Mikel Sotok irabazi du Tene Mujika beka

Mikel Soto idazle eta editore ohi iruindarrak irabazi du Tene Mujika beka Jon Miranderi buruzko ikerketa-proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Sotorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du sarituak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

“Mirande: Herriminez, ezin-minez” izenburua eman dio Sotok bere egitasmoari, eta bertan, duela ia 100 urte jaio eta orain dela mende erdi zendutako idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltza batzuk eskaini nahi ditu: batetik, Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremanak ikertu, Miranderen bilakaeran funtsezkoak izan arren aski ezezagunak baitira euskaldunontzat; bestetik, Miranderen lan ezezagun batzuk topatzen saiatu, batik bat (baina ez soilik) bretoieraz idatziak; eta azkenik, Miranderen biografian hondarreko urteotan egin diren aurkikuntza guztiak bateratu, biografia osatu bat plazaratzeko, publiko zabalarentzat.

Mikel Soto Nolasko (Iruñea, 1978) Historian lizentziatua da eta urtetan izandako editore lanagatik da batik bat ezaguna euskal kulturan, egun irakaskuntzan ari bada ere. Suak pizten direnean poesia-liburua kaleratu zuen 2020an. “Deabruaren eskola” dibulgazio literarioko proiektu digitalean hartzen du parte, eta torturaren salaketako ekintzaile gisa ere badihardu, besteak beste.

ELKARRIZKETA

2022an bete ziren 50 urte Mirande hil zela, eta datorren urtean, berriz, haren jaiotzaren mendeurrena. Urteurrenak urteurren, zergatik jarraitzen du Mirandek lilura eta jakin-mina pizten?

Jon Mirande oso argi potentea da euskaldunontzat hain iluna izan zen XX. mendeko erdialdean eta, potente izateaz harago, Mirandek oso argi seduktorea irradiatzen du. Bere poemak irakurtzen dituzu, eta topo egiten duzu akelarre eta sorginekin, lesbianekin, erotismoarekin; ipuinak leitzen dituzu, eta gure literaturan ordura arte ezezaguna zen umorea eta belztasuna agertzen zaizkizu; bere gutunak irakurtzen dituzu, eta nazismoarekin topo egiten duzu, baina baita 50eko hamarkada hasieran euskaldunoi egindako borroka armaturako deiarekin ere; bere nobela bakarra irakurtzen duzu, eta pedofiliaren gaia aurkitzen duzu, baina haren azpian beste hamaika auzi, geruza eta interpretazio ere bai, eta, hori guztia buruan daukazunean, ikusten duzu Aingeru Irigarairi druidaz jantzita bidali zion argazkia, eta ezinezkoa da ez galdetzea: “Baina nor izan zen gizon hau?”.

Lilura eragin arren, zinez oso gutxi dakigu haren bizitzaz, ziurtasunez esateko, eta haren obra ere nahiko partzialki ezagutzen dugu…

Ados nago Miranderen obraren ezagutza partziala dugulako ideiarekin, baina ez nator bat bere bizitzaz gutxi dakigulako ideiarekin. Nire ustez haren bizitzari buruz gehiegi dakigu, baina ez dakigu horrekin zer egin, eta, gizona eta obra hobeto ulertzeko erabili beharrean, euskaldunok halakoetan egin ohi duguna egiten dugu: epaitu. Eta, gainera, esango nuke euskal literaturaren historian Mirande inor baino gogorrago epaitu dugula. Sorginei buruzko poema bat idazten badu edo Erdi Arokoa dirudien gaztelu batean kokatutako bat, arazorik ez da, baina sexuari lotutako edozer idazten badu, automatikoki interpretatzen dugu poema hori haren bizipen errealetan oinarrituta dagoela. Baina hau ez dugu beste inorekin egiten. Zer dela eta gauza bera ez egin prostitutez idatzi duten Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga edo Pako Aristirekin? Literaturaz ari garenean ezin ditugulako hitzak literalki hartu. Baina Miranderekin egiten dugu, etengabe, eta era oso anker eta gizagabean. Nire ustez haren bizitzaz dakiguna erabili beharko genuke gizona eta obra hobeto ulertzeko eta ezagutzeko, ahal dela, gizatatasunetik libre ez dagoen zientifikotasunez.

Zein izango da zure lanaren ekarpen nagusia?

Jon Mirandek Bretainia eta bretoierarekin izan zuen harremanean sakondu nahiko nuke, funtsezkoa baita bere giza garapenean eta bere obran. Izan ere, euskal literatura irauliko zuen gizonak lehenago ikasi zuen bretoieraz hitz egiten euskaraz baino, eta herri eta hizkuntza horrekin harreman oso estua mantendu zuen heriotzara arte. Baina, horrez gain, 1948. urtean Telesforo Monzonen edota Jon Lostauren aurrean jeltzale, demokrata eta “kristotar” gisa aurkezten den Mirande biolentoki aldatzear da eta, horretan pixka bat sakondu duen edonor ohartu den gisan, argi dago Ker Vreizh bretoien kultur elkartean ezagututako Pennaod, Marchal, Hervé eta enparauen lagunartea funtsezkoa dela iraulketa horretan. Beraz, gizona eta obra hobeto ezagutu nahi baditugu, fenomeno horri buruz gehiago jakin behar dugu derrigor. Bide horretan, gustatuko litzaidake galduak edo argitarataragabe dirauten Miranderen hainbat idatzi bilatzea, aurreko urtean Deabruaren Eskolan argitaratu genituen lan ineditoen berreskurapenaren ildotik eta, oraintxe jakin ezin dezakedan arren zer topatuko dudan, ziur naiz gauzak aurkituko ditudala. Hori eginda, gustatuko litzaidake Miranderen bibliografia pixka bat osatzea, aurkikuntzak egin ditugun arren, urte batzuk daramatzagulako hori birrosatu gabe. Azkenik, gustatuko litzaidake hori guztia egitea publiko orokorrarentzat idatzitako liburu batean, Miranderi buruzko ikerketa espezializatu –on eta txar– asko dagoelako baina, esan dudan bezala, bere bizitza osoa zeharkatzen du Bretainiarekin duen harremanak eta, beraz, uste dut posible dela bere bizitzara eta obrara aurrenekoz hurbildu nahi duen edonorentzako moduko dibulgazio liburu on bat egitea.Badakit horrela esanda badirudiela Kinder arrautza bat egin nahi dudala: “txokolatea, jolasa eta sorpresa” (egiaz, beti iruditu zait tontakeria hori esaten zutela publizitaterako hiru zenbakiak ongi ematen duelako). Bada, hein handi batean hala da, baina horien guztien erdia egitea lortzen badut, uste dut lan on bat izan
daitekeela Mirande: Herriminez, ezin-minez hau.

Miranderen bretoizaletasuna ez ezik, aski ezezaguna da (Hego Euskal Herrian bederen) Bretainia bera, hango kultura eta historia…

Miranderi buruz seriotasun minimo batez idatzi nahi izan duen orok haren bretoizaletasuna azaldu behar izan du eta, Josu Martinezena bezalako lan berriez gain, hor ditugu duela urtebetetxo joan zitzaigun haren lagun Txomin Peillen nekaezinaren lanetan Bretainiak duen lekua, baina baita ere azken urteetako Anjel Lertxundi, Aurelia Arkotxa edo Miel A. Elustondoren idazkiak gai horri buruz. Hala ere, egia da diozuna, lau orokorkeriaz haratago, ez dakigu ezer Bretainiari buruz eta jakin beharko genuke. Bere lanekin beti hain zuhurra eta besteenekin hain eskuzabala den Joxe Azurmendik duela gutxi, aurreko urtean Deabruaren Eskolan argitaratu genituen lanen harira, ohi duen argitasunaz esan zidan: “baina orduan Mirande nazi bretoi batzen”. Eta hala da, baina orduan ulertu behar dugu zer den bretoi nazi bat izatea.

Non ikusten dituzu zure proiektuaren zailtasun handienak edo koxka nabarmenak?

Bada, oraintxe komentatzen ari ginena ulertzean: Bretainia eta abertzaletasun bretoia ulertzen hastea, Bretainia apenas ezagutu gabe eta, okerrago dena, retoieraz jakin gabe. Euskaldunok beti kexaka gabiltza guri buruz hitz egiten edo idazten dutela guri buruz ezer gutxi jakin gabe, baina… zer dakigu guk besteei buruz? Bekaren berria oraindik eman ez diodan arren, espero dut Padrig an Habask lagun bretoiak, Deabruaren Eskolarako Miranderen bretoierazko testuen itzulpen eder eta eskuzabala egin zuenak, horretan ere lagunduko nauela. Azkenik, Guillermo del Tororen Pacific Rim filmean, jaeger barruan “deriban” dauden lagunek beren oroimenean galtzeari “igelen bila joatea” deitzen diote, Jon Miranderi buruz ari bagara esamolde ezin hobea dena, eta neuk arrisku handia daukat Miranderen galdutako lanen, eskutitzen, argazkien arrastoak han-hemenka ikusteko eta “igelen bila” galtzeko.

Zein izango da, zure ustez, Miranderen legatua? Zer irakurriko diogu eta zergatik XXI. mendeko euskaldunek?

Esaten dute maisulanak maisulan direla amaiezinak direlako, eta hala da, maisulan baten aurrean egiten diren interpretazioak, lan eratorriak… infinituak dira. Halakoxea da Miranderen obra. Oraindik berdindua izan ez den euskararen erabilera bat eginez, gai, sinbolo, paisaia, zentzumen berriak ekarri zituen euskal literaturara eta, alde horretatik, egin zuen ekarpena eternala da. Horrez gain, Jon Mirande izan zen gizona ulertzeko ageriko zailtasunak ditugu, eta zailtasun horien baitan hari zuzentzen dizkiogun galderak geure buruari egiten ari gatzaizkio etengabe eta, zentzu horretan, XXI. mendeko euskaldunek beren burua interrogatzen jarraituko dute, gure literaturara modernotasuna ekarri zuen gizon horri eta haren penei eta doloreei buruz aritzeko. Izan ere, duela mende bete jaio zen Jon Mirande bere garaiko euskaldunak baino modernoagoa izan zen, baina gu baino modernoagoa izaten jarraitzen du eta jarraituko du, berak literatura idazteko egin zuen askatasun artistikoaren erabileraren argiak oraindik itsutu egiten baikaitu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina