Juliana Léveillé-Trudel: “Inuiten arbasoak inolako erosotasun modernorik gabe bizi izan ziren planetako inguru zailenetariko batean, eta indar horrek mugiarazten ditu egun Iparraldeko herriak”

 Nirliit: antzarak, inuiteraz. Izenburu hori du Juliana Léveillé-Trudel (Montreal, 1985) idazle quebectarraren lehen eleberriak. Garratz bezain samur deskribatzen du Nunavik, Quebeceko inuiten lurraldea, narratzaileak 40 urteko amona desagertu bati idazten dion eskutitz eder batean.

 

  1. Zure lehen eleberria Quebec iparraldeko inuiten herrixka batean kokatu duzu. Nondik datorkizu inuitenganako interes hori?

Beti erakarri izan naute Iparraldeak eta kultura autoktonoek, nahiz eta ni Quebec hegoaldekoa naizen (Estatu Batuekin muga egiten duen eremukoa). Interes hori amarengandik datorkidala uste dut. Amak asko miresten zituen komunitate autoktonoak, bereziki naturarekiko harreman harmoniatsuagatik eta ingurumenaren aldeko borrokengatik. Nerabezaroaz geroztik, gure amak ingurumena babestearen alde militatzen zuen, eta uste dut autoktonoak inspirazio-iturri zirela berarentzat. Gure etxean haiei buruzko liburu asko zegoen, eta, beraz, ni kontu haietan murgilduta bizi izan nintzen hein batean. Gero, hogeita gutxi urte nituela, nire lagun bat irakasle hartu zuten Nunaviken, eta Salluitera joan zen bizitzera bi urtez. Hango bere esperientzia kontatu zidanean, komunitate hura ezagutzeko are gogo handiagoa piztu zitzaidan. Bion artean, beraz, udaleku-proiektu bat jarri genuen martxan Salluit herrian, eta halaxe ekin nion Iparraldean lan egiteari.

  1. Zer kontatzen da Nirliiten?

Hegoaldeko neska gazte batek bere lagun Evari idazten dion gutun luze moduko bat da. Narratzailea Salluitera doa lanera udaro bezala, baina oraingoan ez du han topatzen bere lagun Eva, aurreko udaberrian desagertu baitzen. Narratzaileak Evaren istorioa kontatzen du, aldi berean Salluit herriaren eta hango biztanleen erretratu bat marraztuz, bere miseria eta edertasun guztiarekin.

 

 

  1. Nola deskribatzen dituzu zure liburuan Quebec Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak?

 

Kolonialismoaren ondorioek oraindik ere nabarmen orbanduriko harremana da. Kanadako nazio autoktonoen artean, inuitek dute historia kolonialik berriena, haien lurraldearen urruntasunak eta bizi-baldintza gogorrek luzaroago «babestu» dituztelako, hegoalderago bizi diren nazioekin alderatuta. Benetako kolonizazioa 1950eko hamarkadan gertatu zen, ez lehenago, eta aldaketak ikaragarri azkarrak eta bortitzak izan ziren. Quebeceko eta Kanadako gobernuek errotiko eraldaketak inposatu zituzten inuiten bizimoduan, eta haien lurraldeko baliabide naturalez jabetzen saiatu ziren. Horrek guztiak zauri sakonak eragin zituen, eta gaur egun sufrikario asko eragiten ditu oraindik ere.

 

  1. Narratzailea amorruz mintzo da sarri inuiten bizi-baldintza tamalgarriaren aurrean. Nola iritsi dira egoera horretara?

 

Hegoaldeko gobernuek inuiten bizimoduan inposaturiko eraldaketek, haien kulturaren desbalorizazioak (bereziki barnetegien sorreraren bidez) eta haien lurraldearen desjabetzeak, bistan denez, zentzuaren eta erreferentzien galera ekarri dute, eta horrek askotariko arazo sozialak sortzen ditu egun.

 

  1. Tragediak tragedia, Iparraldearekiko miresmena eta maitasuna agerikoak dira liburuan. Zer da inuiten mundutik gehien liluratzen zaituena?

 

Haien izaera indartsua eta erresilientzia. Inuiten arbasoak inolako erosotasun modernorik gabe bizi izan ziren planetako inguru zailenetariko batean, eta argi dago indar horrek, bizirik irauteko gaitasun horrek, horrek mugiarazten dituela egun Iparraldeko jende eta herriak. Komunitatearen zentzua ere hor dago, bizirik irauteko nahiari lotua. Mendebaldeko gizarteetan nagusi izan ohi den indibidualismora ohituta gaudenean, kontsolagarria da ikustea badela oraindik halako espiritu komunitario bat, halako zentzu kolektibo bat.

 

  1. Badakizu inuitek Nirliit irakurri ote duten? Zein harrera izan du inuiten artean?

 

Uste dut oso inuit gutxik irakurri duela, haien kulturan irakurketa ez baitago oso zabalduta. Ahozko kulturari estu loturiko herria da, eta literatura idatzia ez da gizarte mendebaldarretan bezain hedatua. Gainera, hor dago hizkuntzaren langa: eleberria frantsesez argitaratu zen lehenik, eta frantsesa ez da asko mintzatzen Nunaviken, edo ez da eleberri bat irakurtzeko bezain ongi menperatzen. Are ingelesa ere, ahoz gehiago erabili arren, ez da asko irakurtzen.

 

  1. Zer eragiten dizu zure liburua hainbat hizkuntzatara itzuli dela jakiteak, bereziki euskara bezain minoritarioa den hizkuntza batera?

 

Poz handia ematen dit! Quebectarra eta frantsesduna izaki, beti izan dut komunitate linguistiko minoritario bateko kide izatearen kontzientzia. Gure gurasoek aspalditik militatu izan dute frantsesa eta kultura quebectarra babesteko, eta ni ideia horietan murgilduta bizi izan naiz txikitatik. Partikularki sentibera naiz hizkuntza minoritarioekiko, eta uste dut kultura hertsiki loturik dagoela hizkuntzarekin; beraz, kultura bat bizirik gorde nahi bada, baitezpada babestu behar da hizkuntza. Azken urteotan interes handia dut Quebeceko hizkuntza autoktonoetan, eta ia 5 urte daramat inuitera ikasten. Iruditzen zait haur kanadarrek beren eskualdeko hizkuntza autoktonoak ikasi beharko lituzketela eskolan. Uste dut globalizazioaren eraginez dibertsitate eta gaitasun linguistiko handia galdu dela, zoritxarrez, ingelesaren probetxurako, eta premiazkoa iruditzen zait hizkuntza minoritarioak babestea. Eeyou Istchee eta Nunavik lurraldeen arteko mugan, adibidez, komunitate cree eta inuitak gai ziren garai batean hainbat hitz trukatzeko bata bestearen hizkuntzan; egun, ordea, inuitak ez dira batere mintzatzen creeraz, ezta creeak inuiteraz ere, eta ingelesez hitz egiten dute elkar ulertzeko. Tamalgarria iruditzen zait.

 

Aiora Jaka

Itzultzailea

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina