Pikotxean jarri eta gozatzeko saila

Pikotxean deituriko sail berria jarri du martxan Ereinek, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua. Lehen lau liburuxkak kalean dira jada. Anjel Lertxundik eta Inazio Mujikak idatzi dituzte ipuinak, eta Antton Olariaga eta Maite Gurrutxaga arduratu dira marrazkiez.

Orkatilen gainean eserita egotea da pikotxean egotea. Kokoriko ere esaten diote batzuek. Bada, hor nonbait galdutako hitza berreskuratu, eta 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat sail berria jarri du martxan Erein argitaletxeak. Saileko lau liburuxka kalean dira jada, horietako bi sortu ditu Inazio Mujikak. “Tentsio pixka bat eta kontzentrazioa eskatzen duten liburuxkak dira, pikotxean irakurtzekoak”, azaldu du. “Ez luzeak, ez laburrak”. Hitz-joko horretatik datorkio izena, beraz, sail berriari. (Irakurri +)