Irene Hurtado de Saratxo: “Gai gehienak egun-egungoak iruditzen zaizkit, eta batzuk betierekoak dira”

Natalia Ginzburgen Bertute txikiak euskarara ekarri du Irene Hurtado de Saratxok. Gaztetan, idazle hori deskubritu zuenean, zirrara berezia eragin zion, eta horregatik proposatu zion Alberdaniako editoreari itzulpena. Ertz andana duen testuaz orriek eskaini dezaketen tarteaz baino luze eta zabalago hitz egin daiteke itzultzailearekin.

Idazlearen egoera historikoa testuinguruan jartzeko; berezia da sortzeko izan zuen egoera?
Erabat. Lehen Mundu Gerran jaio zen Palermon, orduan aita –Giuseppe Levi irakasle entzutetsua– hango unibertsitatean lanean ari zelako, baina bera haurtxo bat besterik ez zela familia osoak jo zuen Torinora, aita hiri horretako unibertsitatera eraman baitzuten. Torinoko burgesiako familia ezagunenetako bat bilakatu zen; Mussoliniren erregimena zegoen orduan, eta giro sozialista eta antifaxistetan engaiatu ziren erabat. Bestalde, aipatu behar da ingurune erabat maskulinoan egon zela murgilduta, ezinbestean orduko Italia hartan, Einaudi argitaletxean aritu baitzen, Leone Ginzburg senarrak, Cesare Pavesek eta Giulio Einaudik sortu zuten horretan; ez da kontu hutsala. Bere garaiko intelektualik handienak zebiltzan inguruan, lagun edo lankide zituen Pavese, Calvino, Einaudi, Vittorini, Pasolini, Moravia, Sciascia…

Askotarikoak dira Gainzburgek jorratzen dituen gaiak, esango zenuke gaurkotasunetik ere irakur daitezkeela freskotasunik galdu gabe?
Gai gehienak egun-egungoak iruditzen zaizkit, eta batzuk betierekoak dira. Amatasuna eta lana bateratzeko arazoak, seme-alaben zaintzaren inguruko kezkak, haurren heziketa nola antolatu, klase sozialak eta diruak gizartea nola zatitzen duten eta gure bizitza noraino baldintzatzen duten… egungo agendan daudela esango nuke.

Gai horiek jorratzeko, nolakoa da idazlearen estiloa? Zergatik da berezia edo azpimarratzekoa?
Ginzburgen estiloa laua, xehea, soila da, baina aurrez oso landua eta soildua. Zehaztasunez idazten du, baina ez idor, ez gogor, ez hotz. Epikotasuna baztertu eta ate barruan gertatzen den horri begira dago, arlo pribatuan jartzen du arreta. Sentimentalkeriatik ihes egin, eta esaldi laburrak erabiltzen ditu maiz, adjektibo eta apaingarri gutxikoak, artifizio eta erretorikarik gabekoak, zaplazteko modukoak eman nahian.

Itzultzailearen ikuspegitik, zeintzuk dira testuak dituen berezitasunak?
Normalean esaten da Nata

lia Ginzburg ez dela bereziki zaila itzultzeko, beste idazle batzuekin konparatuta. Niri deigarria egin zait estiloa nola aldatzen den kontakizun batzuetatik besteetara: aurrenekoetan esaldi soilduak eta laburragoak, bukaerako saiakeretan, berriz, esaldi luzeagoak eta kateatuagoak, Paveseri eskainitako narrazioari darion lirismoa…

Zergatik uste duzu Bertute txikiak liburu berezia dela?
Bertute txikiak liburuan, Ginzburgek hitz egiten digu zorionaren iheskortasunaz, bizitzaren malenkoniaz, egunerokotasunaren ederraz, idazketarekiko maitasunaz… Ginzburg gizakiaren gatazka-guneetan murgiltzen da, eta ahalegina egiten du bere lagun Cesare Pavese ito zuten behe-lainoetatik ateratzeko.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina