Santi Leoné: “Nire pertsonaiak errutinan, zorrotz arauturiko bizimoduan, asperduran harrapatuak daude eta ezin ihes egin dute”

Liztor mutanteak (Susa, 2022) izena du Santi Leoné idazlearen (Iruñea, 1972) lehen fikziozko lanak. Hamar ipuin bildu ditu bertan, ohikoa duen begirada zorrotz eta kontzesiorik gabearekin idatziak.

Bi saiakera liburu, hamarnaka artikulu, orain ipuin bilduma bat. Fikziozko idazle bat zegoen hor nonbait ezkutatuta?

Bai, neurri batean bai. Fikzioa irakurtzea betidanik gustatu zait, eta aspalditik izan dut fikzioa idazteko asmoa edo gogoa bederen. Izan ere, denbora luzea da liburu honetako ipuin batzuk nirekin, nire baitan, bizi direla, edo bizi izan direla, orain nire barnetik atera eta mundura bidali baititut. Kosta egin zait idaztera jartzea, eta idazteko prozesua ere franko luzatu da, segur aski behar baino gehiago. Beharbada kanpoko begiraleak ez du honela ikusiko, baina niretako fikziorainokoa aski bilakaera naturala izan da, goiz ala berant fikziora ailegatu behar nuela sentitzen dut.

Ipuinak askotarikoak dira, baina bada pertsonaia mota bat, berrogeitaka urteko gizonezkoa, zuria, heterosexuala, bizitza afektibo-sozial nahikoa konbentzionala daramana. Zer egin dizugu hain gordin erretrata gaitzazun?

Toki guzietan aipatzen ari naizen idazlea da Sergi Pàmies; elkarrizketa batean, hark erran zuen zutabe bat idazteko, aukeran, nahiago zuela gaia aldez aitzinetik ematen bazioten, gaia asmatzen ibili baino. Ni ere alfer samarra naiz, eta berrogeitaka urteko gizonezko zuri heterosexualen konbentzionaltasunaz idazteak eskatzen zidan lan gutien, ni neroni sartzen bainaiz talde horretan eta, hortaz, franko ongi ezagutzen dut. Bertzalde, konbentzionalasuna anitz interesatzen zitzaidan: gaur egun, iduri luke mundu guziak glamur handia duela, eta abentura gogoangarriz beteriko bizimodua duela. Bada, nire pertsonaiek ez; errutinan, zorrotz arauturiko bizimoduan, asperduran harrapatuak daude eta ezin ihes egin dute. 

Hain justu, ispilu aurrean jartzen duzu, ez bakarrik gizon mota hori, baizik eta belaunaldi oso bat, zalantzatia, erabakimen handirik gabea, lotura ahul-zaurgarrikoa.

Hitz potoloak dira horiek. Baliteke belaunaldi bat hor egotea, ez dakit. Baina, egotekotan, zuk aipatu dituzun ezaugarri horiek ditu.

Haurtzaroari ere begiratzen diozu hainbat ipuinetan, ez iragarkietan bezala, ez bereziki samur.

Orokorrean, ez dut uste ipuinetan dagoen begirada bereziki samurra denik, eta haurtzaroaren gainekoa ere hor sartuko litzateke. Narrazio gehienetan umorea bada, ironia ere bai, baina normalean umore mingotsa izaten da. W.G. Sebaldek badu liburu bat, Austriako literaturari eskainitako artikuluak biltzen dituena, Zoritxarraren deskripzioa izenekoa. Peter Handkek ere Zoritxar perfektua izeneko nobela labur bat idatzi zuen. Erakartzen nauten izenburuak dira; literarioki, zoritxarra interesgarriagoa iduritzen zait, zoriona baino, eta segur aski horregatik liburuko pertsonaia gehien-gehienak zoritxarretik hurbilago dabiltza zorionetik baino. Bertzalde, bada topiko bat dioena euskal literatura tristea dela, eta ez gara orain topikoak hausten hasiko…

Zentzu horretan, eritasuna -fisiko, mental, soziala- oso presente dago; gizarte osasuntsu, eredugarri, arrakalarik gabearen ifrentzu?

Hala ikusten dut nik. Maiz, alferrik ari diren pertsonaiak ikusten ditugu ipuin hauetan: idazle izaten saiatzen dira, edo idatzi zuten lehen ipuin perfektu hura gainditzen, edo aspaldiko mamu bat aurkitzen, eta porrot egiten dute. Bitxiena da, niretako bederen, orain ikusten dudala gai batzuk errepikatzen direla ipuin batetik bertzera; ez da aldez aitzinetik planteaturiko zerbait, horrela gertatu den zerbait baizik. Horrek erakusten du, nik uste, denbora luzean nirekin egon diren gaiak direla, eta agian pertsonaia batzuek nigandik dezente badutela. Eritasuna aipatu duzu: mmm… beharbada kezkatzen hasi beharko nuke…

Idazletza ere bai, modu ez batere loriatsuan, sarri kokatu ohi den aldaretik urrun.

Bai, bigarren mailako idazleak dira nireak, porrot egindakoak, edo lortu duten arrakasta ttikia neurri gabe puzten dutenak, edo erdietsi duten arrakasta errealarekin gustura bizi ez direnak. Istorio horietan puntu ironiko bat bada: pertsonaiek gauzak egiten dituzte zerbait lortu nahian, baina normalean kontrakoa lortzen dute, edo espero edo nahi ez zuten zerbait. Arrunt gustuko ditut horrelako pertsonaiak eginahal guziak eginda ere emaitza aldrebesak bertzerik biltzen ez dutenak; Coen anaien filmak –arras gogoko ditudanak– horrelako pertsonaiez, arrakala ironiko horretan bizi diren pertsonaiez alegia, beteak daude.

Ipuinotan nahasten dira oinarri errealista, fantasia ukitu batzuekin; tradizio literarioa, gehi kultura popularreko erreferentziak; ez bakar batetik, hainbat iturritatik edaten dute?

Dispertsioa da nire akats eta, aldi berean, nire bertute handienetarik. Gauza anitz gustatzen zaizkit, gauza anitzek erakartzen naute. Gustuko dut kultura popularra, batez ere komikiak eta zinema –zenbat eta frikiagoa, orduan eta hobe–, baina goi mailako kultura –edo deitu nahi duzun bezala– ere bai, bistan dena. Adibidez, ikusi dut Twitterren aipatu dutela nire ipuinetan joko borgestarrak daudela, eta horrek poz handia eman dit.

Hitchcocken zale irudikatzen zaitut, egiazko idazlearen antz handia leukakeen pertsonaia baten agerpenengatik.

Nahiz eta ez nuen Hitchcock buruan, ipuinetan bi kameo egin ditut, zuzendari britainiarrak bere filmetan egiten zuen bezala. Ezagutzen nauten irakurleei eginiko keinuak dira, eta, aldi berean, distantzia pixka bat hartzeko balio izan didate. Alegia, nire ipuinetako pertsonaiak ez dira ni, zeren ni ere bi ipuinetan agertzen bainaiz.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina