Sastraka / Maleza

sastraka = maleza (+2 audio cd) - Pello Lizarralde / [ET AL. ]Ezohikoa da Sastraka/Maleza. Liburua da, izatez, elebiduna, formatu handikoa eta oso-oso zaindua. Baina liburua baino askoz gehiago ere bada. Proiektu interdiziplinar ausarta da, Pello Lizarralde idazlearen testu batetik isuria. Idazki horretatik edanez, José Ignacio Agorreta pintoreak margolan andana sortu du. Imanol Ubedak, berriz, diskoa osatu du. Eta Imanol Rayo zinemagileak argazki sorta bat paratu du.

Gutxitan gauzatu da gurean Sastraka/Maleza gisako proiekturik. Lau sortzailek osatu dute, elkarlanean, baina nork bere aldetik egin du lan, askatasun osoz. Hain da horrela ezen proiektua deitzea ere ez baita zilegi, aurretik pentsatu gabeko kolaborazio-kate baten emaitza izanik. Pello Lizarralderen testu batetik abiatu dira gainerako hiru sortzaileak. Bidaia ezinezko baten gaineko gogoetak dakartza. Bizitzan aurrera egin ahala gogoan gordetzen ditugun oroitzapenen ziztadak dira protagonistak, itzulera baten bila joatera bultzatzen gaituzten akuilukadak. Ezinezko itzulera da, ordea, iraganaldia aldatu egiten delako hala errealitatean nola gure oroimenean. “Inor ez baita kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik”, ondorioztatu du Lizarraldek. Testua José Ignacio Agorreta margolariari igorri zion Lizarraldek.

Adiskideak dira, aspalditik, eta beti ibili izan dira elkarrekin zerbait egin nahian. Bidali esperantza urriaz bidali zuen, idazleak aitortu duenez, ez baitzuen lantegi erraz irizten bere testuari atarramentu ar tistikorik ateratzeari. Baina Agorretak bestela ikusi zuen: “Irakurketan aurrera ahala, irudiak bururatzen hasi zitzaizkidan, koadroak izan zitezkeen –izan behar zuten– irudiak”, kontatu du margolariak. Iruñeko aldirietara jo zuen itzulera ezinezkoaren paisaien bila. Han aurkitu zituen. Orain liburuan daude.

Hurrengo urratsa Imanol Ubeda musikariari ere testua helaraztea izan zen. Hasieran ez zuen ekarpena egiteko era samurrik ikusi, eta hala izan omen da. “Ez da ibilbide errazena izan, aukeratu dugun mapak sekula urratu gabeko bazterretara eraman gaituelako”, aitortu du Ubedak. Baina azkenean unibertso horri lotutako hamabi kantu osatu ditu, Lizarralderen testuko atal bakoitzetik, bana. Don Inorrez taldearekin grabatutako Sastraka diskoa bilakatu dira.

Ibaiadarrak batu ahala, Sastraka ibai gero eta zabalagoa bihur tu zen. Luzatu zioten gonbitari men eginez, Imanol Rayo arbizuar zinemagileak argazki sorta bat osatu du Lizarralderen testuan inspiratuta. Bere oroitzapenen bidaiak Almadén aldera eraman zuen, Ciudad Realera. Han egin zituen argazkiak. Are gehiago: erretratu horien soinuak ere bildu ditu. Liburuak testuak, argazkiak eta koadroak bildu ditu. Gainera, cd bi dakartza aldean. Don Inorrezen diskoa, Imanol Rayoren argazkiak eta haiei dagozkien soinuak dira. Eta bada gehiago. Erakusketak zabalduko dituzte 2022an (Iruñea, Gasteiz eta Donostia). Erakusketak irekitzeko egunetan, Don Inorrezek kontzertu bana emango du. Sastraka diskoa zuzenean entzuteko aukera bakarrak izango dira.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina