Torrealdairen azken liburua: Egunkaria

Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta Joan Mari Torrealdairen azken liburua da. 2020an, zendu zenean, amaitu gabe utzi zuen, eta Joanmari Larrarteri utzi zion enkargua liburua bukatu eta argitara zedin.

Joanmari Larrartek liburuaren sarreran kontatzen duenez, “libururako atal ia guztiak idatzita, idatzitako testuen gainean egindako ohar mordoa, bi atal eskema moduan eta aurkibide proposamen bat” utzi zizkion, eta haren lana izan da testu horiek zuzentzea eta edizio lana egitea.

Joan Mari Torrealdaik Egunkariaren ibilbidea islatu du liburuan, bere bizipenetik abiatuta. Ia-ia hasieratik hartu zuen parte Torrealdaik Egunkarian, amaiera arte, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak itxi zuen arte. Liburuan kontatzen da Argiak euskarazko egunkari bat egiteko erabaki zuenetik itxiera eta itxi ondorengo epai-bidea igaro arteko historia. 1988-1989tik hasi eta 2014 arteko tartea dago kontatuta bertan.

Liburuaren hasieran kokatu egiten du irakurlea. Batetik, XX. mendean zehar euskarazko egunkariaren beharraz esandakoak eta egindako ahaleginak biltzen ditu. Bestetik, 80ko hamarkadako giro sozio-politikoa ere azaltzen du eta haren gaineko gogoeta egiten du. Ondorenn kontatuko dena ulertzeko baliagarria da, batez ere garai hura bizi izan ez zuenarentzat.

Hortik aurrera, kontaketa dator: Argiaren erabakia euskarazko egunkaria sortzeari ekiteko; Egunkaria Sortzen elkartearen sorrera eta lana; Egunkaria sortu eta haren garapena; lehen urteetako boikotak eta ondorengo hitzarmenak; 2003 arteko ibilbidea; itxiera eta epaiketarako bidea. 25 urteko ibilbidea.

Torrealdaik berak esaten duenez sarreran, ez da Egunkariaren historia kontatzen: “Ez, ez da historia bat, baina argi gera bedi bertan kontatzen diren gertaerak horrela izan zirela, eta hori erakutsiko duten dokumentuak ere badaudela, eta izango dituela eskura hala nahi duenak. Gertatutakoaren egitatea ezin da ç aldatu; hori hor geratuko da, eta bada nire interesa hori ezagutu dadin. Gertaerak gertaera dira, eta horiek hor daude; gertaeren gainean egingo den interpretazioa, berriz, norberarena da, eta liburu honetakoa nirea, Joan Mari Torrealdairena.”

GERTAKIZUNAK ETA GOGOETAK

Ez da soilik kontaketa liburua, bada gogoeta liburua ere. Torrealdaik hainbat eta hainbat hausnarketa utzi ditu liburuan zehar, eta horiek asko aberasten dute testua.

Liburu honetan, Torrealdaik kontatuta utzi digu herri ekimenetik abiatutako proiektu baten arrakasta. Ikus dezakegu, herri gogoa dagoenean, indarrak bilduta eta lan profesionalarekin uztartuta, edozein ekimen gauza daitekeela.

Egunkariaren prozesua ezagutu ez zuenarentzat liburu oso interesgarria da, hain zuzen ere proiektu baten garapen osoa eta herri indarraren balioa erakusten dituelako. Garaia eta proiektua ezagutu zuenak edo bizi izan zuenak, historia gogoratzeko aukera du, eta berriak izango zaizkion hainbat gertaera ezagutzeko aukera ere izango du.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina