Kopla dago muinean

Korrontziren hamargarren diskoak Xabier Amurizak sortu eta osaturiko hitzak eta Agus Barandiaranek sorturiko trikiti doinu askotarikoak biltzen ditu.

Kopla dago trikiti doinu, lan eta disko askoren oinarrian, baina ez guztietan derrigorrean. Korrontziren lan berriaren muin-muinean kopla dago, ordea. Eta, horretarako, koplari apartekoenetakoa (koplen sortzaile, behatzaile eta berreskuratzaile den heinean) izan dute bidaide. Xabier Amurizaren hitzok diskoaren liburuxkan topa litezke, entzungo denaren itsas-argi modura: “Koplaren estetika bizi eta politaren erabilera modernoa ala tradizionala kontzeptuen eta edukien gorabeheran dago. Nik neuk, disko honetan bezala, kopla baliatzen dut, bere mugekin, nahi dudan edo eskatzen zaidan edozein mezu kantatzeko. Hori bai, beti ere, hain estetika xarmagarri bati bihurdura mingarririk ez eragiten saiatuz”. Ezin zuen bestela izan eta Koplariak du izenburutzat Agus Barandiaran lemazain duen taldearen lan berriak, eta ezinbestean, egitasmoaren egiletza partekatua eta elkarlana aitortzen du azaleko sinadurak ere: Korrontzi & Xabier Amuriza.

Zifra borobilen diskoa da. Korrontziren ibilbideko hamargarren lan luzea da, eta hamar kantu berri biltzen ditu. Horietatik bakarra da hitzik gabekoa, inolako koplarik ez duena, Barandiaranek berak soinu txikiarekin sorturiko Mezobarri pieza bizi-dantzagarria. Gainerako kantu guztien musikaren egilea ere Barandiaran da. Hura arduratu da soinu txikiaz, txalapartaz eta elekronikaren egokitzeaz, baita proiektuaren gidaritzaz ere. Ander Hurtado de Saratxo (perkusioak eta bateria), Kike Mora (kontrabaxua eta baxu elektrikoa) eta Alberto Rodriguez (gitarra eta mandolinak) ohiko kideak izan ditu alboan abuztuan egindako grabaketan. Kolaboratzailez ere ondo hornituta dator lan berria, diskoari soinu aberastasun eta sendotasun handia emanez. Honako hauek parte hartu baitute bertan: Luis Peixoto (gitarrak, zarrabetea eta mandolina), Xabier Zeberio (biolina), Ivan Allue (alboka, eskoziar gaita eta whistlea), L.M. Moreno Pirata (tronpeta, tronboia eta saxoak), Xabier  Berasaluze Leturia (panderoa eta ahotsak), Leire Berasaluze (ahotsak), Imanol Urkizu (ahotsak), eta Kristina Aranzabe (ahotsak).

Xabier Amurizak berak kantatzen du zenbait piezatan, eta haren hitzezko azalpenak datoz kantu bakoitzarekin diskoaren liburukian ere. Kantu batzuk hasi eta buka sortu ditu Amurizak, eta beste zenbait tradiziozko hitzetatik abiatu, osatu edo berregin ditu. Hitz tradizionaletatik jasoak dira, Ezkondu nintzanean, Marinel emaztea. eta Meridianoa Greenwichen. Diskoa ixten du azken horrek eta honela azaltzen du Amurizak: “Kopla hauetan erakutsi nahi nuen genero tradizionalak, modernoa izateko, kontzeptuak eta ideiak aldatzea besterik ez duela behar. Testuingurua, urtean behingo ospakizun bat. Edukia, ironiko-korrosibo-baikorra. ‘Heriotzak ez nau maite, lurpean behar ez naute’. Orain arte, behintzat. Beraz, ‘biziko naiz elegante, urtean behin gutxienez’. Zergatik ez urte osoan?”.

Amurizak oso-osorik sortuak dira, aldiz, beste sei hauek: Ederregia zelako, Urtaroak, Porru gazia, Laja badoa!, Bizitzeko jaio eta Ene izar maitea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina