Patxi Zubizarreta: “Iragana ez da monolitikoa, gertakari beraren oroitzapenak askotarikoak eta kontraesankorrak dira”

Patxi Zubizarreta (Irudia: Zaldi ero)

Memoria-ariketa harrigarria egin du Patxi Zubizarreta idazleak liburu berrian: Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan (Txalaparta, 2023). Gernikako familia baten hari-muturrari tiraka, erbestealdia osatu du, eta itzulera. Eta, bidean, gure historiaz jabetzeko nahi beste pertsonaia eta gertatu gurutzatu, eta eskaini digu lan eder bat irakurleoi, ohi duen finezaz.

Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan. Zein eta zein ziren miangolarratar horiek?

Francisco Miangolarra eta Maria Asuncion Gorostiaga senaremazteak, eta haien seme-alaba Luz, Laura, Augusto eta Pako ditugu miangolarratarrak. Francisco Miangolarra itsas kapitaina zen, gernikarra jaiotzez. Sota familiaren ontzidian zebilela, Pasaiara destinatu zuten, eta familia Donostiara lekualdatu zen. Baina 36ko gerrak harrapatu zituen eta, Gernikan barrena, Baionara, Parisera eta, azkenik, Caracasera alde egin behar izan zuten.

sakonean, itsasoa ikusten da - Patxi ZubizarretaCaracasera heldu eta miangolarratarrak ez ziren geldirik egon…

Ez, horixe! Luzek Los Caobos ikastetxea sortu zuen, eta Augusto izan zuen lagun, baina laster Augusto eta Pakok litografia bat sortu zuten eta, besteak beste, Venezuela kartografiatu zuten. Begira, Paul Wittgenstein pianista Lehen Mundu Gerratik besamotz itzuli zen, eta Ravel musikariari ezker eskurako obra bat konposatzeko eskaera egin zion. Era berean, miangolarratarrek, berezik Pakok, maingu ikusten zuten Euskal Herria, mapa bat behar zuen, eta Krutwig idazleari eskatu zion mapa: hortik sortu zen Vasconia obra. Partitura bat ere behar zuen, eta kultura eta autoestimua, eta Herri Gogoa diskoetxe klandestinoa bultzatu zuen.

Miangolarratarren uberan, hainbat izen eta izan bildu dituzu liburura: oraintxe aipatu duzun Federiko Krutwig, adibidez, eta hura ez ezik, Marc Legasse, Koldo Mitxelena… Baita EAJ eta ETA hasiberri hura ere…

Donibane Lohizunen KLM [Krutwig-Legasse-Miangolarra] sortu zuten, Lezo Urreiztietarekin batera. Utopia kartografiatu nahi zuen hiru mosketarien taldea zen. Bestelako Euskal Herria sortzeko konprometitu ziren, eta EAJ alderdia bezalaxe kritikatzen zuten hezurmamitzen ari zen ETA erakundea. Euskal Herriaren beste argazki bat bilatzen zuten.

Hainbat elkarrizketa egin dituzu liburua ondu ahal izateko, baina, nobelatu egin duzu lana, Julien Vinsonen hegaldia liburuan bezala.

Baina Julien Vinsonekin baneukan non ikertu, idazle frantsesak euskara ikasi zuen eta asko idatzi zuen. Saturno globo aerostatikoan Baionan aireratu eta, ezbeharrez, Iruñean erori zen. Baina KLMren garaia ez zen XIX. mendea, eta XX. mende erditsuan klandestinitatea zen nagusi eta, Krutwig oso argazkizalea zen arren, material grafikoarekin batera, material bibliografikoa falta da. Hala bada, elkarrizketa izan dut baliabide nagusi, eta Miangolarratarrekin batera, Eneko Irigaray eta Iñaki Larramendi –biak ETAko sorreran egondakoak–, elkarrizketatu ahal izan nituen, edota Jose Angel Irigaray, Benito Lertxundi, Iñaki Anasagasti, Eugenio Ibarzabal… Benetako plazera eta ikasgaia.

Zerk jarri zintuen lan honetara?

Beste pianista batek bultzatu ninduen, musikatik abiatuta, lan hau egitera: Joserra Senperenak. Herri gogoa diskoetxetik Lourdes Iriondo, Lete, Laboa, Valverde… igaro
ziren, baina Donostian inor gutxik du horren berri. Joserrak, aldiz, berehala jarri ninduen Eva Miangolarrarekin harremanetan. eta Leirerekin [Estornes Miangolarra]. Eta gero etorri zen itsasaldia, deskubrimenduz eta adorez bete zitzaigun.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina