Anjel Lertxundi: “Fragmentoak asko du leihoak zabalik dituen gelatxo batetik”

Desertuan behatxuloa argitaratu du Anjel Lertxundik Alberdaniaren eskutik. Hainbat gairi buruzko gogoetak bildu ditu, teselatan, eta orain arte erakutsi gabeko alderdiak agerrarazi.

Elkarrizketa hau egiteko eskatu zidatenean, Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bechek esan zidan liburu honek bazuela alde nabarmen bat zure aurreko saiakerekin konparatuz gero: «zeu» agertzen zinela, aurrekoetan inoiz ez bezala. Irakurri ostean, uste dut ados nagoela harekin. Liburuan diozu: «Burutik pasatu zait ez nagoela adin txarrean cauto bizi eta pericolosamente idazteko». Pentsakizun horren ondorioa da liburu hau? Zeu agertzearekin edo erakustearekin lotuta dago hausnarketa?

Pentsakizun horren ondorioa baino gehiago, hasiera. Cauto bizi zure gorputza zainduz, eta pericoloso jardun nire lanean, arriskatuz, neuretik jardunez. Imajinatzen dut hori esan nahi zuela Jorgek. Liburuari ekin nionean, oso lauso ikusten nuen jarrera hori ez beste guztia. Formalki, garbi samar neukan zer nahi nuen, eta edukiaren aldetik banituen ideia eta obsesio batzuk, hainbat kezka, biluztera behartuko nindutenak. Ez nien uko egin nahi, zernahi izango zelarik ere aterako zitzaidan liburua. Euskarri gutxi, ezer finkorik ez.

Egia esateko, eta gehienetan bezala, liburu honekin ere ezer planifikatu gabe hasi nintzen: memoria eta esperientzia propiotik abiatuz baina memoria-liburu konbentzional batetik ihes eginez, katuek uretatik nola. Pandemia baino lehenago hasi nintzen liburuarekin, baina pandemiarekin, ikusita nire ohiko konfinamendu profesionala konfinamendu derrigorrezkoa eta orokorra bihurtu zela, behatxulo bat imajinatu nuen nire eta guztion baitako desertuaren erdian. Ez nekien, noski, liburuak izen hori eremango zuenik, baina behatxuloaren irudiarekin egin dut ia bidaia osoa. Behatxulo txiki partikular horretatik ikusitako eta egindako planoak dira testuak: narratzaileak, diskurtsiboak, hausnartzaileak, poetikoak… Plano zinematografiko general batzuk oso plano laburrekin  konbinatuz osatutako  mosaiko bat. Nik hala ikusten dut behintzat.

Liburuan presentzia nabarmena du pandemiak, derrigorrezko konfinamenduak zein konfinamendu hautatuak. Nola eta zertan eragin du zure prozesuan zein hausnarketetan?

Konfinamendua ez zitzaidan arrotza, ez zait kostatzen bakartzea, ia beti bezain libre sentitzen nintzen. Baina alde bat zegoen: liburuan bete-betean sartu nintzenean,  mundu osoa zegoen konfinatuta. Irudi horrek askorako eman zidan. Ni libreki konfinatu izan naiz beti hausnartzeko, interesgarriak bururatzen zaizkidan ideiei eta imajinei bueltak emateko, mundua pentsatzeko. Konturatu nintzen konfinamenduan jende guztia zegoela gutxi-asko nire ohiko tenorean, inoiz egon ez zen tesitura batean: pentsatzen, zergatiei bueltaka, bizitzari buruzko hausnarketa egiten. Zein gurasok ez du, bere haurrei begira jarri eta haien etorkizun beltza imajinatu, beldurra sentitu? Horra meditatzera batere emana ez den zibilizazio oso bat, bere baitara bilduta eta meditatzen ohikoak ez diren kezken gainean… Jendea bere baitara bilduta: indar handia du imajinak, areago kontuan hartzen bada baita badela etxearen sinonimoa ere. Nire baitara biltzen naizenean, nire etxe etxeenean sartzen naiz, nire pentsatzeko eta deliberatzeko txoko propioan nago, askatasuna eta askatasunez bizi nahiari bueltaka.  

Hainbat gai lantzen dira liburuan. Horietako batzuk aipatu nahi nituzke. Atzera begiratzen duzu liburuan, besteak beste, erlijioak zure haurtzaroan izandako eraginari eta hartatik urruntzeko hautuari buruz mintz—o zara, eta gaur egun elizak duen botereaz eta lekuaz.

Dudarik ez dago erlijioak nire belaunaldia eta aurrekoak markatu zituela. Sakristia erraldoi bat zen gure gizartea. Mendeetan izan da hala, batez ere herri txikietan eta eskola handirik gabeko etxeetan. Elizak gure bizitzaren zirrikitu guztiak kontrolatzen zituen. Mundu hartatik nator, asko markatu ninduen, nahiz gaur urruti sentitzen naizen. Baina ez kezkarik gabe, eta ez naiz fede kontuez ari, bizitza politikoaz eta sozialaz baizik: elizaren botereak bizirik segitzen du. Estatua, praktikan, ez da laikoa, Konkordatua indarrean dago. Zein zaila den beste giza organizazio bati barkatuko ez litzaizkiokeenak –pederastia, inmatrikulazioak…– elizari ere kontuak eskatzen hastea. Zein barkaberak garen, elizarekin sartzeak beldur sakrilego halako bat eragingo baligu bezala. Bestalde, bada gizartearen parte handi bat eliza existituko ez balitz bezala bizi dena. Baina existitzen da. Eta botere handia izaten segitzen du, gure omisioz, gorabehera guztiz laikoen kudeaketan.

Zahartzearen ondorioak ere aipatzen dituzu: aje fisikoak, adibidez. Baina, horietaz aparte, pozak. Gogora ekarri dit Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua; esaten zuen zahartzaroa soilik gauza txarrekin lotzea gehiegi sinplifikatzea dela.

Bai, argitaratu zenean pozik txalotu nuen Mari Luz Estebanen liburua. Ausarta eta ondradua iruditu zitzaidan. Eta baita berria ere: zahartzaroaz jarduteko Estebanen behatxulo originalak erakarri ninduen gehien.

Oso oraingoa da zahartzaroaren guztia beltz, itsusi, dekadente ikustearena: gaurko gizarteak ez du zahartzaroa maite, pandemiaren historia egiten denean seguru geldituko dela orban eskandalagarri baten moduan zahar askoren abandonua, non, eta haien babesleku omen diren zaharretxe askotan. Jaiotzen garen unetik hasten gara zahartzen, baina gaurko gizarteari dagokionez, badirudi gaztaroak ez duela azkenik; neurriz kanpokoa da gazte izaten segitzeko afana, gazte-itxura gorde beharra patetikoa bihurtzeraino; gure izaera hauskor galkorra onartu ezinak ez gaitu, ordea, hauskor galkorrak izatetik libratzen. Gazte pinpirin uste asko ikusten dut nire belaunaldiko asko baino zaharrago ideietan, jokabidean, jarrera sozialetan. Harira dator Mari Luz Estebanen hitzen irmotasun adinik gabea: «Andrezaharra naiz, hezur-haragizko gizakia, baina aldi berean metafora, figura poetiko-politikoa».

Gaur egungo gizartearekin kritiko ageri zara orobat; aletzen dituzu, besteak beste: kapitalismoak ekarritako diruaren gurtza, filosofiarik gabeko zientzia, humanismoaren desagerpena, Europako herritarren artean zabaldutako indibidualismoa, norbere zilborrari bakarrik begiratzea…

Beharko kritiko izan. Ez dakidana da pesimista bihurtzen ari ote naizen. Agian bai. Entzuten ez dakien gizarte bat bihurtu gara, eta entzuten ez den tokietan –familian, bikotean, lagunartean, herrian, politikan…– oso da zaila, seguru asko ezinezkoa, ezer positiborik, iraunkorrik lortzea. Entzun nahi ez duena harroa da, eta harroak ez du ezer eraiki nahi ez bada bakarrik, bere nahiei amen esateko behar ditu besteak.  Jarri bilera batean, kirol-talde batean edo parlamentuan entzuten ez dakien jendea. Porrota segurua da.  Ez nago sare sozialen kontra, giza asmakizunek beti dute alderen bat ona, baina haietan irakurtzen eta entzuten diren asko gorren arteko jardunak ematen dute sarri, eta, eskarmentuz, badakit zer dakarren gorreriak: gor batek, gutxi entzuteaz gainera, sarritan oker interpretatzen du esaten zaiona, eta isolatu egiten da. Gorreriarena gure gizartearen metafora bat izan liteke.

Amaitu aurretik, liburuaren egituraz ere aipatu nahi nuke. Teselaz osatua dago, eta hainbat autoreren aipuak agertzen dira –egunkariko zutabeak gogorarazi dizkit alde horretatik–. «Seguruago sentitzen naiz zalantzan», diozu liburuan. Egitura fragmentarioa kontraesanen eta erdibideko ideien lanketa horrekin lotuta dagoela iruditu zait.

Bai, fragmentoak asko du leihoak zabalik dituen gelatxo batetik. Airea sartu-irtenean dabil etengabe, ez dio uzten loditzen, pisutzen. Saiakerarekin zerikusia duten liburu asko konpartimendu itxiak dira, tesi baten mezulariak, zerbaiti buruzko ideia bat frogatu nahiaren emaitzak. Irakurleak jaso egiten du, eta eman oso gutxi, gaiaren klabeak eta garapena autorearenak direlako ia beren osoan. Testu fragmentarioetan, ordea, irakurlea askeago da, aukeratzen du testu bat, egiten du batetik bestera jauzi, ideien desplazamenduak eragiten ditu batetik bestera gure buruak ere egiten duen moduan… Horrek ez du esan nahi liburu fragmentatu batek batasunik ez duenik, baina testuen arteko lotura askotan ez da logikoa eta ebidentea, intuitiboa edo poetikoa baino. Horretan saiatu naiz behintzat, eta saio horretan asko lagundu dit Juan Kruz Igerabidek, iradokizunak eginez han-hemen, zati batzuk kentzeko aholkatuz oreka emateko osotasunari, eta abar. Labur esateko, editore literario on baten lana eginez.

Besterik aipatu nahi zenuke?

Arte kontuetan ere inperfekzioa dugu bidaide, gogoratzeak batere kalterik ez.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina