Irati Jimenez: “Kritika literarioa beti egin behar da alde, liburu horren alde ez bada, bai literaturaren alde. Hori falta zaigu askotan”

Irati Jimenez bere aita Edorta Jimenezekin

Irati Jimenezek (Mundaka, 1977) berriki argitaratu du Ogia eta zirkua (Erein), Harkaitz Canoren Neguko zirkua narrazio bilduman oinarritutako saiakera literarioa. Bidaia bat proposatu digu idazleak: berezia, magikoa, intrigaz betea.

Oso modu magikoan sortu zen liburua hau, ia sukar-amets gisa.
Gaueko orduetan sortu zen, ohean, nire bikotekidea ondoan lo zegoela. Neguko zirkua hainbatetan irakurrita neukan, baina konturatu gabe nengoen ipuinez ipui errepikatu egiten zirela hainbat elementu, oso zehatzak. Jantziak, ogia, zirkua. Pentsatu nuen lehen ideia hori telefonoan apuntatzea, ohetik mugitu gabe, berriz lo hartzeko asmoz. Baina azkenean orduak eman nituen telefonoan gauzak apuntatzen, ezin lorik egin. Kontzientziaren ertzean arrakala bat zabaldu zen eta liburu baten barruan beste bat zegoela ikusi nuen.

Zer deskubritu duzu liburu honetan?
Neguko zirkua ipuin autonomoz osatuta dago baina halako intriga bat sortzen du. Nobela batean bezala hurrengo ipuinak tira egiten dizu, zer gertatzen den jakin nahi bazenu bezala, nahiz eta jakin badakizun hurrengo ipuinak ez duela aurrekoarekin zer ikusirik izango. Nola da posible? Abentura bakar bat kontatzen duela, hori da nire hipotesia, eta abentura hori azaleratzea eta abentura baten gisa kontatzea izan da nire asmoa. Erabaki literarioak ondo hartuta daudenean indar inkontzienteak liberatzen direla erakusten saiatu naiz eta literaturaz gozatzeko inpretazio tresna gustagarri bat egiten.

‘Neguko zirkua’-ren analisia da, baina hura irakurri gabe ere irakur daiteke.
Hori da, bai. Azken batean, saiatu naiz nik neuk irakurriko nukeen liburu bat egiten, beste liburu batzuk irakurtzen segitzeko gogoa emango duena, Neguko zirkua irakurrita izan ala ez. Stevensonek lagunentzako idazten saiatzea gomendatzen zuen eta ni saiatu naiz lagunei kontatzen liburu bat zenbat gustatzen zaidan, eta zergatik.

Beldurra zenuen edo pentsatzen zenuen eragingo zizula Canoren iritziak edo esku hartzeak?
Harkaitz Canoren iritziari inolako beldurrik gabe idatzi dudala da Harkaitz Canori buruz esan dezakedan gauzarik handienetako bat, irakurleen interpretatzeko libertatean sinesten duelako eta nire interpretazioarekin ados egon ala ez, libertate hori beti defendituko zuelako. Jakinmina nuen erakutsi nionean, igual pudore apur bat ere bai azken momentuan, baina beldurrik ez.

Kritika egitea gauza negatiboak esatea dela uste dugun arren, aldeko kritika da zurea.
Kritika literarioa beti egin behar da alde, liburu horren alde ez bada, bai literaturaren alde. Hori falta zaigu askotan. Gauza negatiboak esateari gorentasun intelektuala
eman diogu eta emozionatzeko adorez eskas gabiltza.

Bukatzeko, Canoren literaturaren jarraitzailea zara. ‘Neguko zirkua’ da zure kuttunetakoa?

Bai. Harkaitz Canoren onena, nire ustez, eta Sarrionandiaz geroztik egin den ipuin libururik garaienetakoa, garaiena ez bada.

Eta ipuinen bat aukeratzea eskatuko banizu, zein aukeratuko zenuke?
Azkena, Camarillo Brillo, bukaera euforiko eta lisergiko bat, liburu oniriko eta poetiko batentzat.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina