Ruper Ordorikak “Amour eta toujour” izeneko disko berria kaleratu du

Guria ostatuan argitaratu eta bost urtera, kantu berriekin dator Ruper Ordorika. Oraingoan Kubara jo du, eta hango soinuez eta ahairez bustita itzuli da Amour eta toujour diskoarekin.

Kubarekin urteetan izan duzun harremanaren ondorioa da disko berria. Baina noiz eta nola sortzen da disko honen ideia?
Duela hamabi urte biratxo bat egin nuen irlan barrena Matxitxa [Angel Azkarraga] neure adiskide eta manager ohiak antolatua. Kuban bizi da aspaldian, eta askotan antolatu dizkit halako emanaldiak, Habanan gehienetan, eta jo izan dut pieza bat edo beste bertako talderen batekin. Matxitxak esaten zidan: “Ruper, hemengo musikariekin grabatu behar duk!”. Nik barre egiten nion, halako urrun sentitzen nuen jotzeko modu hura!

Zer eskaini dizu Kubak urte hauetan guztietan?
Gure lehen munduko antipodetan lezio handiak hartu ditut, egiazki. Angel Katarainek esaten du zazpi aldiz bidaiatu behar dela bertara hango mundua ulertzen hasteko. Batzuek ez dugu gauza handirik ulertzen zazpitik gora ibilita ere! Hegazkin txartelak hartuak eta bira bat ere antolatua genuen konfinatu gintuztenean, eta itxialdiak erabateko plan aldaketa ekarri zigun. Azkenean diskoa hemen grabatua da, hango musikariekin, gehienbat.

Kubako musikariak eta aspaldiko adiskideak (Dani Perez, Nando de la Casa…) izan dituzu lagun grabazioan, baina Kubako musikaren klabeetara gerturatzea izan da helburuetako bat. Zer nolako lana eskatu dizu horrek?
Niretzat beste mintzaira batean kantatzea bezalakoa izan da hango erritmo moduetan sartzea. Beharrik Alberto de La Casa lagun izan dudan neure kantuak atontzeko orduan… beste fraseo bat, beste harmoniak. Euskaraz izanagatik ere, beste lengoaia batean murgiltzea bezalakoa egin zait eta Kubako musikari handiak ondoan izatea nahitaezkoa izan da. Kantuak beraiek soinu kontzeptu hori buruan izanda sortu ditut.

Bi kantu ere berreskuratu dituzu zure errepertoriotik. Zergatik aukera hori?
Aurreko diskoetan ere baditut kantu batzuk hango esperientzietan oinarrituak. Horietako bi hautatu nituen, guztizko beste aldaera batean: Haizea Garizumakoa eta Zorioneko Moilan. Zehazki mintzo dira diskoan islatu nahi nukeen munduaz.

Letrak zureak dira gehienbat, baina badira Joseba Sarrionandiaren testu pare baten egokitzapenak eta Eva Linazasororen besteren bat. Bada letrak zeharkatzen dituen haririk?
Bai, elkarrekin atondutako hitzak dira. Testu bat prosa liburu batetik atera dut –Gaukariatik, esaterako– eta gero nik errepika erantsi eta horrela. Evarekin ere gauza bera, erdizka ondutako hitzak dira. Badago, baita ere, Vladimir Visotskyren aldaera bat. Aktore, kantari eta poeta mitikoa Sobiet Batasunean. Habanan ezagutu nituen bere
kanta batzuk, eta libertate handiz ekarri dut horietako bat gurera.

Amour eta toujour izenburua jarri diozu diskoari.
“Amour eta toujour lako errimak zaborretara” abesten nuen Sarrionandiaren Kantuaren gauza galdua-n. Hortik heldu zitzaidan izenburua. Frantziar klasikoetan ia esamoldea da amour et toujour: errima eta topikoa. Niretzat  son kubatarra, bere errima eta irudi fantastikoekin, kantagintzaren muin-muinean dagoen kanta moldea da.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina