Adimen artifiziala, argitalpenen hornidura-katea hobetzeko proiektu berritzaile batean

Ekimen aitzindari honek, teknologiaren eta argitaletxeen sektoreko enpresen partzuergo batek gidatuta, eta onTech Innovation klusterrak koordinatuta, enpresa horien guztien ezagutzak batu ditu, teknologia argitalpen-mundura hurbiltzeko. IA-BOOK izeneko proiektuaren helburu nagusia Adimen Artifizialeko (AA) teknologiak erabiliz soluzio logistikoak optimizatzea da, bereziki argitalpen-industriako alderantzizko logistikaren arazoari aurre egiteko asmoz.

Proiektuan parte hartzen duen taldeak argitalpenen hornidura-katearen funtsezko alderdiak konpontzen eta prozesuaren eraginkortasuna hobetzen jardun du. IA-BOOKek hobekuntza nabarmena proposatzen du liburuak maneiatzeko moduan, fase guztietan (eskariaren aurreikuspena, inbentarioaren kudeaketa eta banaketaren optimizazioa, besteak beste), eta, hala, editore, banatzaile eta kontsumitzaileentzako kostuak murriztu eta onurak maximizatu ahal izango dira, neurri berean.

Elkar (Aduna), Espainian liburuen banaketan 50 urtetik gorako esperientzia duen enpresa, funtsezko zutabea izan da proiektu honen garapenean. Argitalpenen merkatuan eta logistikan duen ezagutza sakonari esker, eskari-patroiei eta hornidura-logikei buruzko informazioa metatu du. Elkarren talde teknikoa AAko adituekin elkarlanean aritu da datu historikoen multzo zabal hori aztertzeko eta ikaskuntza automatikoan oinarritutako sistema bat eraikitzeko, eta, hala, liburuen merkaturatzea optimizatu ahal izateko.

Bestalde, Oslice Technologyk, adimen artifizialean espezializatutako startup teknologikoak, stock-haustura iragartzeko algoritmoak garatu ditu, eta azken erabiltzaileek ere erabiltzeko aplikazio bat inplementatzen lan egin du, azken erabiltzaile horiei inbentarioaren kudeaketa erraztearren.

Trevenquek, Espainiako eta Latinoamerikako ekosistema teknologikoa eta argitalpenen merkatua sakon ezagutzen duenez, AAn oinarritutako eredu prediktiboen garapena gidatzen du, liburuen eskaera aurreikusteko. Proiektuaren lehen fase honetan, merkatuan lehendik dauden izenburuen eskaria aurreikustea izan da helburua. Gainera, argitalpen-prozesuaren digitalizazioa erraztuko duen plataforma prototipo bat garatuko dute.

IA-BOOKen atzean dagoen partzuergoak, argitalpen-sektoreko esperientzia eta adimen artifizialari buruzko ezagutza espezializatuak konbinatuta, argitalpen-industria etorkizunera begira bultzatzeko soluzio berritzaileak garatzearen alde egin nahi du.

Proiektuaren lehen fasea Industria eta Turismo Ministerioak finantzatu du, Enpresa Elkarte Berritzaileentzako (EEB/AEI) Laguntza Programari esker, Europar Batasunaren babesarekin, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez. onTech Innovation Europako hegoaldeko kluster teknologiko handienak koordinatu du jasotako laguntza.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina