Lander Garro: “Betidanik izan dut artista izateko bokazioa eta ametsa”

Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Lander Garrok iaz, eta lan amaitua dakarkigu orain: Faith izeneko nobela mardul bat, non gazte melankoliko baina errebelde batek, sakelak ametsez beterik, fede osoz egin beharko dion aurre atzetik datorkion marrazo erraldoiari.

Zazpi urte igaro dira azken liburua plazaratu zenuenetik, baina sormenari lotutako bestelako lanetan ibili zara bitarte honetan, ezta?
Bai, urte oso oparoak izan dira, eta zailak ere bai. Errealizadore gisa jardun dut gehienbat, telebistarako lehenik eta zineman ondoren. Euskalonski egin nuen telebistan, mundu osoan ibili nintzen bidaiatzen, eta gero dokumentalgintzan murgildu nintzen guztiz. Egin dudan guztia asimilatzeko denboratxo bat beharko dut oraindik!

‘Gerra Txikia’ zure azken nobela hartako protagonista berreskuratu duzu, Xabi Ugarte, baina beste garai eta beste leku batera eramanda.
Bai, Bartzelonara eraman dut Xabi Ugarte, 90eko hamarkada amaieran. Dakizun bezala, “aberriaren drama” bizi izan zuen Gerra txikian, eta hortik ihes egin nahian joan da hiri handira. Liburu osoa emango du patuak prestatua dion etorkizunarekin borrokan. Baina hura korapilatu egiten zaio behin eta berriz.

Galdera tipiko bat: zer du Xabi Ugartek zugandik eta zer da fikzioa nobela honetan?
Marrubizko perfume batentzat marrubi bat den horixe da Xabi Ugarterentzat Lander Garro. Jatorrian fruitua dago, baina hura xehetu, destilatu, kondentsatu, pausatu eta –beste elementu batzuekin– nahasi beharra dago perfumea ateratzeko. Kasu honetan berdin gertatzen da. Neronek bizi izandako hainbat kontu daude jatorrian, baina manipulaturik, destilaturik eta beste elementu batzuekin nahasirik. Bitxia da, zeren eta zinez gertatu ez zaizkidan gauzak gertatu zaizkidanak baino neureagoak sentitzen ditut.

Argazkilaritzak eta zinemak pisu handia hartzen dute kontakizunean, hain zuzen Ugarte horixe ikastera doalako Bartzelonara…

Betidanik izan dut artista izateko bokazioa eta ametsa. Obsesiboa izan da nire bizitzan ideia hau. Baina geure herriaren gatazka gehiegitan nahasi izan zait amets hauen bidean. Argazkigintza, literatura eta zinema, hirurak egin ditut, baina ez dakit zinez oraindik nire ahotsa topatu ote dudan. Liburuak horretaz guztiaz dihardu pittin bat.

Euskal Herriko jazarpen girotik ihesi ere joan da Hiri Handira protagonista, baina poliziaren itzala eta oroimenaren pisua gainetik kendu ezinik ibiliko da.
Polizia eta jazarpena ezinbesteko elementuak dira liburu honetan, ia artea bezainbat. Protagonistak gauza bat egin nahi du, baina botereak eta boterearen esku armatua den poliziak behin eta berriz beste bide batera eramango dute. Botereak egiten duen indar polizialen erabilera da liburuan jorratu nahi izan dudan gaietako bat. Uste dut boterearen erradiografia egiten laguntzen duela.

Ugarte agertuko da noizbait beste nobelaren batean, beste garai batean?
Baliteke, baina ez daukat horretarako plan zehatzik. Oso gustura eta libre sentitu naiz idazten, baina amaierara pittin bat nekaturik iritsi naiz. Beti bezala. Ikusiko dugu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina