Hartzea Lopez Arana: “Frantziar herria ez da soilik harropuzkeria edo sumisioa, badugu haiengandik zer begiratu ere”

Frantziako Errepublikan eta haren kolonietan 1789tik gaur arte izandako herri borroken berri ematen du Hartzea Lopez Aranak (Brusela, 1970) Suak eta hautsak. Herri borrokak Frantzian liburuan (Txalaparta): 1789ko Iraultza, Pariseko Komuna, 68ko Maiatza, Hego Euskal Herriko iheslariei emandako babesa, Jaka Horiak…Dokumentazio lan sakonean oinarrituta, perspektiba historiko zabala eskaintzen du liburuak.

Zerk bultzatu zaitu Frantziako eta haren kolonietako herri borrokak aztertzera eta haiei buruzko liburu hau idaztera?
Kuriositateak, begiruneak eta harridurak, baita ibilbide eta egintza horien guztien ezagutarazteko gogoek ere. 2019an Jaka Horien protesta hasi zelarik, ulertezintasuna sumatu zen euskaldunen artean eta sekuentzia horretatik abiatu nuen idazkia, honako galderarekin: nola da posible, Estatuak jendartea ontsalaz estekatua duen lurraldean, halako astinaldi ustekabea gertatzea? Iraganera jo nuen gero, Frantzian altxamendu herrikoiak noizik behin gertatzen direlako, zuztar propioekin. Esanguratsuenak aipatzeko, 1789ko Iraultza, Pariseko Komuna, 1936ko Fronte Popularra edo 68ko maiatza.

Jaka Horien protestak harritu eta esperantza piztudizula diozu liburuan. Zer irakaspen utzi du?

Protagonisten motibazioa eta gobernuaren jokamoldea.Alde batetik, bilera irekiak, biribilguneetan okupazioak eta larunbatero, urte eta erdiz, manifestaldiak eskualde guztietan, ber-politizazio eta matxinada giroetan. Bestetik, aldarrikapenei mespretxua, manipulazio saiakerak eta bortizkeria poliziala eta judizial itzela. Klase sozial herrikoien eta agintari politiko zein ekonomikoen arteko arrakala izan zen bistakoa eta ingurugiro guztietan utzi ditu aztarnak.

Frantziako borrokez gain haien kolonietakoak ere aztertu dituzu. Zer nabarmenduko zenuke horietatik?

Kolonietako askapen mugimenduentzat, frantziar iraultzaren goiburuak inspirazio iturri izan ziren euren autodeterminazio proiektuen atontzeko, Vietnam edo Aljeria kasu. Bertakoen, frantziarren eta “munduko zanpatu” guztien ondarea dira eta inperialismoak beste hainbat protesta mugimendu markatzen jarraitzen du, adibidez migrazio politikei edo energia atomikoari dagozkienak. Ipar Euskal Herritik Ozeano Bareko uharteetara, herrien eskakizun abertzaleak beti hor direla ahantzi gabe.

Norentzat izan daiteke bereziki interesgarri eta baliagarri liburu honen irakurketa?
Denentzat eta berezikiago historia eta perspektibak argiago ulertu nahi dituztenentzat, hain hurbil eta hain urrun ditugun errealitateetara errazkiago hurbiltzeko. Ez da analisi zurrunez osatu ikerlana, ez eta saiaketa hotz bat ere; molde kronologikoan eta sintetizatuan bildu nahi izan ditut gertakariak eta lekukotasunak, kontakizunean oinarrituz, irakurleak bere irakaspen eta ondorio propioak atera ditzan. Frantziar herriaren ezaugarriak ez direlako soilik harropuzkeria edo sumisioa, badugu haiengandik zer begiratu ere.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina