Kopla dago muinean

Korrontziren hamargarren diskoak Xabier Amurizak sortu eta osaturiko hitzak eta Agus Barandiaranek sorturiko trikiti doinu askotarikoak biltzen ditu.

Kopla dago trikiti doinu, lan eta disko askoren oinarrian, baina ez guztietan derrigorrean. Korrontziren lan berriaren muin-muinean kopla dago, ordea. Eta, horretarako, koplari apartekoenetakoa (koplen sortzaile, behatzaile eta berreskuratzaile den heinean) izan dute bidaide. Xabier Amurizaren hitzok diskoaren liburuxkan topa litezke, entzungo denaren itsas-argi modura: “Koplaren estetika bizi eta politaren erabilera modernoa ala tradizionala kontzeptuen eta edukien gorabeheran dago. Nik neuk, disko honetan bezala, kopla baliatzen dut, bere mugekin, nahi dudan edo eskatzen zaidan edozein mezu kantatzeko. Hori bai, beti ere, hain estetika xarmagarri bati bihurdura mingarririk ez eragiten saiatuz”. Ezin zuen bestela izan eta Koplariak du izenburutzat Agus Barandiaran lemazain duen taldearen lan berriak, eta ezinbestean, egitasmoaren egiletza partekatua eta elkarlana aitortzen du azaleko sinadurak ere: Korrontzi & Xabier Amuriza. (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko. (Irakurri +)