Eneko Aizpurua: “Gai, ikuspuntu eta ahots anitzeko nobela da”

gaueko azken expressoa - Eneko AizpuruaGaueko azken expressoa (Alberdania, 2023) du izenburu Eneko Aizpurua (Lazkao, 1976) idazlearen laugarren eleberriak. Aurreko hirurak eleberri beltzak ziren; oso bestelakoa da azken lan hau, “Bidasoan gora” saiakera lan entzutetsuan ibiltzen zituen paisaiak fikziora ekartzen dituena.

Laugarren eleberria duzu hau, Eneko, baina aurreko hiruren aldean, ez da eleberri beltza. Nolatan?

Errauts (Erein, 2011) eta Herensuge gorriaren urtea (Erein, 2013) argitaratu ondoren, Lehertu da festa nobelak (Erein, 2016) eman zion bukaera Egileor ikertzailearen trilogia beltzari. Ordutik banerabilen buruan bestelako genero literarioak lantzea eta gauza berriak egitea.

Barros izeneko pertsonaia du eleberri berri honek protagonista nagusi. Nola definituko zenuke?

Han eta hemen iragaitzaz den migrante portugesa da. Baditu hezur-haragizko edozein gizakiren bertute eta kaskarkeriak. Batzuetan, zapalkuntza jasan eta boterekeriaren aurka borrokatzen da. Beste batzuetan, bidegabe jokatzen du edo lagun hurkoaren sufrimenduarekiko axolagabekeriaz. Tarteka, kontzientziako harraren ausikiak bitan banatzen dio bihotza.

Antonio izeneko haur garaiko lagun minaren gaixotasunak sorterrira itzultzeko asmoa piztuko dio. Zerk lotzen ditu bi pertsonaiok eta zerk aldentzen?

Haurtzaroko pozbideak eta Parisko paradisura iristeko itxarobideak lotzen ditu. Aldiz, Bidasoko mugak banantzen ditu elkarrengandik. Bidasoa erreka ezkutuan zeharkatzean, bidaidea eta gogaidea ur handian abandonatzen du Barrosek. Harrezkero, adiskide desagertua bilatzeko obsesioak jota bizi da.

Beste ur batzuen ertzean jaio arren, Bidasoakoetan lekutu zen aspaldi, ez erabat ordea; zein harreman du protagonistak bizitoki duen ingurunearekin?

Muga zeharkatu ezinik, ez atzera ez aurrera geratu da Bidaso bazterrean. Beste bizimodu bati ekin behar dio ezinbestean. Garbiñe ezagutuko du. Ezkondu eta seme-alabak izango dituzte. Alta, Barros ez da errotuko Bidaso bazterreko lur lohitsuan. Nonahi dagoela, lekuz kanpo dago beti.

Aurreko liburuak, Bidasoan gora saiakera (arrazoi osoz) aski laudatuak, hain justu geografia horretan gertatutako hainbat konturen berri ematen zuen; haren fikziozko bikia dela esango zenuke eleberri hau?

Geografia berean kokatua egonagatik ere, fikziozko lanak nortasun berezia du. Saiakeran, bada atal bat 70eko hamarkadan muga ezkutuan zeharkatu zuten migrante portugesei buruzkoa. Hari horretatik tiraka, nobelak gaian sakondu ez ezik bide berriak urratzen ditu mugaldeko lur zatituan adarkatuz eta han bizi diren fikziozko pertsonaien bizitzetan murgilduz.   

Ustez psikologoari zuzendutako kontakizunen bidez, barne bakarrizketa trinkoen modura harilkatutakoetan, ezagutuko ditu irakurleak pertsonaien bizi ibilerak. Lobo Antunes, Sánchez-Ostiz, Chirbes etorri zaizkit irakurri bitartean; edo hitz potoloak dira?

Bai, hitz potoloak dira. Pozik nengoke irakurleek idazle horien arrasto ttipiren bat sumatuko balute liburuan. Eredu ditut, besteak beste, Lobo Antunesek Gauzen ordena naturala nobelan darabilen idazmoldea eta Sánchez-Ostizen Las pirañas nobelako pertsonaiaren barne jarioa, bai eta Chirbesek Los viejos amigos nobelan maisuki kontrajartzen dituen ahots desberdinak ere.

Migratzeari, deserriari, bizi ezintasunari, laguntasunari, familiari, baita, azpigai modura, baina Euskal Herriari eta euskal gatazkari buruzko hausnarketak biltzen ditu liburuak.

Gai, ikuspuntu eta ahots anitzeko nobela da. Pertsonaia bakoitzak bere bizipenak kontatzen ditu, eta, elkarren aurkakoak diren oroitzapen txatalak josiz, denen artean harilkatzen dute euskal mugaldean bizi den familia baten gainbeherari buruzko kontakizun zatikatua.

Garai bateko migrazioak ardatz baditu ere, liburuak orain bizi-bizi den jendeen migratzeko beharra hunkitzen du, zoritxarrez gaur egunean protagonista tristea den Bidasoako mugarekin.

Mugak euskaldun askoren gogo-bihotzak erdibitzen ditu. Alta, migrante portugesen sufrikarioak apenas utzi du arrastorik euskal iruditerian. Gaur afrikarrek zeharkatzen dute muga ezkutuan. Nolanahi ere, hor dirauen bitartean denon itxarobideak ditu mugatuko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina