Pikotxean jarri eta gozatzeko saila

Pikotxean deituriko sail berria jarri du martxan Ereinek, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua. Lehen lau liburuxkak kalean dira jada. Anjel Lertxundik eta Inazio Mujikak idatzi dituzte ipuinak, eta Antton Olariaga eta Maite Gurrutxaga arduratu dira marrazkiez.

Orkatilen gainean eserita egotea da pikotxean egotea. Kokoriko ere esaten diote batzuek. Bada, hor nonbait galdutako hitza berreskuratu, eta 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat sail berria jarri du martxan Erein argitaletxeak. Saileko lau liburuxka kalean dira jada, horietako bi sortu ditu Inazio Mujikak. “Tentsio pixka bat eta kontzentrazioa eskatzen duten liburuxkak dira, pikotxean irakurtzekoak”, azaldu du. “Ez luzeak, ez laburrak”. Hitz-joko horretatik datorkio izena, beraz, sail berriari.

Gainerako bi liburuxkak Anjel Lertxundik idatzi ditu. “Nik banituen ipuin liburu batzuk Ereinen, baina 1997ko uholdeak eraman zituenak. Haietako ipuin batzuk erreskatatu, berritu, gaurkotu eta argitaratzea proposatu zidaten”. Zehazki, Gizon kabalen piurak [Erein, 2000] liburutik berreskuratu ditu ipuinak, Lertxundik: Zakarruko eta Donostian elefanteak ikusi zirenekoa. Aurretik idatzitakoa traizionatu gabe, gorputz gehiago eman, eta karga literario jantzia erantsi diela dio. Emaitza, ironiaz beteriko bi testu, kritikoak hainbat jokabide eta izaera-klaserekin eta, aldi berean, pikardia dosi zehatzekoak.

Zakarruko liburuan, esaterako, ustez petrala den pertsonaia da protagonista: Zakarruko bera. Petralduta bizi da bere buruarekin eta munduarekin. Orrialdeek aurrera egin ahala ikusiko dugu hala ote den benetan. Donostian elefanteak ikusi zirenekoa ipuina, berriz, distopia bat da, bertan bizi direnak elefanteak dira eta alkatea da enteratzen ez den bakarra.

Inazio Mujikak idatzi ditu Hans eta igela eta Ez apuratu. Biak daude lotuta jendetzaren zentzuarekin. “Haurrei beldurra ematen dien zerbait izan ohi da jendetza, festetan- eta ikus dezakegu, eta horregatik landu nahi izan dut gaia”. Europako iparraldetik etorri da Hans protagonista. Kaleko artista da, eta haren igel lagunarekin biziko dituen abenturak kontatzen ditu Hans eta igelak. Ez apuratu liburuan, berriz, amona baten eta haren ilobaren arteko istorioa ezagutuko dugu. Bien arteko harremanaz, memoria galtzeaz, hizkuntza beraren moldaeraz belaunaldizbelaunaldi…

Anjel Lertxundiren istorioak iruditara Antton Olariagak eraman ditu, eta Inazio Mujikarenak Maite Gurrutxagak. Ilustratzaileek beren istorioak kontatzen dituzte marrazkiz marrazki, eta denak daude pozik emaitzarekin. “Luxu totala” izan dela diote, bi idazleek, halako marrazkilari “handiekin” lan egitea.

Datorren urtean, Pikotxean saileko beste lau liburuxka argitaratzea da Erein argitaletxearen asmoa, gaztetxoek giharrak indartzen jarrai dezaten. Ordura arte, nahikoa abentura badute bizitzeko hainbeste animalia, senide, artista eta lagunen artean. Lertxundik dioen bezala, “irakurketa delako egon litekeen bidaiarik merkeena eta etekintsuena”.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina