Poetaren musika emari bildua

Xabier Leteren kantutegi musikal poetikoa biltzen duen antologia da Ni naiz, ibilbide oparo bat ardazten duten 22 piezaz osatua

Neguarekin joan zen Xabier Lete, orain dela hamar urte, 2010eko abenduaren 4an. Haren inguruko lanak ugaritzen ari dira aurten, heriotzaren urtemugaren abarora. Bere poetikaren eta idazle lanaren ingurukoak izan dira zenbait, eta orain, aldiz, haren kantugintza zabalaren bilduma antologikoa argitaratu du Elkarrek. Oraintsu arte Elkar diskoetxeko arduradun izan da Anjel Valdesek eta honela idatzi du antologiak dakarren liburuxka mardulean: “Bere kantutegiaren bidez Xabier Leterengana hurbiltzen garenean, konposizio poetiko-musikaletarako duen talentu erraldoiari erreparatu ez ezik, haren pentsamendu sakonaren mamiaz ere jabetzen gara”.

Bi cd-tan bilduta 22 kantuz osaturiko antologia lana da, Xabier Leteren bakarkako lan ugarietatik erauzitako 22 pieza. Beste asko ere izan zitezkeen, baina ibilbide baten arrasto-ardatz nagusiak ezaugarritzen dituzte. 60-70 hamarkadetan Herri-gogoa eta Artezi diskoetxeetan argitaratu diskoetatik, eta gerora Elkar diskoetxean plazaratuetatik aukeratuak, nagusiki. Ez alferrik, bilduma eta lehen cd-a hasten da Letek berak bere buruaz egindako deskripzio poetikoarekin, 1974ko Xabier Lete izenburuko diskoko Ni naiz enblematikoarekin, eta amaitzen da 1992ko Hurbil iragana diskoko Xalbadorren heriotza-rekin. Eta tartean dira Izarren hautsa (Kantatzera noazu, 1976), Haizea dator Ifarraldetik (Lore bat zauri bat, 1978), Ez dut amets haundirik (Kantatzera noazu, 1976), Neguaren zai (Eskeintza, 1991), San Martin, azken larrosa (Hurbil iragana, 1992), Errota zaharra (1965- 1968 artean Loiolako Herri Irratian Joxemari Iriondok erregistratutako saioetatik aukeratua da), Habanera (Eskeintza, 1991) eta Itsasoan urak handi (Kantatzera noazu, 1976).

Antologia osatzen duen liburuxkako testuak idatzi eta apailatzeaz Juan Luis Zabala kazetaria eta idazlea arduratu da: Xabier Leteren kronologia, biografia, Antton Valverderen testigantza hurbila eta dokumentazio gehigarriaren bilketa egin ditu, hain zuzen ere; Leteren ibilbideko unerik goraipagarrienak jaso eta dagozkien testuinguruan kokatzen dituzte, kantariaren urratsak azpimarratuz.

Bigarren cd-an 12 pieza datoz. Nafarroa arragoa-rekin (Hurbil iragana, 1992) zabaltzen da diskoa eta Kontrapas-ekin itxi. 1978an San Mames futbol zelaian antolatu eta Xoxoa argitaletxeak argiratu Bai Euskarari ekitaldiaren grabaketatik jasotako kantua da azken hori. Eta, bi horiez gain, honako beste hauek osatzen dute lana: Izotz ondoko eguzki, Altzateko jaun eta Ondar gorri (Xabier Lete, 1974), Euskalerri nerea eta Seaska kanta (Lourdes Iriondo-Xabier Lete, 1969), Langile baten seme (Kantatzera noazu, 1976), Lore bat zauri bat eta Ideologia, teologia (Lore bat, zauri bat; 1978), Ez esan maite (Eskeintza, 1991) eta Kate (Ez Dok Amairuk sortutako Baga-Biga-Higa sentikariaren grabaketatik jasoa, 1971).

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin