek. Lekeitiarrak gaur egungo jendeari buruzko kontakizunak bildu ditu 13 ipuinetan.

Ura da gertatzen den ororen testigu liburuan. Nondik jaio dira ipuinak?

Urak kohesio elementu bezala jokatzen du. Berak biltzen ditu pertsonaiak. Halere, uraren zentzu epikoak kendu nahi izan ditut. Ez dira naufragioetako urak, edota olatu erraldoienak. Bestelako likidoak dira hauek, prosaikoagoak. Gure egunerokotasunean biltzen gaituztenak. Lixibaz betetako balde bat, etxeetako hoditeriak, harraska buxatuak, malkoak, izerdiak…

Zer da Jende Likidoa?

Ez da itsas mitologiari lotutako jendea. Hemen ez dago Moby Dick edo marinel ausartik. Txitxarro arruntaren lekua da hau, bebarru garbitzailearena, labarretako arkitektoarena, arrain saltzaile, aquariumeko buzo, surflari, Kontxako bainu zaleena, besteak beste. Aurrean aipatutako likido prosaikoagoei lotutako pertsonaiak ditugu hauek. Fauna akuatiko postmodernoa. Gizarte likidoak ezinbestean busti duen jendaila. Marea likidoan alderrai, zalantzati, borondate barik, erresistentziarako gaitasun gutxirekin dabilen jendea.

Jende likidoa, gizarte likido batean.

Liburua perspektiba ariketa bat da. Kanpo ikuspuntu batetatik orokorrean begiratzen zaio gizarte likidoari. Gai likidoak izango dira ipuinetako habeak: maitasun likidoa, polimaitasuna, identitate anizkoitza, bakardadea, huts sentimendua… Pertsonaiek gai hauek iragaziko dituzte, nolabait, azaleko geruza busti bat eratuko zaie. Euren minen, kezken, bideen erantzulea izango dena. Hala ere, irakurlea horren jakitun izango bada ere, pertsonaiak ez dira horretaz jabetuko, euren artean ez da gai likidoez eztabaidatuko. Horregatik aukeratu nuen fikzioa. Eztabaida hori areagotuko balitz, narrazioak saiakera zantzua hartuko lukelako.

“Urezkoak ginen”, diozu lehen ipuinean. Eta haurtzaroko iruditegira eramaten gaituzu, samurtasun handiz. Zerk irauten du ordutik?

Gizarte postmodernoaren metafora izan ez zen garaia bizi izan genuen. Kostaldeko herri hartan dena zegoen itsasoari lotua. Ur haiek bestelakoak ziren. Ura arrainak ziren, baporeak, mahoizko jantziak, hondartzak, kaxetak…Kostaldeko herri horiek solidoa errepresentatzen dute. Aldatzen ez dena. Baina horiek ere, uraren zikloan sartu dira. Metaforak harrapatu ditu. Jadanik, ez dago baxura edo altuerarik. Kirol portuen garaiak dira. Urak nahi du gas izan edo izotz. Horixe da gizarte likidoak eskaintzen dizuna: nahi duzuna izateko aukera tranpatia. Ezinbestean, uraren zikloa borobila izaten delako eta zaren horretara bueltatzen zarelako. Tranpa horretan kateatuta daude liburuko pertsonaia guztiak.

Kostaldeko herrietan girotu dituzu ipuinak. Itsas usainak harrapatutako pertsonaiak ageri dira. Kresalak-edo higatutakoak.

Eragile geologikoek eragiten dute higadura. Ura bada horrelako eragile bat. Labarrak jaten ditu, denboraren konplize. Baina bada eragile geologikoek baino gehiago higatzen duen zerbait: egunerokotasuna. Hauxe da ipuinen ardatz. Egunerokotasun horrek parekotasun handiak ditu uraren alde ohartezinenarekin: bere isiltasunarekin, moldagarritasunarekin, izate erritmikoan edota higatzeko duen ahalmenean. Ura ez da bala bat edota laban bat. Baina apur zaitzake, egunerokotasunak bezala, konturatu barik. Domestikotasun honetan murgilduta daude ipuin guztiak.

Zer da itsasoa zuretzat?

Bueltatzeko leku bat. Beti bukatzen dut itsasora bueltatzen, edozer dela eta. Ezinbestean, harreman hormonala daukat berarekin.

Etxegabetuak liburua ere argitaratu duzu aurten, gaztetxoei zuzendua. Zer arakatu nahi izan duzu?

“Etxearen” esanahiaz hausnarketa bat da. Pandemia erdian etxegabetutako ama-alaben istorioa. Batzuk etxeratu eta beste batzuk etxegabetu. Kontraesanaren noraezean murgildutako gizarte baten muina azaltzen da hamabi urteko neskato baten begietatik.

Pandemiak aldatu du zure idazteko manera?    

Bai. Egunerokotasunak, presek…idazteko denbora mugatzen dizkizute. Presa horiek testuetan antzematen dira. Ez dut esaten zentzu negatiboan, baizik eta idatziek antsietate hori islatzen dutela; bai modu formalean, bai norbere estiloan. Inpultsuka idazten dut egoera horretan. Pandemian, konfinamendu garaian, berriz, munduko denbora guztia gurea zen. Idazkera askoz kontenplatiboagoa landu nuen. Deskriptiboagoa. Memorian arakatzeko beta izan nuen. Eta hori Etxegabetuak liburuan nabaritzen da.

 

Ana Abarisketa

Kazetaria

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina