Martin Martina: Gaztetxoentzako fantasiazko trilogia
Amancay Gaztañagak sorturiko Martin Martina trilogiaren lehenengo liburua argitaratu du Elkar argitaletxeak: Urrezko orraziaren misterioa. Gaztetxoei zuzendutako sail honetan, abentura eta fantasia uztartzen dira, euskal mitologia erdigunean jarriz.
Trilogiak pertsonaia intersexual bat du protagonista: Martin Martina. Idazleak ezberdintasunean dagoen aberastasuna ekarri nahi izan du erdigunera, baita ingurumenaren eta globalizazioaren inguruko hausnarketa ere. Mitologiak edo erlijioek leku berezia dute proiektu honetan, antzinako erlijioaren ezagutzak du en garrantzia aditzera emanez.
Lehenengo istorioan, institutuko zuzendariak aitona amonen gazteluan uda pasatzera zigortu du Martin Martina, eta iritsi orduko konturatuko da ezer ez dela pentsatu bezala. Gazteluaren hormek isilean gordetzen dituzte hainbat sekretu, igarkizun bat baino gehiago eta lapurreta bat; baita maitasun apur bat ere. Irakurleak azkeneraino iritsi beharko du jakiteko laminen urrezko orrazia nork eta zertarako lapurtu duen.
Bigarren liburuak Sorginen batzarra du izenburu. Izaki beldurgarri baten erruz, herri osoa aztikeria baten eraginpean dago. Martin Martinak eta lagunarteak aurre egin beharko diote egoerari, lapurreta bat ikertzen duten bitartean. Ezinbestekoa izango dute sorginen laguntza. Haurtzarotik nerabezarora eta nerabezarotik helduen mundura pasatzean bizi diren beldurrei buruz ko metafora da istorioa, haurra izateari uztean bizitzen den doluarena.
Gauekoak izenburupean argitaratuko da, berandu gabe, sorta honetako hirugarren liburua. Lehenengo bietan abiatutako trama luzeari emango zaio interbidea. Natura zaintzearen beharra azpimarratu eta gure kultura ongi gorde behar den altxorra dela gogoraraziko digu.